
Dinosaurioak duela 231 milioi urte inguru azaldu ziren gure planetan (Triasiko izenarekin ezagutzen den aroan) eta duela 65 milioi urte inguru desagertu ziren (Kretaziko izenarekin ezagutzen den aroan). 135 milioi urtez planeta bere menpean izan zuten dinosaurioek eta, hauen artean, bereziki, Tyrannosaurus Rex beldurgarriak. Azken urteetan, inoiz izan den haragijalerik ikaragarriaren inguruan azterlan desberdinak burutu dira, batez ere T-Rexek zuten elikadura ohituren eta hauen hozkadaren inguruan.
Inoiz izan diren animalia guztien artean, zalantza izpirik gabe, Tyrannosaurus Rex (T-Rex) dugu harraparirik nagusiena. 6 tonatik gorako pisua zuen haragijale honek beti izan du hiltzaile bihozgabearen fama, baina azken urteetan, zenbait zientzilarik T-Rexaren harrapari izaera zalantzan jarri eta sarraskijale bat besterik ez ote zenaren zalantza zabaldu dute.
Dena den, aurkikuntza berri bati esker T-Rexak ohiko ospea berreskuratu du. Izan ere, Kansas Unibertsitateko paleontologo talde batek T-Rex batek bere biktima izandako hadrosaurio belarjale baten buztanan emandako hozkadaren aztarna aurkitu berri du. Aipatu ikerlari taldeak T-Rex baten hagina aurkitu du hadrosaurioaren bizkarrezurrean sartuta eta, hortik abiatuta, ikerlariek T-Rexak ehiztariak zirela ondorioztatu dute.
Bestelako ikerlanetan zenbait T-Rexen sabeletan zeuden aztarnak aztertu dituzte. Bertan, hadrosurio gazteen aztarnak aurkitu dituzte baina ezin izan dute ondorioztatu horiek bizirik ala hilik zeuden. Azken aurkikuntza honetan, berriz, T-Rexaren hagina hadrosaurioaren bi bertebren artean kokatuta aurkitu da eta honen inguruan osatutako hezur ehunak aurkitu dira. Ondorioz, hadrosaurioa T-Rexaren erasotik bizirik atera zela ikus daiteke.
Liverpooleko Unibertsitateko ikerlari talde batek ordenagailuen bidez egindako simulazio bati esker, T-Rexaren hozkada, izan diren eta diren animalien artean, hozkadarik boteretsuena dela ondorioztatu du. Ikerketa honetan, gizaki, krokodilo eta Allosaurus teropo haragijale baten burmuinak T-Rex baten burmuinaren tamainarekin parekatu dituzte bakoitzaren hozkadak alderatzeko. Simulazioan lortutako emaitzen arabera, T-Rex baten hozkadak 20.000 Newtonetik gorako indarra zuen, eta zenbait kasutan, 57.000 newtonetara ere irits zitekeen. Liverpool Unibertsitateko Karl Bates-ek azaldu duenez, T-Rexaren hozkadaren indarra kalkulatzea zientzilarien artean eztabaida dexente sortu duen gaia izan da, azken finean, ez baitago T-Rexaren matrail-hezurreko giharrik. Hori dela eta, azterlan guztiak ordenagailuekin egiten diren modelo estatistikoetan oinarrituta burutu behar dira.