Inork irabazi nahi ez duen saria

Ignobel Sariak Nobel Sari ospetsuen parodia bat dira. Estatu Batuetako umore zientifikoko ‘Annals of Improbable Research’ aldizkariak antolatzen ditu eta Harvard Unibertsitatean bertan banatzen dira. Sarritan, sari banaketan Nobel Saria irabazitakoak ere izaten dira. Sari horien xedea zientziarekiko interesa piztea da, baina ikerketa ‘serioak’ saritu beharrean, lelokeriatzat hartzen diren horiek saritzen dira.

Sariaren izena, Nobel sariaren aldaera bat da, baina ingelesez, esanahi berezia hartzen du, Innoble hitzak gauza txarra edo maltzurra adierazten baitu.

Sari horiek 1991. urtean banatzen hasi ziren. Hasieratik hamar kategoriatan banatzen dira sariak: fisika, kimika, medikuntza, literatura, bakea (Nobel sarietan bezala) eta baita osasun publikoa, ingeniaritza, biologia eta jakintza-alor anitzeko ikerkuntza ere.

Inork irabazi nahi ez duen saria?

Printzipioz, hau zientzia munduan lan egiten duen edonork irabazi nahiko ez lukeen saria da, baina Andréy Gueimek frogatu duen bezala, IgNobel bat irabazteak ez du zertan zientzialari baten karreraren amaiera suposatu behar. Horrela, Gueimek IgNobel Saria irabazi zuen 2000. urtean, baina hamar urte beranduago, Fisika Nobel Saria irabaztea lortu zuen grafenoren gainean egindako lanengatik.

Esan bezala, sari banaketa Harvard Unibertsitatean burutzen da (hasieran Massachusetts Institutu Teknologikoan egiten zen). Ekitaldi hori oso umoretsua izaten da eta 2006. urtera arte ohikoa zen paperezko hegazkinak agertokira botatzea. Hainbat urtez, fisika irakaslea den Roy Gaublerrek agertokia garbitzeaz arduratu zen, baina 2005. urtean ezin izan zuen lan hori bete Fisika Nobel Saria jasotzera joan behar izan zuelako.

Gustu guztietarako

Garbi dago hainbat zientzialarik umore onez hartzen dutela sari hori, baina badira IgNobel saria batere gustuko ez dituztenak. Horrela, britaniar gobernuak britaniar zientzialariak ez saritzea eskatu zuen, zenbait kasutan ikerketa serioak burutzen dituzten zientzialariak lotsagarri geratzen direlako.

Izan ere, tontakeria hutsa diruditen ikerketak zenbait kasutan aurkikuntza garrantzitsuen atari dira. Horren adibide garbia 2006an IgNobel saria irabazitako lan bat dugu. Horren arabera, malaria kutsatzen duen eltxoari Limburger gaztaren usaina gizonaren hanken usaina bezain erakargarri suertatzen zaiola frogatu zen. Txorakeria dirudienak, erabilpen praktikoa izan du Afrikan, malaria ematen den hainbat eskualdeetan orain gazta horiek jartzen baitira eltxoak gizakiengandik urruntzeko.

IgNobel irabazle esanguratsuak

IgNobel sarien leloak dioenez, horien asmoa argitaratuak ezin diren edo komeni ez diren ikerketak saritzea da. Lelo hori behar bezala ulertzeko, hona hemen saritutako zenbait ikerketen adibideak:

  • 1992an F. Kandak Medikuntza saria irabazi zuen hanketako usain txarra sortzen duten osagai kimikoak aztertzeagatik.
  • 1993an James F. Nolanek medikuntza saria irabazi zuen kremaileretan harrapatuta geratzen ziren zakiletan sortutako mina arintzeko egindako lanarengatik.
  • 1993an Filipinaseko Pepsik ere sari bat irabazi zuen. Konpainia horrek lehiaketa bat antolatu zuen oso sari interesgarriak banatzeko, baina irabazleak zozketaz aukeratzerakoan, ordenagailuak matxura bat izan eta irabazleen zenbakiak oker atera ziren. Horrek lehiaketaren emaitzaren zain zeuden 800.000 parte-hartzaileen matxinada bat eragin zuen.
  • 1994an Robert A. López amerikar albaitariak IgNobel sari bat irabazi zuen. Bere ikerketan, katuen belarrietatik akaroak hartu eta bere belarrian ezartzen zituen horiek hobeto ikuskatu ahal izateko.
  • 1995an Taiwaneko parlamentuak IgNobel Bake saria irabazi zuen. Arrazoia: politikariek nahiago izan zuten beraien artean borrokatzea beste herrialde bati guda deklaratzea baino.
  • 1995an David Buschek eta James Starlingek literatur saria jaso zuten. Beraien ikerketaren izenburua “Uzkian aurkitutako objektu arrotzak” zen eta hori egiteko, hainbat urtez horrelako kasu klinikoak aztertzen izan ziren. Ikerketan aipatzen diren objektuen artean (norbaiten uzkian aurkitutakoak) honakoak azpimarra daitezke: zazpi bonbila, bi linterna, fruta mota desberdinak, barazkiak, zerra bat, edalontzi bat, betaurreko pare bat, giltza bat edota aldizkari bat.
  • 1996an Ellen Kleistek eta Harald Moik medikuntza saria irabazi zuten. Beraiek egindako ikerketa: Gonorrearen transmisioa panpin puzgarrien bidez.
  • 1997an Bernard Vonnegutek metereologia saria jaso zuen. Vonnegutek oiloen kaka aztertzen zuen ekaitz baten barruan haizearen abiadura neurtzeko.
  • 1999an Georgek eta Charlotte Blonskyk medikuntza saria jaso zuten asmakuntza bitxi honengatik. Emakumeak erditzen laguntzeko bueltak ematen dituen mahai bat asmatu zuten. Beraien ustez indar zentrifugoari esker, haurra errazago aterako litzateke.
  • 1999an ere, Len Fisherrek IgNobel saria irabazi zuen gaileta bat bustitzeko modurik egokiena zein den aztertzeagatik.
  • 1999an Bakearen saria Hegoafrikar bikote batentzat izan zen. Horiek alarma sistema bitxia asmatu zuten; lapur bat etxean sartzen bada su-jaurtigailu bat martxan jartzen da hori kiskaltzeko.