9.000 gaztek baino gehiagok jaso dituzte Eusko Jaurlaritzaren alokairurako laguntzak

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak Euskadiko gazteen emantzipazio-tasa berantiarra aztertzen duen txosten bat kaleratu berri du.

Euskal gazteei emantzipatzen laguntzeko, Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza ditu: batetik, EGPO, EPE eta Gaztelagun laguntzak, eta, bestetik, ASAP eta Bizigune programak. Azken urtean 9.200 gazte inguru baliatu dira laguntza horietaz. Bestalde, gazteek etxebizitza babestuak eskuratzeko aukera ere badute; azken hiru urteetan EAEko 4.369 gaztek horrelako etxebizitza bat lortu dute.

Izan ere, gazteak dira etxebizitza bat eskuratzeko zailtasun gehien dituen populazio-taldea. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako alokairu-sustapenetan gazteek lehentasunezko % 40ko sarrera-kupoa dute. Era berean, gazteek lehentasuna dute zuzkidura-bizitokietan.

Dirulaguntzak

Etxebizitzaren Euskal Behatokiak ezagutzera eman duen ‘Gazteei eta etxebizitzari buruzko txostena’k EAEn bizi diren 18 eta 35 urte bitarteko gazteen emantzipazio-tasa berantiarren atzean dauden arrazoiak aztertzen ditu. Zentzu horretan, bi dira azpimarratzen diren aldagaiak: lan-merkatuaren egoera eta merkatuan den etxebizitza eskuragarrien eskaintza urria.

Txostenean jasotzen denez, 2019. urteaz geroztik 5.914 gaztek jaso dituzte Gaztelagun programaren laguntzak. Programa horrek alokairua ordaintzeko zuzeneko laguntza eskaintzen die 36 urte bitarteko gazteei. Une honetan 3.777 gaztek jasotzen ari dira laguntza hori.

Horiez gain, 5.060 gazte Etxebizitzako Gastuetarako Prestazio Osagarria eta 112 gazte Etxebizitzako Prestazio Ekonomikoa jasotzen ari dira eta beste 350 gazte ASAP eta Bizigune etxebizitza hutsak mobilizatzeko programen onuradun dira.

Txostenaren arabera, gaur egun 30.798 gazte daude Etxebiden izena emanda. Horietatik guztietatik, bi heren inguruk alokairuko etxe bat eskatzen dute.

Etxebizitza eta enplegua

Esan bezala, txostenak gazteen emantzipazio-berantiarra baldintzatzen duten bi aldagai nagusi aztertzen ditu: lan-merkatua eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza urria.

Txostenak agerian uzten duenez, 30 urtetik beherako gazteek zailtasun handiak dituzte lan-merkatuan barneratzeko: hamar gaztetik zazpik bi urte baino gutxiago daramatzate beren lanpostuan. 30 eta 34 urte bitartekoen artean kopuru hori nabarmen hobetzen da: hirutik bat.

Enplegu horien kalitateak ere nabarmen eragiten du gazteek etxebizitza bat eskuratzeko duten gaitasunarekin. Horrela, lan-merkatuaren erroldaren arabera, 25-29 urte bitarteko gazteen % 40 baino ez dira ari lanean; kopuru hori bikoitza da 30 eta 35 urte bitartekoen artean, baina kasu horretan hirutik batek kalitate eskaseko enpleguak ditu. Soldatei dagokionez, 25-29 urte bitarteko gazteen batez besteko hileko nomina garbia 1.273 eurokoa litzateke eta 30-34 urte bitartekoen kasuan, 1.558 eurokoa.

Txostenak erakusten du, lan-baldintza okerragoak izan arren, emakumeek gizonek baino emantzipazio-tasa handiagoak dituztela, % 38,1, eta gizonen kasuan, berriz, % 27,7. Bi tasa horiek, 18 eta 34 urte bitartekoen artean, 2010etik izandako txikienak dira.