Jasangarritasuna irudi bakar batean

Iruñeko Udalak bizimodu osasungarri eta ingurumenari buruzko bi lehiaketa antolatu ditu, bata argazkiena eta bestea marrazkiena

Iruñeko Udalak bizimodu osasungarriak, ingurumena eta jasangarritasuna islatzen dituzten argazkiak eta marrazkiak saritzeko bi lehiaketa antolatu ditu. Bi kasuetan lanak aurkezteko epea zabalik izango da datorren maiatzaren 20ra arte.

Argazki lehiaketa 16 urtetik gorakoentzat da eta jasangarritasunaren arloan Iruñeak dituen erronka eta aurrerapen nagusiak islatzen dituzten irudiak sarituko ditu. Irudi irabazleak 200 euroko balioa duen bizitza jasangarriago bat hasteko kit bat jasoko du sari gisa. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi argazki aurkeztu ahal izango ditu, .jpeg formatuan. Artxiboaren izenak ezizen bat eta argazkiaren izenburua azaldu beharko du. Argazkiarekin batera parte-hartzailearen datu pertsonalak ere bidali beharko dira. Lanak educacionambiental@pamplona.es posta elektronikora bidali behar dira eta gaian ‘Fotografía Pamplona Sostenible’ jarri beharko da

Marrazki lehiaketa

‘Planeta bakarra’ da aurtengo Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren leloa. Horren bidez, naturarekin modu jasangarrian eta orekatuan bizitzen ikasteko kontzientziatu nahi da. Iruñeko Udalak antolatu duen marrazki lehiaketan, 3 eta 12 urte bitarteko gaztetxoek harreman hori islatu beharko dute, bizimodu garbiagoetara eta jasangarriagoetara eraman gaitzaketen erabakiekin batera. Lehiaketa hiru ataletan banatuta dago: 3-5 urte bitarteko haurrak, 6-9 urte bitarteko haurrak eta 9-12 urte bitarteko gaztetxoak. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi marrazki aurkeztu ahal izango ditu. Kategoria bakoitzeko irabazleak hezkuntza-materialaren eta ingurumen-gaietako jokoen sorta bat jasoko du, 75 eurokoa.