Itsaso Hila ez da lurreko punturik sakonena

Orain arte Itsaso Hila lurreko punturik sakonena zela uste zen. Neurketa berriek hori horrela ez dela azaldu dute.

Itsaso Hila gure planetan den lekurik ikusgarrienetako bat da. Israel, Palestina (Zisjordania) eta Jordaniaren artean kokatuta, Itsaso Hila ezaguna da bertako urek duten gazitasun-maila altuagatik: 1,24 kilo gatz litro bakoitzeko. Gazitasun-maila altu horren ondorioz, bertako urek oso dentsitate handia dute eta gizakion gorputzek dentsitate txikiagoa dutenez, esfortzu handirik gabe flota dezakegu bere uretan. Itsaso izena jarri bazaio ere, Itsaso Hila 800 kilometro koadro inguru dituen laku endorreiko bat da. Endorreiko hitzak adierazten du lakuak ez duela irteerarik, hau da, nagusiki Jordan ibaitik iristen den urarekin batera isurtzen diren mineralak bertan geratzen dira.

Itsaso Hilak badu beste berezitasun bat: itsasoaren maila baino 420 metro inguru beherago dago eta, duela gutxi arte, planetako lurreko punturik sakonena zela uste izan da. Izan ere, Antartikako ekialdean egin diren zenbait neurketen ondorioz, ikusi da ‘ohore’ hori Denman glaziarrari dagokiola. Izotzez betetako arroila hori itsasoaren mailatik 3,5 kilometrotara iristen da. Ozeanoetan bakarrik aurki daitezke hain bailara sakonak. Aurkikuntza berria BedMachine Antarctic izeneko Antartikako mapa berri batean dago. Mapa horretan izotz-geruzaren azpian den arrokaren forma erakusten da, aurrekaririk gabeko xehetasun-mailarekin.

Denman glaziarreko arroka-ohantzearen sakonera kalkulatzeko, adituek fisikaren printzipio batzuetara jo behar izan dute. Adibidez, haran estu batean zenbat izotz sartzen ari den eta zein azkar ari den mugitzen jakinez gero, izotz masa horren bolumena kalkula daiteke, ibarraren hondo ezkutuaren sakontasunaren eta laztasunaren berri emanez. Sistema hori erabiliz, zientzialariek kalkulatu dute glaziarrak 20 kilometro inguruko zabalera duela eta arroka-ohantzea itsasoaren maila baino 3.500 metro beherago dagoela.

Hori bai, planetaren punturik sakonena berean mantentzen da. Kasu horretan, itsasoaren maila baino 11.000 metro beherago dagoen Marianetako itsas hobiak izaten jarraitzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.