Elkartasuna etxebizitzaren truke

‘Gazte Solidarioak’ programak 52 plaza eskaintzen ditu, alokairu partekatuan, hilean 55 euroko prezio sinbolikoan. Horren truke, gazteek proiektu komunitarioetan parte hartu beharko dute.

Graduondoko 52 ikasle gaztek Bilboko Udal Etxebizitzakek ‘Gazte Solidarioak’ programaren XII.  ediziorako bideratu dituen 20 etxebizitzetako batean plaza lortu dute. Horietatik guztietatik, gehienak UPV/EHUko ikasleak  dira, 43, hain zuzen ere. Besteak Deustuko Unibertsitatekoak (7) eta Mondragon Unibertsitatekoak (2) dira.

Gazte Solidarioak programak udal-etxebizitzak eskaintzen dizkie ikasleei alokairu partekatuan eta 55 euroko prezio sinbolikoan. Horrez gain, ikasleek argindarraren eta uraren gastuak ere ordaindu beharko dituzte. Eskaintzan diren etxebizitzek hornitutako sukaldea eta altzariak dituzte.

Horren truke, ikasleek proiektu komunitarioetan parte hartu beharko dute Otxarkoaga eta Bilbo Zaharra auzoetan. Izan ere, eskuratu dituzten etxebizitzak auzo horietan aurkitzen dira. Programarekin bate gin dute Bakuva, Claret Enea, Tximeleta eta Fundación Itaka elkarteek.

Programan parte hartzen ari diren ikasleen batez besteko adina 26 urtekoa da. Erdia baino gehiago (% 54,8) emakumeak dira. Programa martxan jarri zenetik 400 gaztek baino gehiagok parte hartu dute.