Europan diren boluntariotza aukeren inguruko hitzaldia

Europako Elkartasun Kidegoa programak Europa osoan zehar egoera zailak konpontzen laguntzeko aukerak eskaintzen dizkie gazteei.

Gasteizko Gazte Informaziorako Udal Bulegoak ‘Europako Elkartasun Kidegoa’ programa azaltzeko hitzaldi bat antolatu du. Hitzordua ostiral honetan bertan izango da, martxoak 10, 17:00etatik aurrera.

Hitzaldiaren xedea da Europako hainbat proiektutara boluntario gisa joateko aukerak gazteei hurbiltzea eta egonaldi horiek finantzatzeko aukerak ezagutaraztea.

Hitzaldia Donostiako Europe Direct zentroko eta Kaebnai nazioarteko mugikortasunerako erakundeko teknikari Jorge Sáez Martínezek eskainiko du.

Europako Elkartasun Kidegoa

Europako Elkartasun Kidegoak 2016. urteko abenduan hasi zuen bere ibilbidea. 2018. urteko urritik dago Europar Batasunak finantzatutako programa gisa eta 1.000 milioi euro baino gehiagoko aurrekontu operatiboa izango du 2027. urtera bitartean. Orain arte 300.000 gazte inguru gehitu dira Europako Elkartasun Kidegora.

Kidegoaren xede nagusia da Europako gizartearen elkartasuna sustatzea. Horretarako, gazteak eta erakundeak kalitate handiko jarduera irisgarrietan inplikatu nahi ditu. Programak Europa osoan zehar egoera zailak konpontzen laguntzeko aukerak eskaintzen dizkie gazteei.