Piztu Meta!ko 15 egitasmoak finantzatzeko kanpaina

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura sailak 70.000 eurorekin osatuko ditu herritarrek Goteo plataformaren bidez egiten dituzten ekarpenak.

Pasa den irailaren 29an hasi zen aurtengo Piztu Meta! programan hautatuak izan diren 15 kultura-proiektu finantzatzeko kanpaina. Aurtengoa Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak eta Goteo Fundazioak antolatzen duten egitasmoaren zazpigarren edizioa da. 2016. urteaz geroztik, egitasmo horri esker 92 kultura-proiektu finantzatu dira 886.871 eurorekin.

15 egitasmo

Uda aurretik aurtengo ediziora aurkeztutako egitasmo guztien artean hamabost hautatu ziren. Horiek izango dira, hain zuzen ere, hasi berria den fase honetan crowfundingaren bidez finantzaketa lortu ahal izango dutenak. Hautatuak izan diren egitasmoak honako hauek dira:

‘Azken aukera’ (Nervio S.L): Ingurumen-krisi globala azaltzeko serie dokumentala.

‘Pudente, Euskarazko lehen opera’ (Operaren Lagunen Donostiako Elkartea): Lehenengo opera erabat euskaraz berreskuratu, berreraiki, irudikatu eta zabaltzeko proiektua.

‘BAT’ (Tira Bira reggae taldea): musikaren inguruko lan diskografikoa, formatu fisiko berean bi disko izango dituena, jatorrizko musikarekin eta euskaraz. 

‘Herrian xaltoka’ (Xalto ta Brinko Animazio Elkartea): Gure herriaren kultura, euskara eta ondarea transmititzeko proiektua. 

‘Saharako herriaren askatasunerako abestiak’ (Juan Soroeta eta 44 kluba Kultur elkartea): Saharar herriaren autodeterminazioari laguntzeko Estatuko hizkuntza ofizial guztietan hainbat musikarien abestiak bilduko dituen egitasmoa.

‘GuÑun’ (Maider Gaztelumendi): Guñun integraziorako eta elkar ikasteko gunea da, komunitate euskaldun eta senegaldarra ezagutzeko aukera emateaz gain, ikusteko, egiteko eta sentitzeko moduak partekatzeko aukera ere emango duena.

‘Renous proiektua’ (Clara Virgili Flor): Modaren industrian eta kontsumitzeko moduan hain beharrezkoa den aldaketa sustatzen duen egitasmoa.

‘Amapatxa. Amets bat, bide bat’ (Ion Brakamonte): “Amapatxa” liburua gomendioen gida gisa erabiliko da Amerikara bidaia bat egiteko asmoa dutenentzat. Euskaraz irakurtzea sustatu nahi du.

‘Aiama’ (Lara López Ansorena): Proiektuak amatasunak laguntzea helburu duen ipuin ilustratu bat sortzea du helburu.

‘Nor’ (Xabi Salaberria González): DBHko ikasleei bereziki zuzendutako identitate sexualari eta transexualitateari buruzko liburua.

‘Kaixo Gilda!’ (Gilda Kultur Elkartea): Arte plastikoei eta ikusizko arteei lotutako erakusketa eta tailerretan oinarritutzen den egitasmoa.

‘U(da)koak. Izpiak azala zuritzeraino’ (Ane Cuesta). Euskarazko bost film laburren multzoa. Udara eta ukapena kontzeptuak uztartuko dira bost film horietan.

‘Mitxoletak. Zuri guztiak ez dira irina’ (Mitxoletak).  Ipuin baten kontrakoa den film laburra.

‘El elefantito’ (Miles Along): 2 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzendutako txotxongilo-antzerkia.

‘Handientzako abesti ttiki’ (Julia Cristina): Etxeko mantren, eguneroko sehaska-kanten eta haiku song-en disko-bilduma.

Finantzaketa

Egitasmoak finantzatzeko lehen fasea datorren azaroaren 7an amaituko da. Azaroaren 8tik 27ra bitartean, berriz, bigarren fase bat izango da. Herritarrek jartzen duten euro bakoitzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak beste euro bat jarriko du, 4.700 eurora arte.