Abian da “Euskara ahora” kanpainaren edizio berri bat

Helduak euskara ikastera bultzatu nahi dituen kanpainarekin batera, euskara ikasleentzako laguntza lerro berriak aurkeztu dira

  Egilea: Jon Mikel Zabalegi
  Argazkia: Mikel Saiz
  Bideoa: Navarra.es
  Hitz kopurua: 391
  Irakurketa denbora: 2 Minutu

Euskarabideak antolatuta, abian da Nafarroan euskara ikasten ari diren pertsona heldu guztiei laguntzea helburu duen ‘Euskara ahora’ programaren edizio berri bat. 2024-25 ikasturtean, 5.500 pertsona inguru ari dira euskara ikasten euskaltegietan eta hastear den ikasturteari begira, A1 mailan batez ere, euskararen irakaskuntzaren doakotasunean urrats handiak egin dira. Kanpaina berrian, Euskarabidearekin batera, 34 toki-erakunde eta Zubiarte euskaltegi publikoa, hizkuntza-eskola ofizialak eta AEK, IKA eta bai&by erakundeetako euskaltegiak parte hartzen ari dira.



Kanpaina irailean zehar garatuko da, euskaltegietako matrikula-kanpainarekin bat eginez. Horretarako, iragarkiak txertatuko dira sare sozialetan, markesinetan, NUPen Arrosadiko Campusean, egunkarietan nahiz tokiko aldizkarietan. Bainera, nobedade gisa, atzerritar jatorria duten herritarrak erakartzeko asmoz, kanpaina hizkuntza ezberdinak erabiliko dira, hala nola ingelesa, frantsesa, arabiera eta bulgariera. Kanpainaren aurrekontua 45.000 eurokoa da.

Ingura

Kanpainaren aurkezpen-ekitaldian Ana Ollo kontseilariak Ingura plataforma digital publikoaren berri eman du. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak garatu duten Eusguneak proiektuaren barruan garatzen den Ingura plataformak euskararen ikaskuntza guztien esku jartzen du. Une honetan, adibidez, A1 maila egiteko aukera dago eta, horrez gain, euskaltegietan izena emanda, ikastaroa tutoretzapean egiteko aukera ere izango da.

Ikasturte berrirako dirulaguntzak

Hastear den ikasturteari begira, Euskarabideak doakotasunaren alde egindako urratsak aurkeztu ditu. Zentzu horretan, euskara ikasten hasten diren horiei lehentasuna emango zaiela iragarri da, hots, A1 mailan diren horiei. Egoera horretan diren ikasleek % 100era arteko laguntzak lortzeko aukera izango dute eta, gainontzeko mailetan, berriz, 475 eurora arteko dirulaguntzak jaso ahal izango dira aurrez aurreko ikastaroetan. Euskarabideak eskaintzen dituen laguntzak bateragarriak dira toki-entitateek, hala nola udalek, ematen dituzten laguntzekin. euskara iraupen laburreko ikastaroen bidez, barnetegien bidez edo beste edozein modalitateren bidez ikasten duten pertsona guztiek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek.

Aurreko urteetan ez bezala, administrazio publikoan lan egiten duten langileek ere laguntza horiek eskatu ahal izango dituzte.

Euskararen ikaskuntza laguntzeko bideratuko den aurrekontua 560.000 eurokoa izango da, hots, iaz baino 210.000 euro gehiago. Laguntza jasotzen duten ikasleek bi epetan jasoko dute ordainketa: lehena, abenduan eta bigarrena, ikasturtearen amaieran.



Ikastaroen hasiera eta amaiera kontuan hartuta, laguntzak bi modalitatetan banatu dira. Lehendabizikoa, A modalitatea, 2025eko urtarrilaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean hasi eta 2025eko irailaren 30ean amaitutako ikastaroak; bigarrena, B modalitatea, 2025eko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako eta 2026ko ekainaren 30ean amaitutako ikastaroak izango dira. B modalitatean eskaerak aurkezteko epea irailaren 1etik urriaren 31ra arte egonen da zabalik.