Epaile batek txakurraren zaintza banatu du bikotekideen artean

Badajozeko epaile batek txakurraren zaintza duela bost urte banandu ziren bikotekideen artean banatzea erabaki du. Auzia duela bost hilabete hasi zen, auzi-jartzailea den Paqui Barrios-ek orduantxe bere bikotekidea izandakoari txakurraren zaintza partekatua eskatu zionean.
Luis Romualdo Hernández epaileak emandako epaiaren arabera, hots, zaintza partekatzearena, animaliek ondasun higigarrien izaera dute, “ondasun baten aurrean gaude, berez zatiezina dena. Honen aurrean bi aukera daude, zaintza bati ematea eta honek besteari kalte-ordaina ematea edota zaintza partekatzea” adierazi zuen epaileak.
Bitxia badirudi ere, epaileak Nagaicho Jainkoaren iparamerikar indioen elezahar bat ere aipatu zuen. Honen arabera, Nagaichok mundua sortu zuen; ondoren gizona eta emakumea eta baita beste animalia guztiak ere txakurra izan ezik, hau beti han izan zelako. “Gauza guztien gainetik, txakurraren zeregin nagusiena konpainia egitea da, batez ere hiriko gizarteetan. Konpainia honen ondorioz, logikoki, sentimendu sakonak sortzen dira” amaitu zuen epaileak. Bere epaia oinarritzeko epaileak Internet erabili omen du eta adierazitakoaren arabera, Google-en ‘txakur’ hitza jarriz 20 milioi sarrera baino gehiago azaltzen dira.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.