Zabalik da Jardun Artistikoentzako Institutuan izena emateko epea

Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago.

Tabakalerak, Artium Museoak eta Jorge Oteiza Fundazio Museoak Jardun Artistikoentzako Institutuaren (JAI) hirugarren edizioan parte hartzeko deialdia martxan jarri dute. Bertan parte hartu nahi dutenek apirilaren 14ra arte izango dute izena emateko aukera. Deialdia artearen metodologietan sakontzeko interesa duten artistei edo sektoreko eragileei zuzenduta dago.

Formakuntza saioak Tabakaleran irakatsiko dira ekainaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean. Programaren barruan garatuko diren zenbait jarduera Artium Museoan eta Jorge Oteiza Fundazio Museoan garatuko dira.

Programa horrek Euskal Herrian errotutako arte garaikidearen esparruan ezagutzak transmititzeko tradizio berezia aitortzen du, aurrekontu esperimentalen testuinguruan sortu diren hainbat proiektu pedagogikoren bidez.

Udako Eskola

JAI udako eskola gisa aurkezten da, elkartruke horiek garatzeko gune bat ezartzeko asmoarekin. Hori horrela, programak jatorri oso ezberdineko ahots profesionalak ekartzen ditu, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen ahalmena identifikatzeko eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.

Aurtengo edizioan, aurrekoetan bezala, tutoreak Ibon Aranberri, Itziar Okariz eta Asier Mendizabal izango dira. Irakasleak berriz, honako hauek izango dira: Rosalind Nashashibi, Georgia Sagri, Lea Porsager, David Bestué, Ainara Elgoibar, Alejandro Cesarco, Jon Mikel Euba, Mattin, Pierre Bal-Blanc, Isabel Herguera, Erlea Maneros Zabala eta Txaro Arrazola. Programan parte hartzeko hautatuak diren horiek 450 euroko matrikula ordaindu beharko dute.