Nerabeen erdiak ez du uste Interneten ezagututako ezezagun batekin geratzea arriskutsua denik

Horixe dio estatuko 13 eta 19 urte bitarteko 8.000 gazterekin egindako ikerlan batek

Azken bi urteetan 13 eta 19 urte bitarteko gaztekin egindako ikerlan honen arabera, nerabeek ez dute Internet arriskutzat hartzen. Horrela, aipatu ikerlanaren arabera, inkestatutako nerabeen gehiengoak Interneten den arriskua txikia dela dio. Hala ere, ikerlan honek agerian uzten duenez, Interneten diren arriskuekiko pertzepzio hau, hauen kudeaketan baino, ez-jakintasunean oinarritzen da. Horrela, aipatu adin tarteko mutilen %50ak eta nesken laurden batek ez du Internet bidez ezagututako pertsona ezezagun batekin geratzea arriskutsutzat jotzen. Azterlan honen arabera, mutilen % 44,5 eta nesken % 37,1k ezezagun bat onartu du lagun gizarte sareren batean. Are gehiago, nesken %20ak Internet bidez ezagututako pertsona batekin bildu dela onartzen du. Mutilen kasuan, berriz, kopuru hau %25eraino hazten da.

Azterlan honek kezkarako datu gehiago uzten ditu. Horrela, inkestatutako nerabeen gehiengoak sexting-a praktikatzen ez duela esan arren (nesken %1,1 eta mutilen %2,2) nesken laurden batek eta mutilen heren batek bere gurasoek onartuko ez lituzketen argazkiak sarera igo dituztela onartzen du. Eduki sexuala duten argazkiak partekatzeak suposatzen duen arriskuaren inguruan galdetzerakoan, mutilen % 16ak eta nesken % 5ak inolako arriskurik ez dagoela adierazi du. Azterlanak gogoratzen duenez, sarera igotako eduki guztien gaineko kontrola galdu egiten da. Gainera, hainbat nerabek eduki hauek bere bikotekideei xantaia egiteko erabiltzen dituzte, batez ere harremana eten nahi denean. Hala ere, nesken %1,3k eta mutilen % 2,5k bere bikotekidearekin izaera sexuala duten edukiak partekatu dituela onartzen du. Adituen ustetan, nerabeek ez dituzte maitemintze prozesuan egindako ekintzek etorkizunean izan ditzaketen ondorioak aurreikusten, nolabait, harreman hori betirako izango dela uste baitute. Hala ere, nerabetasunean diren harreman gehienak eten egiten dira eta bikotekide ohiek min eta kalte handiak sor ditzakete horrelako edukiak izanik.

Azterlan honek ere bikotekideek egiten duten kontrolaren gaineko hausnarketa egiten du. Horrela, nerabeen % 30ak bere bikotekideen gehiegizko kontrola pairatu duela onartzen du. Gizarte sareek eta Whatsapp bezalako aplikazioek arazo handiak sortzen dituzte bikotekideen artean mesfidantza sustatzen dutelako eta bikotekidearen mugimenduak kontrolatzeko aukera ematen dutelako.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.