Elikagai berriak probatzeko beldurrak eragin kaltegarriak ditu

Elikagai berriak probatzeko beldurra edo probatu nahi ez izatea elikagai-neofobia izenarekin ezagutzen da. Hori, nahiko arrunta izaten da haurtzaroan, batez ere, 2-3 urte bitarteko haurretan eta, normalean, bost urte ingururekin pasa egiten da. Dena den, aipatu elikagai-neofobia hori nerabeetan eta baita pertsona helduen artean ere aurki daiteke.

Zenbait ikerketen arabera, bataz beste, hamar haurretatik lau neofobikoak dira. Barazkiak eta proteinetan aberats diren elikagaiak dira gehien errefusatu ohi diren elikagaiak (teorian gure gorputzerako osasuntsuen diren elikagaiak). Fenomeno hori ‘orojalearen paradoxa’ izenarekin ere ezagutzen da. Izan ere, gizakiok edozein dietara egokitzeko gai garen arren, zenbait kasutan dieta horren zenbait elementu mehatxutzat hartzen ditugu. Antza denez, hori gure arbasoetatik oinordetzan hartutako biziraupen mekanismoa da. Horri esker, toxikoak izan daitezkeen elikagaiak probatzera uko egiten diogu. Ikerketa desberdinek frogatu ahal izan dutenez, elikagai-neofobia hereditarioa litzateke kasuen % 80 inguruan.

EHUko ikerketa

Edurne Maiz, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko ikertzaileak fobia horren inguruko ikerketa bat burutu berri du 8 eta 16 urte bitarteko 800 ikaslerekin. Aipatu azterketa, alderdi desberdinen inguruko galdetegietan oinarritu da, hala nola, elikagai berriak jateko joera, bizimodu ohiturak (elikadura eta ariketa fisikoa), gurasoen elikadura-eredua edota zenbait aldagai psikologiko (autoestimua, antsietatea…) Maizek azaldu duenez, “horrekin guztiarekin, alde esanguratsuak ikusi ditugu aldagai askotan, alde estatistikoki esanguratsuak”.

Ikerlariak azaldu duenez, “jokaera neofobikoak ondorio dietetiko kaltegarriak izan ditzake, elikagaien aniztasuna murriztu egiten baita”. Dieta mediterraneoaren kalitate-maila txikiagoa dute azterketan parte hartu duten haur neofobikoek; ziur asko, funtsean, fruta eta barazki gutxiago jateagatik eta aldian-aldian jan beharreko elikagaiak maizago jateagatik gertatzen da hori.

Gurasoen eragina

Baldintza normaletan, gurasoak izaten dira seme-alabek zer, zenbat eta noiz jaten duten kontrolatzen dutenak. Gurasoak dira ere gazteei elikagai berriak probatzera gonbidatzen-behartzen dietenak. Hainbat kasutan, presio horrek —zeina sortzen baita elikagaia errefusatzeak gurasoei eragiten dien frustraziotik— eragin kaltegarria izan dezake haurraren egoera emozionalean eta, bestalde, neofobia-maila handiagoetara eraman ditzake haurra.

Ikerketan, haur neofobikoek beren gurasoek estimulazio bidezko elikadura-eredua erabiltzen dutela adierazi dute eta haur neofilikoen (alegia, denetik jaten duten eta elikagai berriak probatzea atsegin duten haurren) gurasoek baino gutxiago kontrolatzen dituztela. “Ondorioztatu dugunez, gurasoek, hasiera batean, asko kontrolatzen eta estimulatzen dituzte bere seme-alabak, baina uneren batean etsi egiten dute, gurasoek ere sufritu egiten baitute egoera horrekin”.

Antsietateari dagokionez, datuek adierazten dute bai haurtzaroan zein nerabezaroan, parte-hartzaile neofobikoek neofilikoek baino antsietate-maila handiagoak dituztela. Halaber, autoestimuari dagokionez, haur neofobikoek neofilikoek baino puntuazio baxuagoak lortu dituzte autokontzeptuarekin lotuta aztertutako bost dimentsioetan (familia, gizartea, fisikoa, emozionala eta akademikoa); nerabe neofobikoek, berriz, puntuazio baxuagoak lortu dituzte familiarekin lotutako autokontzeptuan eta fisikoan.

Nolanahi ere, ez dira alde nabarmenik aurkitu haur batzuen eta besteen gorputzaren konposizioan. “Baliteke hori hala izatea, gaur egun, nutrizio-osagarri asko daudelako eskura, eta, une jakin batean, elikaduraren osagarri gisa har litezkeelako”, ondorioztatu du Maizek.

Ikertzailearen ustez, “haurren elikagai-neofobiako kasuak garatu ez daitezen, eta areagotu ez daitezen” gurasoek pazientzia izan behar dute; izan ere, “ikusi da heldu eta haur askok dutela arazo larri bat arrazoi horregatik”, azaldu du. Ikertzailearen iritziz, arazo hori saihesteko, garrantzitsua da haurren eta gurasoen arteko lotura sendoa izatea, eta, bestalde, gomendio hauek egiten ditu: “otorduetan giro atsegin eta lasaia izatea, haurrek janaria prestatzen eta erosten parte hartzea, errefortzu positiboak erabiltzea eta, azkenik, gurasoak eredugarri izatea”.