Azkuna Zentroak 200 jarduera baino gehiago programatu ditu 2023rako

Azkuna Zentroak 2023rako programazioa aurkeztu du, 200 jarduera baino gehiagorekin eta ia ehun artistak osatutako komunitatearekin.

Azkuna Zentroak zortzi erakusketa hartuko ditu aurten eta horien artean ‘Somewhere from here to heaven’ azpimarratu behar da. Bruce Baillie pasa den mendeko 60ko hamarkadako funtsezko zinemagilearen eta zinema esperimentalaren sustatzaile handienetako baten lanaren inguruko erakusketa apirilaren 16ra arte izango da ikusgai, eta zuzendari estatubatuarraren lana testuinguruan kokatzen duten baliabide berriak aurkeztuko ditu.

Ekainean ‘Decrecer’ aurkeztuko da, Bene Bergado eskultore bilbotarrak Azkuna Zentroko Erakusketa Aretorako egindako erakusketa-proiektu espezifikoa, Juan Luis Moraza komisarioa dela. Erakusketako instalazioek eta eskulturek egungo gizartean produkzioaren eta kontsumoaren hazkunde esponentzial eta mugagabearen aurrean dezelerazioaren beharraz hitz egiten dute.

Azpimarratzekoa den eta Azkuna Zentroan ikusgai izango den beste erakusketa bat Christa Sommerer-en eta Laurent Mignonneau-en ‘The Artwork As a Living System’ erretrospektiba izango da.

Nazioarteko jarduerak

2023. urtean zehar Azkuna Zentroak hartuko dituen jardueren artean nazioarteko lau ekitaldi izango dira. Martxoaren 28tik apirilaren 1era ‘Gutun Zuria Bilbao’ ospatuko da. Maiatzaren 30etik ekainaren 3ra arte, berriz, Prototipoak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienala’ ospatuko da. Gainera, nazioarteko bi sinposio ere izango dira: ‘Uhina gogoan’ (urtarrilaren 10 izan dena) eta Komisariotzaren Nazioarteko Sinposioa Erakusketaren entsegua (otsailaren 8an eta 9an).

Aurten, Azkuna Zentroak ere Hitza 22. Pentsamenduaren Nazioarteko Foroa ere hartuko du.

Pasa den urtean, bi milioi pertsonak baino gehiagok gozatu zuten Azkuna Zentroaren zerbitzuez, eta parte-hartzearen errekorra hautsi zen. ‘Ahots bat Erausorentzat. Trans Garai Baterako Epilogoa’ erakusketa Zentroaren historiako ikusiena izan zen, 27.000 bisitarekin. Gainera, udan, 40.000 pertsona baino gehiago bildu ziren erakusketa-proposamenetara.

Argazkia. Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao