UIK-k gazteentzako ikastaroen eskaintza berezia izango du

Maiatzaren 31 baino lehen izena ematen duten gazteek 25 euro baino ez dituzte ordaindu beharko ikastaro bakoitzeko

Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen (UIK) 42. edizioak 25 urte arteko gazteen parte-hartzea sustatzeko helburua duen programazioa aurkeztu du. Horrela, gazteentzako ikastaro bereziak izateaz gain, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatzen diren gazteek 25 euro baino ez dituzte ordaindu beharko ikastaro bakoitzeko.

Zehazki, gazteei zuzendutako ikastaroen barruan hiru gai jorratuko dira: surfa, musika eta jasangarritasuna. Uztailaren 13an eta 14an, Itsaso Gaztañagak zuzenduta, ‘Surfa eta bere onurak osasunean’ izenburuko ikastaroa izango da. Surfa  Euskadiko kostaldeko gazteen artean arrakasta handia duen kirola da eta ikastaroan kirol horren praktikak gazte baten bizitzan sortzen dituen onurak aztertuko dira. Ikastaroa euskaraz izango da.

Irailaren 7an eta 8an, Marina Landak eta Ion Andoni del Amok zuzentzen duten ‘Musika bizi: musikaren errealitateak hizpide’ ikastaroa izango da Miramar Jauregian. Ikastaroan alor ezberdinetako adituak izango dira musikari buruzko begirada zabaltzeko.

Azkenik, irailaren 7an eta 8an ere, Yolanda Rodríguezek zuzenduko duen ‘Cómo comunicar los temas ambientales con y para las personas jóvenes’ ikastaroaren V. edizioa izango da. Ikastaroan, krisi klimatikoa, biodibertsitatearen galera, ingurune naturalaren kontserbazioa, ekonomia zirkularraren ezarpena eta garapen jasangarria bezalako erronka handien komunikazioari buruzko gakoak eskainiko dira.