Demokraziak atzera egiten du munduan

Azken hamarkadan, demokraziak aurreko bi hamarkadetan aurrera egin zuen bezainbeste egin du atzera. Munduko biztanleriaren % 70 baino gehiago diktadurapean bizi da eta, handitzetik urrun, mobilizazio demokratikoa eta herrikoia maila baxuetan mantentzen da.

Demokrazia liberala gainbehera larria jasaten ari da. Mundua autokratizazio-bolada bat bizitzen ari da, garapen-bidean dauden herrialdeetako eta demokrazia aberats samarretako kredentzial demokratikoen ahultzeak bultzatuta. Munduko biztanleriaren % 70 baino gehiago diktadurapean bizi da eta, handitzetik urrun, mobilizazio demokratikoa eta herrikoia maila baxuetan mantentzen da.

Azken hamarkadan, demokraziak aurreko bi hamarkadetan aurrera egin zuen bezainbeste egin du atzera. Are gehiago, 1978. urteaz geroztik, ez zegoen hain herrialde gutxi demokratizazio prozesuan. Hori dio, hain zuzen ere, urtero Gotemburg-eko Unibertsitateak argitaratzen duen V-Dem azken txostenak. 

“Gerra Hotzaren ondorengo azken hogeita hamar urteetako aurrerapen demokratikoak ezabatuta geratu dira” deitoratzen du txostenak. Gainera, jaitsiera orokortua izan da eta ia herrialde guztietan eman da, nahiz eta Asia-Pazifikoko, Erdialdeko Asiako, Latinoamerikako, Karibeko eta Ekialdeko Europako zenbait eskualdetan agerikoagoa izan.

Txostenean azpimarratzen denez, Europar Batasuna ez dago atzerakada demokratikoaren bolada horretatik salbu. Europar Batasuna osatzen duten 27 Estatu-kideetatik sei autokratizazio prozesuetan murgilduta omen daude. Herritarrek eredu autokratikoei ematen dieten babesak gora egin du, eta polarizazioa izugarri handitu da azken hamar urteetan. Autokratizazioak esan nahi du demokraziak desegin egiten direla, eta hori, neurri handi batean, erakunde demokratikoak (komunikabideek, gizarte zibilak, erakunde independenteek eta botere judizialak) eraisten dituzten buruzagi hautetsiek egiten dute. Txostenak ohartarazten duenez, autokratizazioa bera itxuraz aldatzen ari da polarizazio eta desinformazio maila altuagoen bidez.

Demokrazia liberalaren indizea

V-Dem Institutuak munduko herrialdeak sailkatzen ditu demokrazia liberalaren indize (DLI) baten arabera. Indize hori bost erregistrotan oinarrituta egiten da: hauteskundeetako osagaiak, liberalak, parte-hartzaileak, deliberaziozkoak eta berdintasunezkoak. Horietako bakoitzari, gehienez, puntu bat ematen zaio eta aurtengo sailkapenaren buruan Suedia, Danimarka eta Norvegia aurkitzen dira.

Estatu kolpeak (gutxienez, bost pasa den urtean), desinformazioa, polarizazio politiko ‘toxikoa’ (hots, oposizioaren, aniztasunaren eta deliberamenduaren legitimazioarekiko errespetua zalantzan jartzen duena) eta protesten aurkako errepresioa dira 2021ean eta, azken finean, azken hamarkadan, gainbehera hori azaltzen duten arrazoietako batzuk. 

Covid-19ak eragin duen pandemiaren kudeaketak ere indartu du, alde baterik, autokrazietako agintarien boterea eta, bestetik, herrialde demokratikoetan ‘nazioarteko arauak neurriz urratzea’ ekarri du, larrialdi-egoerak edo salbuespen-egoerak aprobetxatuz.

Pandemiak eta biltzeko eta mugitzeko askatasunaren murrizketek mobilizazio handien mailak beherantz bultzatu dituzte 2020an eta 2021ean. Ondorioz, mobilizazioa oso maila baxuetan aurkitzen da. Demokraziaren aldeko mobilizazio falta hori dela eta, oposiziorik gabe autokratizazioan sakontzeko arriskua  gero eta handiagoa da. 

