Nahiko dira 5 segundo abesti bat gustuko duzun ala ez jakiteko

Ikerketa baten arabera, abesti bat gustuko dugun ala ez erabakitzeko laburpen txiki bat nahikoa izateak iradokitzen du gehiago erantzuten diogula abesti batek eragiten digun sentsazio orokorrari bere nota musikalei baino

New Yorkeko Unibertsitateko psikologiako ikertzaile-talde batek egindako azterlan baten arabera, segundo gutxi batzuk entzun ondoren abesti bat gustatzen zaigun ala ez jakin dezakegu. Ikerketaren aurkikuntzek prozesamendu kognitiboari buruzko ezagutza berriak eskaintzen dituzte, eta agerian uzten dute artista baten lanaren zati batzuen pertzepzio musikala lan osoaren erakusgarria dela.

Pascal Wallisch New Yorkeko Unibertsitateko Datu Zientzien Zentroko irakasle kliniko elkartuak eta Music Perception aldizkarian agertuko den ikerketaren egile nagusiak dioenez, “edozein abestitan zehar, propietate akustikoak izugarri aldatzen dira, baina horrek ez du ematen entzuleei asko axola zaienik”. Hortaz, “nahiko dira 5 segundo abesti bat gustuko duzun ala ez jakiteko” ondorioztatzen du Wallischek.

Ikerketa

iTunes, Amazon edo Pandora bezalako musika-plataformek kontsumitzaileen erosketa-hautuetan eragin nahi izaten dute abestien laburpen bidez. Baina ez dago argi abesti-tarte horiek nahikoa diren entzuleek melodiak gustuko dituzten ala ez erabakitzeko.

Plataforma digitaletan musika kontsumitzen zuten 650 ikasleri egin zieten inkesta ikertzaileek. Saioan zehar, parte-hartzaile bakoitzari 250 abesti baino gehiago entzuteko eskatu zitzaion, bai eta abestien laburpenak ere, 5, 10 edo 15 segundoz. Esperimentuan, kanta edo klip jakin bat zenbat gustatzen zitzaien kalifikatzeko eskatu zitzaien parte-hartzaileei (“gorroto dut”, “ez zait gehiegi gustatzen”, “ez zait gustatzen”, “interesik gabea”, “pixka bat gustatzen zait”, “asko gustatzen zait”).

Oro har, emaitzek erakutsi zuten parte-hartzaileek abestien inguruan zituzten lehentasunek bat egiten zutela. Hortaz, ikertzaileek ondorioztatu dute abesti-tarte horietarako emandako iritziek abesti osoetarako ere balio dutela. Zehazki, tarte horien iraupenak ez zuen inolako eraginik izan entzuleen ebaluazioetan.

“Abesti bat gustuko dugun ala ez erabakitzeko laburpen txiki bat nahikoa izateak iradokitzen digu gehiago erantzuten diogula abesti batek eragiten digun sentsazio orokorrari, bere nota musikalei baino” ondorioztatu du Wallischek.