2020-22 aldiko euskarazko tesirik onenak

Beñat Garaio, Eneko Iradier, Iñigo Arrazola, Maitane Basasoro eta Manu Araolaza izan dira Koldo Mitxelena Sarien VIII. edizioko irabazleak

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Euskaltzaindiak bi urtean behin antolatzen dituzte Koldo Mitxelena Sariak euskaraz idatzi diren tesi onenak saritzeko. Aipatu sarien xedea da euskaraz egiten den ikerketa sustatzea eta bultzatzea. Aurtengoa zortzigarren edizioa izan da eta bertan parte hartu ahal izan dute 2020ko irailetik 2022ko uztailera bitartean UPV/EHUn euskaraz idatzi eta aldeztutako doktorego-tesiak. Guztira 44 tesi aurkeztu dira lehiaketara; 13 zientzia arlokoak ziren, 4 ingeniaritza eta arkitektura arlokoak, 12 osasun zientzien arlokoak, 7 gizarte eta lege zientzien arlokoak eta 8 artearen eta giza zientzien arlokoak.

Euskaraz egiten diren tesien kopuruak nabarmen egin du gora azken urteetan. 2020-22 biurtekoan, guztira, 86 tesi aurkeztu dira eta horietatik 38 nazioartekoak izan dira. 2020/21 ikasturtean 25 izan ziren euskaraz idatzi eta aldeztutako doktorego-tesiak eta 2021/22 ikasturtean, berriz, 61.

Euskaraz idatzitako doktore-tesien % 90 baino gehiago EHUn egin dira.

2020-22 aldiko euskarazko tesirik onenak

Hauek izan dira Koldo Mitxelena sarien VIII. edizioan sarituak izan diren lanak eta egileak.