Alkoholak eragin zuzena du gazteen DNAn

UPV/EHUko ikerlaria den Adela Rondónek, Mexikoko Nayarit Unibertsitate Autonomoaren lankidetzarekin, asteburuetan gazteek egiten duten alkohol kontsumoak zein nolako eragina duen aztertu du. Ikerlan honen arabera, asteburuetan egiten den kontsumoak soilik zelulen mintza eratzen duten lipidoetan eta zelularen material genetikoan eragin zuzena du. Ikerlan hau aitzindaria da, izan ere, orain arte inork ez baitu alkoholismoaren fase goiztiarretan alkoholak duen eragina aztertu. Alkoholismoaren eragina denbora luzez alkohola kontsumitu duten pertsonetan aztertu izan da nagusiki; eta, beraz, horien koadro klinikoa kalte hepatikotik hainbat minbizi-motatara doan gaixotasun bat, depresioa eta nerbio-sistemako arazoak izaten da.

Alkohola duten edarien kontsumoa mundu osoan ematen den fenomenoa da. Gehiegizko kontsumoak arazo larriak sortzen ditu kontsumitzaileen osasunean. Munduko Osasun Erakundearen arabera, urtero, 2,5 milioi pertsona hiltzen dira alkoholaren eraginez. Hauetatik guztietatik, 300.000 baino gehiago 19 eta 25 urte bitarteko gazteak dira. Heriotza ez ezik, alkoholaren neurri gabeko kontsumoak osasun arazo larriak ere sor ditzake, fisikoak zein mentalak.

Adela Rendón ikerlariari Mexikoko Institutu Politekniko Nazionalean biokimika klinikoko eskolak ematen ari zenean sortu zitzaion asteburuetan alkohola edateak izan zezakeen oxidazio-eragina ikertzeko ideia. Astelehen-goizetan lehen orduan eskolara joaten ziren ikasle askori arreta falta eta ondoez orokorra antzematen zitzaien, biak ala biak asteburuan alkohola edan izanaren eraginak. Ikertzaileak proposatu zien aztertzea nola eragiten zion organismoari ikasleen ustez minik egiten ez zuen asteburuko kontsumo horrek.

Ikasleak bi taldetan banatu ziren: kontrol-taldea alkoholik edaten ez zuten gazteek eratu zuten; azterketa-taldea, asteburuetan edaten zutenek. Pertsona osasuntsuak zirela egiaztatzeko, hau da, azterketaren emaitza alda zezakeen inolako gaixotasun edo mendekotasunik gabeko pertsonak zirela ziurtatzeko, odol-analisiak egin ziren. 18-23 urteko gazteak ziren, eta, batez beste, 118 g alkohol —litro eta erdi garagardo gutxi gora behera— edaten zuten.

Ikerlanaren zehar, Deshidrogenasa alkohol entzimaren jarduera neurtu zen. Oxidazio-kaltea TBARen saiakuntza biokimiko baten bidez ebaluatzen da, eta horrek islatzen du mintzak jasaten duen lipoperoxidazioa, bai odoleko etanolaren ondorioz, bai entzimak etanolaren gain eragiteagatik sortzen den azetaldehidoaren ondorioz. Horrenbestez, gutxienez bi modu daude zelula-mintza honda dezaketen erradikal askeak sortzeko. Ikertzaileek oxidazio-kaltea aurkitzea espero zuten, baina emaitzak atentzioa eman zien, Adela Rendónen arabera. “Ikusi genuen edaten zutenek edaten ez zutenek baino bi aldiz oxidazio-kalte handiagoa zutela”. Eta, hain zuzen ere, alkohola edaten zutenen taldekoen kromatinak halo txiki bat uzten zuen, kontrol-taldekoena baino handiagoa. Zehazki, emaitzen arabera, zelulen % 8k zuen kaltea kontrol-taldean; eta edaten zutenen taldean, berriz, % 44k. Hala, bada, edaten zutenen taldeak 5,3 aldiz zelula gehiago zituen kaltetuta.

DNAn kalte esanguratsu bat dagoela esan ahal izateko, kometa-adatsak 20 nm baino handiagoa izan behar du; eta ez zen horrela, kasu horretan. “Zorionez”, dio ikertzaileak; “baina ez lukete inolako kalterik izan behar, oso denbora gutxi daramatelako alkohola edaten, ez direlako edaten aritu modu kronikoan”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.