Berdintzen gaituen gauza bakarra

Heriotzak gizaki guztiak berdintzen ditu. Guztiak hil egingo gara, bai ala bai. Heriotzak, bizitzaren parte izanik eta, beraz, zerbait naturala eta ziurra izanik, oraindik ere halako tabu bat da gure gizartean. Zergatik? Txikitatik heriotzaren benetako zentzua ezkutatu egiten zaigu eta hor dagoen zerbait dela jakin arren, ahalik eta ezkutuen mantentzen saiatzen gara.

Heriotzaz hitz egitea gustu txarrekoa omen da. Gure kulturan heriotza ezkutatu nahi da, baina hain naturala den fenomeno bat ahalik eta hoberen ulertu behar da ahalik eta hoberen bizi ahal izateko. Ondorioz, gizaki guztiok gure buruari honako galdera egin beharko genioke: zer dakit heriotzaren inguruan? Benetan erantzun zaileko galdera da, besteak beste, erlijio edo sinesmen kontuak tartean sartzen direlako. Dena den, heriotzaren inguruan ukaezinezkoak diren bi baieztapen ezagutzen dira: hil egingo gara, baina ez dakigu ez noiz eta ez nola.

Heriotza gauza guztiz misteriotsua da, izan ere, oraindik ez baita inoiz inor heriotzatik bueltatu zer den azaltzeko.

Heriotzaren ondoren

Erlijio desberdinek galdera hori erantzuten saiatu dira. Paradisua dela eta, infernua, karma, berraragiztapena… Apika, heriotzari aurre egin beharrean egokiena hau ulertzea izango litzateke. Azken finean, heriotzarengandik ihes egitea ezinezkoa bada, gutxienez, berarekin elkarbizitzen ikasi beharko genuke.

Heriotzaren beldur izan behar al dugu? Printzipioz, zaila da ziurtasun osoz jazoko den zerbaiten beldur izatea. Gure pentsamenduen sakontasunean onartu egiten dugu hil egingo garela, baina ‘noiz’ eta, batez ere, ‘nola’ dira benetan beldur ematen diguten galderak (edo erantzun faltak).

Bai ala bai pairatu beharko dugun zerbait izanik, gutxienez duintasunez hil egin nahi dugu gizaki gehienok. Zentzu horretan, zainketa aringarrien esparruan aurrerapen handiak eman dira eta heriotza ‘jasangarriagoa’ egiten omen da. Medikuntzak garapen izugarria izan badu ere, medikuek ezin dute heriotza geldiarazi eta bere funtzioa, miraririk ezean, hilzorian dagoena eta bere familia kontsolatzea da.

Beldurra

Ezkutuan edo agerian, gizaki guztiok heriotzaren ‘beldur’ gara. Egoera emozional normaletan, hots, depresiorik gabe edo estres handi baten pean egon gabe, inork ez du hil nahi. Gizakiok defentsarako mekanismo psikologiko bat dugu gai horren inguruan ez pentsatzeko, baina, zenbait kasutan, mekanismo horrek huts egiten du eta beldur irrazional bat azaltzen da. Fobia hori pairatzen duten pertsonek depresio handiak izaten dituzte eta tratamendu profesionala behar izaten dute. Gainera, fobia horrekin batera hipokondria edota nekrofobia bezalako gaitzak ere azal daitezke.

Heriotzari diogun beldur horren atzean, esan bezala, bestelako beldurrak ezkutatzen dira: minari, sufrimenduari, beste aldean zer dagoen inguruan dagoen ezjakintasunari…

Azalpen biologikoa

Heriotza izaki bizidun guztiei dagokien gauza da, baina gizakia omen da horren inguruan hausnartzen duen bakarra. Heriotzaren aurrean dugun jokabide horrek azalpen biologikoa omen du eta erantzun guztiak gure burmuinean omen daude. Horixe da behintzat Bartzelonako Poblenou izeneko hilerrian azaltzen dena. Bertan, ‘Cervelleko ibilbidea’ delakoa antolatzen dute eta, zientzian oinarrituta (biologian, psikologian, neurologian eta soziologian, besteak beste) eboluzioan zehar gizakiak heriotzari nola egin dion aurre azaltzen dute. Horrek guztiak, han azaldutakoaren arabera, aztarna utzi du gure burmuinetan.

Poblenoun azaltzen denez, gizakia, miloi askotako eboluzioaren ondorioz, gaur egun den izakirik konplexuena da. Eboluzio horren ondorioz, gizakiaren burmuina da abstrakzioak egiteko gaitasuna duen bakarra eta lehenaldia, oraina eta etorkizuna ulertzeko gai da. Horri esker, nortzuk garen, nondik gatozen edota nora goazen bezalako galderak egin ahal dizkiogu gure buruari.

Baina, zergatik sufritzen dugu maite dugun norbait hiltzen denean? Funtsean, atzera buelta ez duen zerbait delako. Maite dugun pertsona hori jada ez da gehiago gure artean izango eta ordezkaina da, baita modu bilogikoan ere, azken finean, pertsona horren kodea ez baita berriz ere errepikatuko.

Ibilbidean azaltzen den bezala, bada burmuin aurreratua duen Koko izeneko primate bat. Hainbat urtetako hezkuntza jaso ondoren, primate honek keinuen hizkuntza menperatzen du eta ingelesezko 2000 hitz inguru ulertzen ditu. Koko, zenbait animaliak heriotza uler dezaketenaren adibide bat besterik ez da. Horrela, Kokok heriotza ‘zulo atsegina’, ‘lo egin’ edota ‘agur’ bezala definitzen du. Kokoren kide bat hil zenean, Kokok depresio bat izan omen zuen eta pairatutako galera ‘txarra’, ‘triste’ eta ‘negar egin’ terminoekin definitu zuen. Baina Kokok ezin du haratago joan; hori gizakion gauza da bakarrik.

Gure burmuina, egitura narratiboa du eta, ondorioz, gure jarrerak edota ulertzen ez ditugun gauzak azaltzeko istorioak asmatzen ditugu. Honek, beste mundu baten existentzia azalduko luke.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.