Gora egin du arabar gazteek egiten dituzten delituen kopuruak

Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren Oroitidazkiaren arabera, iaz arabar gazteek egindako delituen kopuruak gora egin zuen. Gainera, delitu horien izaera ere gogortu egin da eta, ondorioz, salatzen diren delituak gero eta larriagoak dira. Horien artean, azpimarratzekoak dira, adibidez, eskola-jazarpen kasuak, sexu askatasunaren eta nortasunaren aurkako delituak edo seme-alaben gurasoenganako indarkeria kasuak.

2016. urtean, Gasteizko Adingabeen Epaitegiak 122 epai eman zituen. Horietatik, 106 zigor-epaiak izan ziren. Gainera, 414 aurretiko eginbide zabaldu ziren.

Eskola jazarpen kasuei dagokionez, erasoak gero eta lehenago izaten direla ikusten da. Horrela, salaketa gehienak 11 eta 13 urte bitarteko nerabeen arteko jazarpenengatik jaso ziren. Sexu izaera duten delituen kasuan (zirriak, nagusiki) igoera nabarmena izan da. Zentzu horretan, 2015. urtean halako salaketarik izan ez zela azpimarratu behar da. Azkenik, gurasoekiko erasoen kopurua ere nabarmen hazi da, baina gero eta gehiago dira salaketa jartzen duten gurasoak.