Nafarroako unibertsitarioen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko laguntzak

Onuradunek 100 euroko laguntza jasoko dute egonaldi hilabete bakoitzeko.

Nafarroako Gobernuak, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren bidez, 2021-22 ikasturtean unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasuna sustatzeko laguntza osagarrien deialdia onartu du.

260.000 euroko zuzkidura duen deialdi horren xede nagusia da Nafarroako unibertsitateen nazioarteko dimentsioa hobetzen laguntzen duten mugikortasun-programa ezberdinak bultzatzea.

Onuradunek, berez mugikortasun-programaren bidez jasotzen duten diruaz gain, kopuru osagarri bat jasoko dute atzerrian ikasteak eskatzen dituen gastuak arintzeko. Horrela, baldintza guztiak betetzen dituzten ikasleek 100 euroko laguntza jasoko dute egonaldi hilabete bakoitzeko. Erasmus+ programan parte hartzen duten ikasleen kasuan, kopuru hori jada Europar Batasunetik jasotzen duten kopuruari gehituko zaio. Laguntza hori 200 eta 300 euro artekoa izaten da helmuga den herrialdearen arabera.

Deialdian izena eman ahal dute Nafarroan erroldatuta dauden eta espainiar unibertsitateren batek kudeatzen duen nazioarteko mugikortasun programa batean diren graduko eta graduondoko ikasleek. Laguntzak esleitzeko kontuan hartuko da errendimendu akademikoa. Eskaerak aurkezteko epea datorren apirilaren 7an amaituko da. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Atariaren bidez egin behar dira. 2020-21 ikasturteko deialdian baldintzak betetzen zituzten ikasle guztiek laguntza jaso zuten. Guztira, 239 ikasle izan ziren eta, batez beste, 550 euro jaso zituzten. Horietatik guztietatik ia bi heren (% 65) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleak ziren eta % 15 Nafarroako Unibertsitatekoak.