Krisiaren ondorengo belaunaldi galdua

2007. urtera arte, gazteen langabezia-tasa, mundu mailan, gradualki murrizten ari zen. Urte horretan, krisiaren eztandarekin, gazteen langabezia-tasak berriz gora jo zuen, eta urte pare eskasean, aurreko urteetako aurrerapen guztiak ezerezean geratu ziren. gazteen langabezia-tasak bere gorena jo zuen 2009an eta gaur egun, %12,7an kokatzen da. Hau oso kopuru baxua da estatuan den %52,1arekin alderatuta baina ehuneko horrek adierazten du munduan 25 urtetik beherako 75 milioi gazte langabezian aurkitzen direla, hau da, duela bost urte baino lau milioi langabetu gehiago. NLEk egindako aurreikuspenen arabera, langabezia kopuru hauek, gutxienez, 2016ra arte mantenduko dira.

Oso gazteen langabezia-tasa altuak dituzten herrialdeetan, Espainia, Irlanda edota Grezia kasu, ‘belaunaldi galdua’ terminoa erabiltzen hasiak dira. Aipatu herrialde hauetan gazteriak pairatzen duen langabezia arazo estrukturala bilakatu da eta bertan ematen diren lan merkatuaren baldintzetan gazteek oso zaila dute lanpostu egonkor eta duin bat aurkitzea. Horrek, noski, etorkizunean jasoko duten soldatan eta izango duten lan motan eragin zuzena izango du.

Gazteen langabeziaren arazoa Europan eta garapen bidean diren herrialdeetan bereziki ematen den arazoa bada ere, egungo ekonomiarik indartsuenetan ere arazo honi egin behar diote aurre.

Zer egin?
NLEren txostenaren arabera, gero eta gazte gehiago dira itxaropena galdu dituztenak. Lan merkatuan barneratzeko aukera urrien aurrean, gero eta gehiago dira hezkuntza sisteman jarraitzea erabakitzen dutenak. Hala izango ez balitz, gazteen langabezia-tasa oraindik ere askoz ere altuagoa izango litzateke.

Adituen ustetan, hau eztanda egin dezakeen lehergailua izan daiteke. Izan ere, azken urte hauetan bere lan merkaturatzea atzeratzea erabaki duten gazteak lan merkatuan txertatzea erabakitzen dutenean (bizpahiru urte barru edo), arazo handiak izango dira gazteen artean lanpostu bat aurkitzeko, eskaera eskaintza baino askoz ere altuagoa izango delako. Horrek gainera, eskainiko diren lanpostuen baldintzetan eragin negatiboa izango duela salatzen dute adituek.

Horiek dira hain zuzen ere gaur egun gazteriaren gehiengoak dituen lanak: aldi baterakoak, ordainsari eskasarekin, produktibitate eskasekoak, bere espektatibak betetzen ez dituztenak eta lan baldintza hobeak lortzeko bestelako lanpostuetara bide ematen ez dituztenak. Aldi baterako lanpostuen kasua, adibidez, ekonomia garatuen ezaugarria bilakatzen ari da, gurean argi eta garbi ikusi ahal izan dugun moduan. Horrela, lanaldi partzialerako kontratua edota aldi baterako kontratua duten gazteen kopurua baldintza bera duten helduruen kopurua baino askoz gehiago hazi da krisi garaian.

Hezkuntza da irtenbidea

Testuinguru beltz honen aurrean, hezkuntza da irtenbide bideragarri bakarrenetakoa. Hezkuntza eta trebakuntza funtsezkoak dira lan merkatuan barneratu ahal izateko eta barneratze hori ahalik eta baldintzarik egokienetan lortzeko. Gure bezalako ekonomia aurreratuetan, hezkuntza da langabeziaren aurrean izan daitekeen babesarik bakarrenetakoa eta hori, langabetuen hezkuntza mailan islatzen da modu argian. Horrela, zenbat eta ikasketa maila altuagoak izan orduan eta langabezia tasa edo langabezian geratzeko arrisku txikiagoa.

Zoritxarrez, une honetan, hezkuntza maila altu bat ez da automatikoki lanpostu batean bilakatzen. Krisi garaietan, produkzio sistemak egokitu behar izaten dira eta, ondorioz, produkzio ehuna eta hezkuntza sistemaren arteko desdoitze bat ematen da. Horregatik, funtsezkoa da hezkuntza sistema eta lan merkatuaren beharren arteko doikuntza eta, gazteen kasuan, bere trebakuntza hasi baino lehen irtenbide profesionalen inguruko informazioa biltzea.