
Egilea: Lohizune Loroño
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 309
Irakurketa denbora: 2 Minutu
Testu honi hasiera ematen dion lerroburua ikusita imajinatuko zenuten bezala, maitasun-harreman guztiak ez dira osasuntsuak. Funtsean, harremanak osasuntsuak izateko amodioan eta errespetuan oinarritu behar dira eta gatazkak daudenean, maitasun-harreman osasuntsuetan ere gatazkak daudelako, horiek modu konstruktiboan konpontzen dira. Izan ere, gure artean bada halako ametsezko ideia bat, non uste den elkar maite duten bi pertsonak ez dutela eztabaidatzen. Hori ez da horrela eta, eztabaidatzea, modu zuzenean konpontzen bada, aberasgarria ere izan daiteke. Horretarako, sor daitezkeen arazoak hitz eginez konpondu behar dira bikotekidearen ikuspegia onartuz eta errespetatuz. Gatazkak ez badira modu egokian konpontzen bi aukera daude: harremana etetea edo profesional baten laguntza eskatzea.
Garbi dago inork ez dituela gustuko bikotekidearekin izan ohi diren gatazkak. Horrelakoetan, kontuan izan behar dugu horietako askok ez dutela berehalako konponketarik behar. Bikotekidearekin izan ohi diren eztabaidetan funtsekoa da ulertuak sentitzea eta egia osoaren jabe ez garela ohartzea. Oinarri horretatik abiatuta, normalean, konponbidea berez iritsiko da. Izan ere, askok kontrakoa uste duten arren, arrazoia izateak ez du irtenbide komun edo adostu batera eramaten.
Komunikazioa
Maitasun-harreman osasuntsu batean bikotekideek beren grinak eta itxaropenak ezagutzen dituzte eta horiek modu argian adierazi ahal dituzte. Sarritan, espero ohi da bikotekideak desio horiei aurre hartzea eta betetzea eta, horrela gertatzen ez bada, etsipena azaltzen da. Itxaropenak eta etsipenak zuzenean komunikatzen ez badira, bikotekideen arteko arrakala gaindiezina bilaka daiteke. Horregatik, esan bezala, funtsezkoa da komunikazio argi eta zintzo bat izatea.
Baina imajina dezagun bikotekide batek bere desira eta beharrak argi azaldu dituela eta beste bikotekideak ez dituela horiek bete nahi. Kasu horretan ere, funtsezkoa da muga horien inguruan ere hitz egitea. Izan ere, argi izan behar dugu bikotekideak ez daudela soilik gure desira eta beharrak etengabe asetzeko. Hortaz, komunikazioa beharrezkoa da grinak eta beharrak komunikatzeko, eta horiek betetzeko arazoak daudela azaltzeko. Izan ere, harreman osasuntsu batean ezezkoak kudeatzea ere garrantzitsua da.