Online erosketa seguruak

Saltzailearen webgunea egiaztatzea, segurua den ordainketa-sistema bat aukeratzea eta gure gailuak eguneratuta mantentzea gutxieneko urratsak dira sorpresak ekiditeko

  Egilea: Jose Poza
  Argazkia: shutterstock.com
  Inforgrafiak: Jose Poza
  Hitz kopurua: 523
  Irakurketa denbora: 3 Minutu

Internet bidezko erosketak gero eta ohikoagoak dira milioika pertsonentzat. 2023ko datuen arabera, Euskadin, merkataritza elektronikoaren bidez egindako salerosketak 30. mila milioi eurotik gorakoak izan ziren  lehen aldiz, eta % 12,8  hazi ziren aurreko urtearekin alderatuta.

Lehen ez bezala, euskaldunok ez ditugu online erosketak urtarrileko beherapenak edo Black Friday bezalako data zehatzetan egiten. Asko dira ia erosketa guztiak online egiten dituztenak: arropa, dekorazioa, higiene-produktuak eta supermerkatuko erosketak. Erosotasunari eta eskaintza esklusiboei esker, kontsumitzeko modu hori oso erakargarria egiten zaie pertsona askori. Hala ere, online salerosketen igoerarekin batera, iruzurren eta datu pertsonalen lapurreten kopuruak ere nabarmen egin du gora. Izan ere, zibergaizkileak maukak aurkitzeko gogoaz baliatzen dira gero eta sofistikatuagoak diren iruzurrak garatzeko.

Webgune arriskutsuak hauteman

WhatsApp bidez iritsi zaizun deskontu hori edo oso ona dirudien eskaintza hori, segur aski, ez dira benetakoak. Zure datu pertsonalak webgune batean sartu baino lehen, honako hauek egiaztatu beharko zenituzke:

  • URLak emango dizu lehenengo pista. Seguruak diren webguneek ‘https’ hasiera izan beharko dute. ‘S’ hori funtsezkoa da eta, horrekin batera, kandadu bat azaldu ohi da. Ez da erabateko bermea, baina eska daitekeen gutxienekoa da.
  • Ondo aztertu domeinua. Gaizkileek ordezkatu nahi dituzten horien oso antzekoak diren izenak erabili ohi dituzte. Sarritan karaktere bakar bat aldatzen da.
  • Ezagunak ez dituzun online denden inguruko informazioa bilatu. Sare sozialetan edo sarean denda horren inguruko iruzkinak aurkitzen ez badituzu, ez zaitez fida. Fidagarriak diren enpresek egiaztatu daitekeen online presentzia izan ohi dute.
  • Eskaintza oso handiak edo neurriz kanpokoak iruzurraren ezaugarri izan ohi dira. iPhone telefono bat 50 euroren truke edo % 90eko deskontuak alarma guztiak pizteko moduko eskaintzak dira. Erosteko premia azaltzea (Hiru ala baino ez dira geratzen!) ere susmagarria izaten da.
Ordainketak

Behin saltzailea egiaztatuta, ordainketa modua ere ondo aukeratu beharko duzu. Ordainketa-metodo guztiek ez dute babes-maila bera eskaintzen.

  • Ekidin zuzeneko banku-transferentziak edo ofiziala ez den beste edozein ordainketa-plataforma. Saltzailea tematzen bada, bertan behar utzi erosketa.
  • Kreditu-txartelak sistema ona dira. Zordunketa-txartelek baino babes legal hobea eskaini ohi dute eta iruzurra ematen den kasuetan errazagoa izaten da dirua berreskuratzea.
  • Konfiantzazkoak diren bitartekariak erabili, hala nola, Paypal, Google Pay edo Apple Pay. Zure banketxearen eta saltzailearen arteko bitartekari seguruak dira.
  • Banketxearen aplikazioan bi urratseko autentifikazioa (2FA) aktibatu. Modu horretan, zure mugikorretik egite diren erosketa guztiak konfirmatu beharko dituzu, baimendutako karguak ekidinez.
Gailuen babesa

Segurtasunaren ikuspegitik, non erosten duzun bezain garrantzitsua da nola erosten duzun.

  • Gailuak eguneratu: mugikorra, ordenagailua, aplikazioak eta nabigatzailea. Eguneraketekin gaizkileek aprobetxatu ohi dituzten segurtasun-akatsak zuzendu ohi dira.
  • Ez erosi irekiak diren Wi-Fi sareak erabiliz, segurtasun-maila oso txikia izaten dutelako eta eraso asko horietatik ematen direlako. Posible izanez gero, datuak edo sare pribatu bat erabili.
  • Pasahitz seguruak erabili, bakarrak zerbitzu bakoitzerako. Pasahitzak kudeatzeko diren aplikazioek lan hori erraztuko dizute.
Erosotasunaren prezioa

Online erosketen igoerarekin batera ziber-erasoek ere gora egin dute. Gutxieneko neurriak hartzen ez badira horrelako erosketak arazo bilaka daitezke. Zorionez, arduratsu jokatuz gero, horrelako iruzur gehienak erraz hauteman daitezke. Saltzailearen webgunea egiaztatzea, segurua den ordainketa-sistema bat aukeratzea eta gure gailuak eguneratuta mantentzea gutxieneko urratsak dira sorpresak ekiditeko. Izan ere, online erosketak egiteko ez gara zibersegurtasunean adituak izan behar; nahikoa da sen ona izatea, arduratsua izatea eta gutxieneko arau batzuk jarraitzea.