Iñigo Arandia. kaixomaitia.eus

Burutu duzuen azterlanak harreman afektibo eta sexualetan sakontzea izan du helburu. Zein nolako ardatzetan oinarritu da? (Azterlanaren emaitzak ikusteko sakatu hemen)
Sexuak garrantzi handi du gure artean; asko hitz egiten da horren inguruan baina, aldi berean, horren inguruko datu zehatz gutxi daude. Gure xedea ikerketa serio eta potente bat egitea izan da. Guztira 1500 erantzun inguru jaso ditugu online. Gainera, oso azterlan sakona egin nahi izan dugu eta, horregatik, 73 galderetako galdetegia prestatu genuen. Azterlanak lau gai nagusi aztertu nahi izan ditu: bizitza afektiboa, bizitza sexuala, Internet bidezko harremanak eta leialtasuna.

Horrelako ikerketa bat abian jarri aurretik, seguruenik, nolabaiteko emaitzak lortuko zenituztela esperoko zenuten. Ba al da ikerlan horretan harridura sortu dizuen ondorioren bat?
Horrelako ikerketetan ondorioek zure aurreikuspena justifikatzeko balio izaten dute eta bada hor nolabaiteko auto-engainua. Hala ere, egia da lortutako emaitzek ez digutela harridura handirik sortu. Zerbait azpimarratzekotan, emakume eta gizonezkoen arteko oreka azpimarratuko nuke. Izan ere, beti entzun izan dugu gizonezkoek izaki sexualagoak garela eta sexuaren behar handiagoa omen dugula. Gure ikerketan, berriz, ez da halako alderik azaltzen eta sexualki nahikoa berdintsuak garela ondoriozta daiteke. Onerako harritu gaitu, adibidez, sexu bereko harremanekiko azaldu den irekidura, batez ere, gazte eta emakumezkoen artean. Horrela, bere burua heterosexualtzat jotzen dituztenen artean % 14k sexu bereko pertsona batekin harremanak izango lituzkeela adierazi du.

Nola burutu duzue azterlana? Zein nolako pertsonek hartu dute parte bertan?
Inkesta Internet bidez burutu da eta hala nahi izan duten guztiek parte hartu ahal izan dute. Guk jarri dugun muga bakarra adinarena izan da eta, zentzu horretan, bakarrik 18 urtetik gorakoek parte hartzea eskatu dugu. Bestalde, Internetek berak bere mugak edo ohiturak dituenez, 60 urtetik gorako jende gutxik hartu du parte. Aztiker izan da lanaren inguruko aholkularitza teknikoa eman diguna eta, aldi berean, lortutako emaitza guztien haztapena ere egin du. Behin erantzunak jasota, Aztikerrek zehaztutako unibertsoa 18 eta 64 urte bitarteko hego Euskal Herriko euskaldunak lirateke. Hasieran unibertsoa zabalagoa izatea nahi genuen baina horixe izan da erantzunetan oinarrituta atera dena. Horrela, bestelako profilen erantzunak jaso ditugun arren, kopuruz adierazgarriak ez zirenez (adibidez, persona erdaldunak edota Iparraldekoak) kanpoan utzi behar izan ditugu. Gaineran, datuon balorazioan Euskal Herriko bilgune Feministak, Gehitu Elkarteak, Harremanak sexologia zerbitzuak eta Mikel Otxotorena Genero eta maskulinitate aholkulariak ere parte hartu dutela azpimarratu behar da.

Ba al da aurretik egin den antzeko ikerketarik gure artean? Ba al da datuak alderatzeko aukera ematen duen bestelako ikerketarik?
Guk dakigunez hauxe izan da Euskal Herrian ezaugarri horiekin egin den lehen azterlana. Egia da sexualitatearen inguruan hamaika ikerketa egin izan direla baina gure asmoa ez da horiek erreferentziatzat hartzea edota lortutako datuak alderatzea. Horretarako, etorkizunean inkesta hau errepikatu nahiko genuke eta, orduan bai, datu horiek guztiak alderatzeko aukera izango dugu.

