Gabonei buruzko beste historia bat

Gabonetan Jesus Nazaretekoaren jaiotza ospatzen da. Guztiok ikasi dugun bezala, Jesus abenduaren 25ean jaio zen, baina gero eta garbiago dago data hori ez dela zuzena. Ikerketa desberdinek frogatu ahal izan duten bezala, Jesus ez zen neguan jaio eta, seguruenik, udaberriko beste edozein egunetan kokatu beharko litzateke bere jaiotza.

Akats horren jatorria Dionisio Urria monjean bilatu behar da. Dionisiok, 523. urtean, Kristautasunaren lehen urtea finkatzeko agindua jaso zuen, betiere, Jesusen jaiotzatik abiatuta. Dionisio bere garaiko matematikaririk onenetakoa zen eta Jesusen jaiotza a.u.c (ab urbe condita; Erromako Herriaren sorreratik) 753. urteko abenduaren 25ean kokatu zuen. Baina bere kalkuluetan, ondoren jakin ahal izan denez, gutxienez, hiru akats nabarmen izan zituen.

Jesus ez zen negu partean jaio eta, seguruenik, udaberriko beste edozein egunetan kokatu beharko litzateke bere jaiotza

Jesusen jaiotza aipatzen duten ebanjelio bakarrak Lukas eta Mateorenak dira, baina horietan ez da datarik ematen. Lukasen arabera, Jesus jaio zen gauean artzainak omen zeuden bere artaldeak zaintzen. Adituen ustetan, ezinezkoa litzateke urteko garai horretan artzainak atari zabalean gaua pasatzen aurkitzea eta, horregatik, Jesusen jaiotza apirila eta iraila bitartean kokatzen dute.

Jai paganoak

Abenduaren 25 Jesusen jaiotzarako data izatea ez da kasualitate hutsa. Izan ere, erromatarren garaia baino lehen, eguzkiaren gorespenerako jai paganoak burutzen omen ziren abenduaren amaieran, neguko solstizioarekin batera. Jai horietan, gastronomiak paper garrantzitsua zuen. Eliza katolikoak Gabonen hasiera Jesusen jaiotzatik 345 urtetara ofizial egin zuen, eta askok kritikatzen dutenez, erabaki hori oraindik indarrean ziren jai paganoekin amaitzeko politikan oinarritu zen.

Santa Claus, zuhaitza eta jaiotza

Gabonak ospatzen dituzten gizarte guztietan ohikoa da egun horietan opariak egitea. Opariak ekartzen dituen pertsonaia desberdina da herrialdearen arabera, baina munduan nagusi den pertsonaia Santa Claus edo Papa Noel litzateke. Antza denez, figura hori San Nikolas bezala ezagutzen den Mirako (Turkia) gotzainaren bizitzan oinarritzen da. Gotzain hori ezaguna egin zen behartsuekiko zuen onberatasun eta eskuzabaltasunagatik eta, horretan oinarrituta, Gabonetako mito hori sortu zen.

Gabonetako beste ezaugarri nagusietako bat gabonetako zuhaitza dugu. Ohitura horrek herri germaniarretan du bere jatorria. Izan ere, neguan zuhaitzak hostorik gabe geratzen zirenean, herri horietako biztanleek zuhaitz horiek apaintzen zituzten bertan bizitzen ziren espiritu onak ahalik eta lasterren bueltatzeko. Gehien erabiltzen ziren apaingarriak sagarrak eta margotutako harriak ziren eta horiek dira 1750. urtean Bohemian erabiltzen hasi ziren kristalezko bolen jatorria.

Etxeetan jaiotzak jartzearen ‘erruduna’ Asisko San Frantzisko dugu. Antza denez, 1220. urtean, Asisko San Frantziskok Belenera bidaiatu zuen eta han txundituta geratu zen bertakoek Gabonak nola ospatzen zituzten ikusi zuenean. Erromara bueltatu zenean, Asisko San Frantziskok baimena eskatu zion Honorio III Aitasantuari Jesusen jaiotza antzezteko. Jaiotzen inguruan ere nahikoa eztabaida izan dira eta urteen poderioz horien itxura ere aldatu da. Horrela, hasieran, soilik Jesus azaltzen zen behi eta asto batekin batera. Ondoren elizak izarra eta Ama Birjinarenen irudia ere inposatu zituen.