Laborategiko arratoiak

Lau hamarkada atzera egingo bagenu, 1972 urtean geundeke, beste gertaera askoren artean ni jaio nintzeneko urtea izateaz gain, Lemoizko zentral nuklearra eraikitzen hasi zeneko urtea ere izan zen hartan hain zuzen ere. Hasieratik eman ziren zentralaren eraikitzearen aurkako protestak, mugimendu ekologista, inguruko bizilagun eta garai hartako Euskadiko Ezkerra eta Herri Batasuna talde politikoen aldetik. Bost urte geroago, 1977 urtean, Bilboko kaleak 200.000 pertsonek osatutako manifestazio batek hartu zituen zentralaren obrak geldi zitezen aldarrikatzen, baina orduko erakundeek ez zuten inguruko udalerri eta bizilagun guzti haien alegazioak onartu eta Iberduero enpresa elektrikoaren alde egin zuten.

Horraino iritsi ziren hitzak. Ondoren pistolek hartu zuten mintzoa eta hurrengo bost urteetan emandako indarkeriak utzitako zazpi pertsonen heriotzak behar izan ziren, azkenean, 1982an zentralaren eraikitze lanak geldiarazteko. Pertsona horietako bost, ETAk gauzatutako ekintzen biktimak izan ziren, zentralaren lanekin zerikusi zuzena zuten langile eta ingeniariak bostak. Seigarren biktima ETAkide bat izan zen, eta zazpigarren biktima Gladys del Estal aktibista anti-nuklearra, zein Guardia Zibilaren tiro batek hil zuen.

Itzul gaitezen salto batez gurera, eta dakusagun berrogei urte geroago badagoela zer gelditu eta kalera ateratzeko arrazoirik, baina nola aldatu diren gauzak kamarada. Orain krisia ez da nuklearra eta are gutxiago lokala. Oraingo krisia finantza-botereak eta banketxeek eragin dute, ekonomikoa da eta globala. Orain terrorea ez dute pistolek eragiten, hitzek baizik, uneoro komunikabideetan entzun edota irakurtzen ditugun hitz terroristek: langabezi tasa, murrizketak…Eta horien artean hitzik asesinoena: etxegabetzea. Azaroaren 9an emakume batek balkoitik behera bere buruaz beste egin zuen Barakaldon epai-batzordea etxegabetzea gauzatzera hurbildu zitzaionean. Egun batzuk lehenago, urriaren 25ean, Granadan beste gizon batek ere bere buruaz beste egin zuen egoera berak eraginda. Banketxeen ekintzarik bortitzena ez da armatua, baina tiro batek duen ondorio tragiko bera eduki dezake beraz.

Azaroaren 8an Burgos aldeko Sotopalacios herrian gizon batek banketxe bateko sukurtsal bati su eman zion bere jabetzako lursail bat enkantean aterako zutela jakinarazi ziotenean. Honek aukeran, bere buruaz beste egin baino, nahiago izan zuen bere gaitzaren eragile zuzenei indarkeriaz erantzun. Ez zuen atxiloketa baino lortu, baina gainontzekooi beldurrak irentsita gauzkala erakutsi zigun, eta akaso piztuko du herritarron artean egoera hau indarkeriarik gabe gainditzeko biderik egongo ote denaren zalantza.
Lemoizko zentral nuklearraren krisia gainditzeko hamar urte eta zazpi heriotza zuzen behar izan ziren. Antzua da horrelako konparaketa bat eta ez dauka inolako oinarri zientifikorik, baina banketxeen etxegabetzearen politika zalantzan jarri eta gobernuari horren aurrean neurriak hartu arazteko, bi pertsonek beren buruaz beste egin behar izan dute. Susan George pentsalari eta aktibista estatubatuarraren hitzak aipatu nahi ditut bertan, zeinek esan duen greziar eta espainiarrak laborategiko arratoiak bezalakoak direla, gizarte honek zenbaterainoko zigor eta sufrimendu maila jasan dezakeen neurtzeko, herritarrak matxinadara jo gabe. Horrela bada, Sotopalaciosen esperimentuak kale egin du, eta egia esanda, aukeran nik ere nahiago ditut banketxeak sutan ikusi, jendea bere burua etxetik behera botatzen baino.

Gotzon Sanchez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.