Zuek ezagutzera eman dituzuen datuen arabera, batez beste, euskaldunok gure lehen harreman sexuala 18,9 urterekin izaten dugu. Gainera, lehen esperientzia hori gero eta lehenago izateko joera antzeman daitekeela ere adierazi duzue…
Emaitzak aztertzerakoan zenbait faktore hartu behar ditugu kontuan. Adibidez, terminologiari dagokionez, guk terminologia apropos utzi genuen irekia; hau da, lehen esperientzia sexuala esaten dugunean normalean jendeak koitoaz hitz egiten badu ere, parte-hartzaileen esku utzi dugu termino horren interpretazioa. Adinari dagokionez, berriz, baten batek pentsa dezake 18,9 urte oso adin altua dela lehen harreman sexuala izateko baina, kasu horretan, lehen aipatu dudan azterlanaren unibertsoa hartu behar dugu kontuan. Izan ere, ikerketa honetan oso adin desberdinetako pertsonek hartu dute parte eta, ikusi ahal izan dugunez, pertsona helduetan normalagoa zen lehen harreman hori beranduago izatea. Ikerketan jasotako datuen arabera, garbi dago lehen harreman hori gero eta lehenago izateko joera nagusitzen ari dela. Adibidez,18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 38k bere lehen harremana 16 urte bete aurretik izan duela adierazi du. Adin tarte altuagoetan ehuneko hori erdira murrizten da.

Ikerketaren arabera, harreman irekiekiko ere gero eta joera handiagoa omen dago…
Ikerketan jaso ditugun erantzunen arabera parte-hartzaileen artean harreman ireki bat izateko aukera zabaltzen ari da. Harreman irekien kontua, batez ere, gazteengan ikusten den kontua da, seguruenik, adin horietan harremanak ez direlako hain itxiak. Gazteria esperimentazio garai omen dela esan ohi da eta, horregatik, ‘behin betiko’ bikotekidea izan arte, harreman irekiak izaten ohi dira. 30 urtetik aurrera, berriz, harremanak itxiagoak edo egonkorragoak dira. 40 urtetik aurrera, eta nahiz eta harreman egonkor batean izan, nabariagoa da harreman ireki bat izateko desira. Baina, beste behin, datu horiek kontu handiz interpretatu behar dira gazteek, kasu gehienetan, etorkizunean harreman itxi bat izatea nahiago dutela azaltzen baitute.

Ikerketan masturbazioaren inguruko datuak ere jaso dituzue. Oro har, bai gizonezkoen artean zein emakumezkoen artean, nahikoa ehuneko handiak azaldu dira…
Gure artean, adibidez, hori ez da harridura sortu duen gai bat. Egia da kasu bietan ehunekoak nahikoa altuak direla eta, gainera, gizonezkoen kasuan, maiztasuna emakumeena baino handiagoa dela. Adina ere masturbazioan eragiten duen faktore garrantzitsua da eta, datuen arabera, zenbat eta helduago orduan eta masturbazio gutxiago. Azkenik, bikote itxia dutenak gutxiago masturbatzen direla ere esan daiteke.

Ikerketaren ardatzetako bat leialtasuna izan da. Oro har, euskaldunak leialak gara?
Hemen ere leialtasunaren definizioa irekia da eta jakin badakigu termino horrek karga moral handia duela. Oro har, euskaldunak leialak dira. Jasotako datuen arabera euskaldunen % 14a izan zaio desleiala egun duen bikoteari eta % 28a aurretik zuen beste bikote bati. Guztira, beraz, %42a izan da noizbait desleiala. Kopuru handia dela? Bada, agian bai, baina beste % 58a, berriz, leiala izan dela ere azpimarra daiteke. Alor horretan, gainera, bada datu interesgarri bat. Izan ere, bikotekidearekin adostuta izanez gero, euskaldunon % 51k harremanak izango lituzke hirugarren pertsona batekin. Horrek, nolabait aniztasunaren aldeko desira bat islatzen du. Era berean, bikotekidea jabetuko ez zela jakinez gero desleiala izango liratekeenen kopurua % 40 ingurukoa litzateke eta zalantzan edo ziur ez daudenak % 13.

