Elvira Jimenez (Greenpeace): “Egungo politikekin arrantzak ez du etorkizunik”

Greenpeace arrantza jasangarriaren aldeko kanpaina burutzen ari da. Azaldu ahal diguzu kanpaina honen nondik norakoak?
Kanpaina 2009an hasi zen, Europan burutzen ari zen Arrantza Politika Amankomunaren erreformaren eztabaidarekin batera. Politika hau 10 urteren buruan soilik aldatzen da eta presioa egiteko une aproposa zela ikusi genuen. Gure helburua, noski, ozeanoen kudeaketa jasangarriago bat lortzea da. Kontutan izan behar dugu, aipatu politikak europar arrantza-ontzidiak jarraitu behar dituen lan irizpideak finkatzen dituela, hau da, nola arrantzatu behar duen, zein kopurutan… Presio lan hori burutzeko, arrantzaleekin harremanetan izan ginen eta hauen kezkak jaso genituen. Europako ia arrantzale gehienek kezka berberak azaldu dizkigute: jasangarriak ez diren arrantza txankuen erabilera, orekatua ez den arrantza-kuoten banaketa, laguntza falta… Estatuaren kasuan gainera, arrantzaleek politikariekin zuzeneko harremanak izateko duten ezintasuna salatzen dute, hauek, azken finean, arrantza enpresa handien esanetara makurtzen direlako. Kanpainaren amaiera APAren inguruan burutzen ari den eztabaidaren amaierarekin bat egitea nahi dugu eta horretarako, kanpainaren barruan egin dugun jarduerarik esanguratsuena Errumania hasi eta datorren ekainaren 8an Londresen amaituko den Arctic Sunrise ontziarekin egin dugun bidaia da.

Zeintzuk dira ohiko arrantzaren abantaila nagusienak?
Funtsean, arrantza tradizionala selektiboak diren txankuetan oinarritzen den eta itsasoaren kudeaketa jasangarria ahalbidetzen duen arrantza da. Arrantza industriala ez bezala, arrantza tradizionala enpresa txikietan oinarritzen da, gehienetan familia baten esku dagoena, ontzi txikietaz osatzen dena eta jatorrizko kaitik nahiko gertu arrantzatzen ohi dute. Abantaila ekologikoak ezezik, arrantza tradizionalak hainbat abantail sozio-ekonomiko ere ditu, berriki Greenpeacek kaleratu duen azterlan batean ikusi ahal den bezala. Horrela, arrantza tradizionalak enplegu lokala sustatzen du eta, gainera, kaltetuen diren sektoreen artean ere enplegua sustatzen du, hala nola, emakumeak, gazteak edota 55 urtetik gorako gizonezkoak. Arrantza jasangarriak, gainera, epe luzerako enplegua sortzen du, harrapaketak zaintzean etorkizunean ere zer arrantzatzerik egongo dela bermatzen baita.

Zein puntutaraino da jasangarria orain arte nagusitu den arrantza industriala?

Europar Batasunak berak aitortzen duenez, gaur egun arrain-stocken 2/3 gain-ustiatuta daude. Mediterraneoaren kasuan egoera askoz larriagoa da. Zientzilariek emandako datuek, argi eta garbi, stocken gainbehera nabaria azaltzen dute eta arrantzaleek ere arrantzatzeko gero eta arrain gutxiago daudela onartzen dute. Politikariek ere datu hauen guztien berri dute baina, zoritxarrez, ez dira neurri egokiak hartzeko nahiko ausartak eta egoera honetara eraman gaituztenak laguntzen jarraitzen dute.

Arrantza tradizionalarekin soilik posible litzateke gaur egun dugun arrain kontsumo mailari aurre egitea?
Badira galdera horri baietz erantzuten dioten zenbait ikerlan eta, gainera, sistema hori ekonomikoki ere positiboa izango litzateke. Kontutan izan behar dugu laupabost urtez arrantza industriala geldiaraziz, arrain-stockak modu nabarmenean biderkatuko liratekeela eta, modu horretan, etorkizunean ere arrantza egiteko aukera ziurtatuko litzateke. Hori esanda, kontsumitzaileon aldetik ere pentsaera aldaketa bat eman behar da. Urteko edozein sasoian edozein arrain mota erosteko aukera izatera ohituta gaude eta horrek oso eragin kaltegarriak ditu. Gurea bezalako lurralde batean, non dibertsitate handia aurki dezakegun, komenigarria litzateke sasoi bakoitzean diren arrainak kontsumitzea. Gezurra badirudi ere, kanpotik ere arrain dexente inportatzen dugu eta horrek kalte egiten dio bertako arrainen prezioari.

Egun indarrean diren politikak aldatzen ez badira, zein nolako etorkizuna du arrantza tradizionalak?
Harrapaketak murriztuz joan diren heinean, batez ere arrainik ez dagoelako, enplegua ere suntsitu da. Hau ez da kasualitatea; Europa mailan ezarri diren politiken ondorio zuzena da. Estatu mailan, azken urteetan arrantza sektoreko lanpostuen %60 inguru suntsitu da eta Euskadin bertan, %22 inguru. Arrantzaleek garbi dute gaur egungo politikekin arrantza sektoreak ez duela epe ertain eta luzean inolako etorkizunik. Zorionez, dena ez da beltz kolorekoa; gure kanpainako leloak dioen bezala arrantza jasangarria etorkizuna da. Oraindik egoerari buelta emateko aukera dago.

Euskadi arrantza ohitura handia duen herrialdea dugu baina ordezko belaunaldirik ez dagoela dirudi. Nola egin daiteke sektore hau erakargarriago gazteriarentzat?
Zoritxarrez, gaur egun, sektore honetan 30 urtetik beherako gazte bat lanean aurkitzea oso zaila da. Bataz besteko adina 45 urte ingurukoa da. Sektore hau familietan oinarritu izan ohi da, ontziak belaunaldiz belaunaldi transmititu direlarik. Orain arte esan dugun guztia dela eta, gaur egungo gazteriak nahiago du arrantza alde batera utzi eta beste zerbaitetan lan egin. Horrela, azken urteetan, betetzen ez ziren lanpostu horiek guztiak etorkinek betetzen zituztela ikusi ahal izan dugu, hain zuzen ere, bertako gazteek ez zutelako ontziratu nahi. Paradoxikoki, etorkin hauek arrantzale ziren bere jatorrizko herrialdeetan baina gure arrantza industrialak bere baliabideak xahutu dituenez gurera etorri beharrean aurkitu dira. Belaunaldi erreleboarena hor dagoen arazo bat da, baina arrantza tradizionala ekonomikoki errentagarriagoa bilakatzen den heinean, belaunaldi gazteak ere sektorera gerturatuko direlakoan gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.