Lau sistema mota

V-Demeko ikertzaileek munduko herrialde guztiak lau kategoria zabaletan banatzen dituzte. 

  • Autokrazia itxiak: alde batetik Txina edo Qatar bezalako autokrazia itxiak daude. Horrelako herrialdeetan ez dago hauteskunde multipartidistarik exekutiboaren burua aukeratzeko edo legealdirako.
  • Hauteskunde-autokraziak: bigarren kategoria batean Turkia eta Venezuela bezalako hauteskunde-autokraziak daude. Aurrekoetan ez bezala, hemen bai hauteskundeak egiten dira, baina ez omen dira libreak eta zuzenak. 
  • Hauteskunde-demokraziak: hirugarren kategorian Brasil eta Hegoafrika bezalako herrialdeak biltzen dira. Kasu horretan hauteskundeak libreak eta zuzenak dira, baina biztanleen artean desparekotasun handia dago eta zenbait kasutan benetako eskubideen falta ere bai.
  • Demokrazia liberalak: laugarren kategorian Alemania eta Suedia bezalako demokrazia liberalak aurkituko lirateke. Herrialde horietan badira hauteskunde askeak, gutxiengoentzako eskubide bermatuak eta botereen arteko kontrol eta oreka funtzionalak.

V-Dem txostenak sailkatuta dituen 179 herrialdeak oso antzeko kopurua duten bi multzotan banatzen dira: alde batean lehenengo bi kategoriak eta bestean azkeneko biak. Nazio Batuen Erakundeak aintzat hartzen dituen zenbait herrialde, adibidez, Vatikanoa edo San Marino, ez lirateke sailkapen horretan sartuko.

Gero eta demokrazia gutxiago

Azpimarratzekoa da demokrazia liberalen multzoan sartuko liratekeen herrialdeen kopurua gero eta txikiagoa dela. Bere gorena 2012. urtean lortu zuen, 42 herrialderekin. Une honetan, berriz, 34 dira. 1995. urteaz geroztik ez dira hain demokrazia liberal gutxi izan munduan. Demokrazia liberaletan bizi den munduko populazioaren proportzioa ere jaitsi egin da azken hamarkadan, eta munduko biztanleriaren % 13 bakarrik bizi da sistema horietan.

Hauteskunde-demokrazien kopuruak, berriz, nabarmen egin du gora pasa den mendeko 80ko hamardatatik hona. 2021. urtean bigarren erregimen arruntena izan zen, 55 herrialderekin. Hala ere, horrelako sistema batean bizi den munduko biztanleriaren ehunekoak nabarmen egin du behera azken urteetan. Une honetan, munduko biztanleriaren % 16 bakarrik bizi da sistema horietan. 

Txostenean zehazten denez, hauteskunde-autokraziak dira biztanleriaren ehunekorik altuena biltzen dutenak. Horrek badu arrazoi garbi bat: 2020an India kategoria horretara pasatu zen. Pasa den urtean, munduko biztanleriaren % 44 (3.400 milioi pertsona inguru) hauteskunde-autokrazia batean bizi zen. Munduko biztanleriaren proportzio oso altuak Europako Ekialdean eta Erdialdeko Asian, Afrikan eta Ekialde Ertainean diren hauteskunde-autokrazietan bizi dira. 2021ean El Salvador, Nigeria edo Tunisia bezalako herrialdeak hauteskunde-autokraziak bilakatu ziren eta, modu horretan, horrelako sistema duten herrialdeen kopurua 60raino hazi da, erregimen ohikoena bilakatu delarik.

