Zenbat janari botatzen duzu zaborrera?

Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuetako Erakundearen arabera, 930 milioi pertsona gose dira mundu osoan zehar. Batek pentsa dezake munduan ez dagoela janari nahikorik jada bizi garen 7.000 milioi biztanleentzat, baina errealitatea guztiz bestelakoa da. Herrialde aberatsetan, egunero, milaka tona janari botatzen da zaborrera eta, adituen esanetan, Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan soilik botatzen den janariarekin munduan den gosearekin amai daiteke

Tristram Stuartek nahikotxo daki gai horren inguruan . Izan ere, Stuartek Zaborra: elikagaien eskandalu globala harrotuz” eta “Zarrastalkeria” izenburuko liburuak argitaratu ditu. Stuart oso modu bitxian hasi zen gai horren inguruan ikertzen; egun batean, konturatu zen supermerkatuetan eta bestelako establezimenduetan saltzen dituzten sandwichetan inoiz ez zela kanpoko ogi-xerrarik eta, hori dela eta, horren inguruan ikertzen hasi zen. Bere harridurarako, egunero 13.000 ogi-xerra inguru botatzen zirela ikusi zuen; kanpoko xerrak ez ezik, ondokoak ere botatzen baitira tamainaz barrukoak baino txikiagoak direlako. Horrela, enpresa horretan, ekoizten zen ogiaren % 17a zaborrera botatzen zela onartu zuten.

Gauza bera gertatzen da fruitu eta barazkiekin. Horrela, hainbat supermerkatuetan barazki eta fruta kopuru handiak zaborrera botatzen dira, % 100ean jangarri izan arren, bere itxura egokia ez delako.

Janari xahuketa hori maila guztietan ematen da: produkzioan, banaketan, hipermerkatuetan eta azkenik etxeetan. Adibidez, munduan hazten diren banana guztien % 20 eta % 40 inguru zaborrera doa edo fruta oso handia delako edo oso txikia delako edo kurbatuegia dagoelako. Arrantza munduan antzeko zerbait gertatzen da. Kasu honetan, erabiltzen diren teknikak direla eta, nahi ez diren milioika arrain arrantzatu eta hil ondoren itsasoratuak dira.

Familietan ere janari kopuru handiak xahutzen dira. Stuartek egindako kalkuluen arabera, Erresuma Batuko familiek, bataz beste, erosten duten janariaren laurdena botatzen dute zaborrera.

Nazio Batuek aurtengo maiatzean argitaratutako txosten baten arabera, garatutako eta garapen bidean diren herrialdeak dira janari gehien xahutzen dituztenak. Herri aberatsetako biztanleek Saharatik hegoaldera dauden biztanleek ekoizten duten bezain beste janari xahutzen dugu eta barazkiak eta frutak dira gehien xahutzen diren elikagaiak.

Txosten honen arabera, garapen bidean diren herrialdeetan xahuketa handiena produkzio fasean ematen da azpiegitura egokiak falta direlako. Herri garatuetan, berriz, xahuketa banaketa eta kontsumo faseetan ematen da. Gure gizartean, janariaren itxurak garrantzi handia du, eta aurrerago esan bezala, hainbat janari zaborrera botatzen da ezarritako ‘eredua’ betetzen ez duelako.

Kontsumitzaileak
Herrialde aberatsetan, biztanle bakoitzeko, bataz beste, 900 kilo janari ekoizten da, herri txiroetan baino bikoitza. Inkesta baten arabera, kontsumitzaile gehienak prest izango lirateke itxura ez hain egokia duten produktuak erosteko baldin eta kaltegarriak ez badira eta zapore ona badute. Planteatzen den beste iradokizun bat ekoizleak eta kontsumitzaileak modu zuzenagoan lotzea da, supermerkatuen estandarretatik ihes eginez. Zentzu honetan, oso kritikagarriak lirateke “eraman 3 eta ordaindu 2” bezalako kanpainak, azken finean, behar duguna baino gehiago kontsumitzera bultzatzen baitute.

Neurriak Europa mailan
Gaia oso kezkagarria da eta jada Europar Batasuneko parlamentuan da. Hil honen hamabian, parlamentuak Europar Batasuneko etxebizitzetan ematen den janari xahuketa murrizteko neurriak eztabaidatuko ditu. EBak maneiatzen dituen datuen arabera, europar etxebizitzetan jangarri diren elikagaien ia %50a xahutzen da. Europan, nahiz eta krisia gogor astindu, bizitza maila nahikoa altua izaten jarraitzen dugu, baina hala ere, 79 milioi europear pobreziaren atarian bizi dira, eta hauetatik, 16 inguruk erakunderen baten laguntza behar du jan ahal izateko.

Salvatore Caronna europarlamentari italiarrak prestatutako txostenaren arabera, Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuetako Erakundeak dioenez, europarrok eta Estatu Batuetako biztanleek urtero 95 eta 115 kilo janari inguru botatzen dugu zaborrera. Afrikan, adibidez, kopuru hau 6/11 kilotaraino jaisten da.

Caronnak landutako proposamenaren xedea janari xahuketa erdiraino murriztea da 2025erako. Horretarako, besteak beste, horniketa sareen eraginkortasuna hobetzea planteatzen da, produktuak saltokietara bere iraungitze-datatik ahalik eta urrutien iristeko. Era berean, ontziratzeetan ere aldaketak planteatu nahi dira, sarritan, ontzi batean pertsona batek jan ahal duena baino gehiago baitago eta ondorioz, soberan geratzen den janari hori zaborrean amaitzen baitu.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.