EAEko gazteriaren % 40 liburutegi edo mediatekatara joaten da

Urriaren 24an Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatu zen eta hori dela eta Gazteen Euskal Behatokiak euskal gazteriak liburutegietara eta mediatekatara joateko duen ohiturari buruz egindako ikerketa baten inguruko datuak kaleratu ditu. Ikerketa aurtengo martxoan burutu zen EAEko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean.

Aipatu ikerketaren ondoriorik esanguratsuena honakoa da: euskal gazteriaren ia % 40ak, % 39ak hain zuzen ere, aurreko hilean liburutegi edota mediatekaren batera joan zela adierazi du. Duela bost urte egindako antzeko ikerketaren datuekin alderatuta, liburutegi edo mediatekatara gerturatu diren gazteen kopurua hazi egin dela azpimarratu behar da. Horrela, 2007 eta 2008 bitartean Kulturaren Euskal Behatokiak eginiko antzeko inkesta batetik lortutako emaitzekin alderatuz gero, liburutegietara joateko ohitura zabaldu egin dela ikus dezakegu, bost urteko epean % 33tik % 39ra pasatu delarik.

Sexuari dagokionez, ikerketa berri honek neskek mutilek baino zabalduago dutela liburutegietara joateko ohitura adierazten du. Horrela, nesken %45ak aurreko hilean liburutegi edota mediatekaren batera joan zela adierazi duen bitartean, kopuru hori % 34raino murrizten da mutilen kasuan.

Adinean behera egin ahala handiagoa da liburutegietara joaten diren gazteen ehunekoa, eta 25 eta 29 urte bitarteko gazteen artean laurdenak baino pixka bat gehiago badira liburutegietara hurbiltzen direnak (% 28), 15 eta 19 urte bitartekoen artean erdiak baino gehiago izatera pasatzen dira (%54).
Gazteak bizi diren udalerriaren tamainak ere eragina du liburutegietara joateko ohituran: udalerri ertainetan edo hiriburuetan bizi direnak gehiago joaten dira (% 40), 10 000 biztanle baino gutxiagoko herrietan bizi direnak baino (% 35).

Lurralde historikoei dagokienez, Arabako gazteak (% 43) Gipuzkoakoak baino neurri handiagoan joaten dira liburutegietara (% 41), eta azken hauek Bizkaikoak baino gehiago (% 37).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.