Euskal gazteriak herritarren parte-hartze handiagoa aldarrikatzen du bake eta bizikidetza prozesuan

Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak burututako ‘54. Euskal Soziometroa- Bakea eta Bizikidetza’ azterlanan diren datuetan oinarrituta, Gazteen Euskal Behatokiak euskal gazteriak bake prozesuaren inguruan dituen iritziak aztertu ditu.

18 eta 29 urte bitarteko gazte gehienek (% 53) egun bake prozesua ‘geldirik’ dagoela uste dute. Aldiz, inkestatutako gazteen heren batek (% 32) prozesua aurrera doala uste du. Portzentaje hau, prozesua aurrera doala uste duten pertsona helduen ehunekoa baino altuagoa da.

Azterlan honen baitan, ETAk armak entregatzea eta erakundea desegitea (% 39) eta euskal presoak Euskal Herriko gartzeletara gerturatzea (% 37) dira arlo honetan euskal gazteek dituzten aldarrikapen nagusiak. Inkestatutako gazteen % 28arentzat alderdi politiko guztiak Eusko Legebiltzarreko ‘Bake eta Bizikidetza ponentzia’ren inguruan ados jartzeak ere bake prozesuan aurrera egiteko baliogarria izango litzateke. Gazteentzat ondoko ekimenak ere garrantzitsuak direla azpimarra daiteke: polizia-gehiegikeriengatik sortutako mina aitortzea (% 13), Ezker Abertzalearen inguruko pertsonak atxilotzeari uztea (% 11) eta tortura kasuak gehiago ikertzea (% 11).

Biktimen kasuan, gazteriaren % 93ak biktima guztiekin justizia egin behar dela adierazten dute, bai ETAk sortutakoekin eta baita polizia indarkeriak sortutakoekin. Era berean, gazte gehienek argitu gabe dauden atentatu eta giza eskubide guztien urraketa guztiak argitu behar direla uste dute. Aipatu azterlanaren arabera, gainera, hamar gaztetatik bederatzik ETAk biktimei sortutako mina aitortu behar duela azaltzen du eta zortzik, berriz, ez dela ez garaiturik ez garailerik izan behar uste du.

Egun biztanleriak bake prozesuan izan dezakeen parte hartzearen inguruan nahikoa kritiko azaltzen da gazteria. Horrela, gazteen % 71k herritarrek orain baino modu aktiboagoan inplikatu behar dutela uste du, baina, era berean, horretarako bideak ez direla jartzen adierazten dute.
Bukatzeko, esan beharra dago lau gaztetik hiruk (% 76) datozen urteetan Euskal Herrian bakea egonkortuko denaren itxaropena dutela. Portzentaje hori nabarmen igo da aurreko urteetatik hona (% 54koa baitzen 2002an eta % 58koa 2005ean).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.