Txostenean azaldu duzuenez gazteek, kasu ia gehienetan, nahiago dute izan daitezkeen desleialkeria edo desleialtasunen berri izatea…
Egia da gazteek desleialtasunen berri izateko interes handiagoa azaldu dutela, % 90 inguru, hain zuzen ere. Nola azaldu fenomeno hori? Gazterian, harremanak izaten hasten garenean, bada, inplizituki edo, harremanak itxiak izan behar dutenaren ideia eta horren inguruan paktu antzeko bat eraikitzen da. Agian, gazteek nahiago dute desleialtasunen berri izan paktu hori bertan behera utzi ahal izateko.

Inkestan harreman afektiboarekiko eta harreman sexualekiko gogobetetze edo asebetetze mailaren inguruan galdetu duzue. Jasotako datuetan, bi horien artean desdoitze bat dagoela ikus daiteke. Posible da afektiboki bikotearekin ondo izatea baina sexualki, ordea, ez?
Hori da ikerlan honetan nabarmentzen den ondorioetako bat. Ikerketaren arabera euskaldunok gusturago gaude gure bizitza afektiboarekin (6,9/10) gure bizitza sexualarekin baino (5,79/10). Ikerketaren arabera, gainera, maiteminduta daudela adierazten duten horiek asebetetze sexual handiagoa ere azaltzen dute (asebetetze maila altua dutenen artean % 70ak maiteminduta dagoela adierazten du). Azkenik, asebetetze edo zoriontasun sexuala harreman kopuruari ere lotuta azaltzen da; hots, zenbat eta sexu harreman gehiago izan orduan eta asebetetze maila altuagoa.

Kaixomaitia.eus euskaraz den harremanetarako webgunea da. Zein izango litzateke zuen kasuan euskarak zerbitzu horri ematen dion balio erantsia?
Gu euskaldunak gara eta euskaraz bizi nahi dugu. Zerbitzu hau 2007an jarri genuen martxan eta une horretan euskaraz ez zela halako zerbitzurik ikusi genuen. Hala nahi izanez gero, zerbitzua elebiduna eskaintzeko aukera genuen baina euskara hutsez atera nahi genuen. Garbi dugu elebiduna eginez gero gaztelania nagusituko zaiola euskarari eta, hain justu, hori da nahi ez duguna.

Gainera, gure kasuan, euskarak zerbitzuari halako balio erantsia ematen diola uste dugu. Bada halako ideia identitario bat eta, batez ere, epe luzerako harremanak bilatzen dituzten horientzat jende euskalduna aurkitzea plus bat da.

Zein nolako zerbitzuak eskaintzen dituzue?
Gure webgunea hiru atal nagusitan banatzen da. Alde batetik, online harremanetarako atala legoke.Atal hori, aldi berean, beste lau azpiataletan banatzen da. Lehenik eta behin, Kaixomaitia izeneko atala genuke. Bertan, amodio erromantiko ideal horren bila dabiltzanak ematen dute izena eta, gure kasuan, lagun gehien dituen atala da. Bada LGBT atal bat joera sexual horren barruan dauden lagunentzat eta beste bat 55 urtetik gorako lagunentzat. Eta azkenik, Maitalea izeneko atala genuke harreman sexual edo harreman irekien bila diren horientzat. Bigarren atal bat blogarena dugu; hausnarketarako eta informazioa zabaltzeko atala izango litzateke hori. Eta azkenik, Kaixomaitia ekintzak delakoa dugu. Azken horretan, pertsonen arteko harreman afektibo/sexualak sustatu nahi ditugu topaketa desberdinen bidez: sagardotegi, mendi irteerak, hitzaldiak, tailerrak… Jarduera horiek guztiak zabalik daude gure erabiltzaile zein kanpoko jendearentzat.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.