Azkenik, autokrazia itxiak ere gora egiten ari dira. Txostenean azaltzen denez, hori ‘autokratizazioaren hirugarren olatuaren’ ondorioa da. Azken urteetan joera hori nabarmendu da eta 2012. urtean ziren autokrazia itxiak 30eraino igo dira. Azken urtean bakarrik, bost herrialde sartu dira kategoria horretan. Ondorioz, biztanleriaren % 26 (bi mila milioi pertsona inguru) horrelako sistema bat duen herrialderen batean bizi dira. Asia-Pazifikoa da, bertan Txina aurkitzen delako, bere biztanleriaren ehunekorik handiena horrelako sistema batean duen eskualdea. Jarraian Ekialde Ertaina eta Afrikako Iparraldea aurkituko lirateke.

Gaur egun,  hauteskunde-autokrazietan eta autokrazia itxietan bizi diren biztanleen kopurua 5.400 milioi ingurukoa da, hots, biztanleria osoaren % 70 inguru.

Herrialdeen sailkapena

Nazioarteko demokrazia-indize gehienetan gertatu ohi den moduan, kasu honetan ere sailkapenaren buruan herrialde eskandinaviarrak azaltzen dira: Suedia (0,88), Danimarka (0,88) eta Norvegia (0,86). Laugarren postuan Costa Rica azaltzen da (0,85) eta lehen hamar postuak honako herrialde hauek osatuko lukete: Zeelanda Berria (0,84), Estonia (0,84), Suitza (0,84), Finlandia (0,83), Alemania (0,82) eta Irlanda (0,82). Espainia, 0,78 punturekin, sailkapenaren hemezortzigarren postuan aurkitzen da; hamabigarren Europar Batasuna osatzen dutenen artean. Espainiaren atzetik daude, adibidez, Italia (0,77), Kanada (0,75), Japonia (0,74) edo Estatu Batuak (0,74).

Sailkapenaren behealdean, berriz, honako herrialde hauek azaltzen dira: Eritrea (0,01), Ipar Korea (0,01), Afganistan (0,02), Yemen (0,03) eta Bielorrusia (0,04).

Txostenak autokraziatik gertu dauden sistema demokratikoak ere aipatzen ditu; guztira 12 herrialde lirateke: Brasil, Polonia, Niger, Indonesia, Botswana, Guatemala, Tunisia, Kroazia, Txekiar Errepublika, Guyana, Maurizio eta Eslovenia. Azken hamarkadan jada 17 dira urrats hori eman duten herrialdeak, horien artean, Turkia, Filipinak eta Hungaria.

Aspalditik demokratikotzat jotzen ziren hainbat herrialdek autoritarismoarako bidea egiteaz gain,  erregimen autokratikoetan boterearen gaineko kontrolak indartzen ari dira. Errusia eta Venezuela bezalako herrialdeetan erregimen autoritario bat finkatu da eta askatasun zibilak are gehiago murriztu dira.

Polarizazioa

Polarizazio politikoak gizartea ‘haiek vs gu’ dikotomiara eramaten du. Talde bateko kideek beste talde baten gaineko iritzi negatiboak dituzte eta mesfidantza nagusitzen da. Polarizazio hori identitate eta interes baztertzaileekin bat datorrenean, gizarte-kohesioa eta egonkortasun politikoa ahultzen da. Eta polarizazio mailak altuak direnean eta gizartearen hainbat esparruetara zabaltzen direnean, ‘polarizazio toxikoa’ izenarekin ezagutzen den egoera ematen da.

V-Dem Institutuak azpimarratu duenez, polarizazioa mundu mailan nagusitzen ari den joera da.  Maila toxikora iritsi da 40 herrialdetara azken hamarkadan eta bakarrik beste sei atera dira egoera horretatik.

Polarizazioak edozein erregimeneko herrialdeei eragin diezaieke; demokrazia sendoak zein herrialde autokratikoak. Adibidez, Iparraldeko Amerikan eta Europan, polarizazioak gora egin du Alemania, Portugal, Espainia eta Estatu Batuak bezalako herrialdeetan. Polarizazioak maila toxikoetatik gertu dagoenean, demokraziak porrot egin ohi du. Izan ere, polarizazioaren hazkundeek bat egiten dute demokrazia-mailaren beherakadarekin. Hori da, hain zuzen ere, Brasilen, Hungarian, Polonian, Serbian eta Turkian gertatu dena.