Bat zuretzat. Beste bat niretzat

Martxoaren 18an, Europar Batasunak eta Turkiako gobernuak Greziatik Europara sartzen ziren siriar errefuxiatuen fluxuarekin amaitzeko helburua duen eta historikotzat jo daitekeen akordioa berretsi zuten. Akordioa zenbait egun lehenago adostu zen, martxoaren 7an, hain zuzen ere eta, horren baitan, Egeo itsasoan diren greziar uharteetara iristen diren siriar errefuxiatu guztiak Turkiara bueltatuak izango dira. Errefuxiatuen lehen kanporatzeak apirilaren 4an hasiko dira. Soluzio erradikal horrekin, Europar Batasunak kudeatu nahi izan ez duen edo kudeatzen jakin ez duen krisia itxi nahi izan du. Nola? Premia larrian diren milaka gizakiei mugak itxiz.

Akordioa, nazioarteko legalitatea kolokan jartzeaz gain, porrot handia da gatazkan diren herrialdeetatik ihes egiten ari diren errefuxiatuentzat. Europa, krisi honi behar bezalako irtenbidea emateko gaitasun edo gogo faltagatik, biderik errazena hartu eta, Batasunaren baloreak ahaztuz, beste alde batera begira eta hainbat kontraprestazioen truke, soluzioa turkiarren esku utzi du. Izan ere, errefuxiatu horiek guztiek Turkiatik pasa behar dute derrigorrez Greziara iritsi ahal izateko. Orain arte, Turkiak ez du inolako oztoporik jarri, baina hori, itxi den akordioarekin, amaituko da. Pasa den urtean soilik, milioi bat pertsona baino gehiago sartu ziren Europar Batasunean ilegalki, batez ere Turkiatik Greziara. Egunero 2000 errefuxiatu inguruk Turkia eta Grezia arteko bidea egiten duela uste da.

Horrela, hemendik aurrera Greziara iristen diren errefuxiatu guztiak Turkiara bueltatuak izango dira. Akordioa itxi baino lehen iritsi zirenek, momentuz, Grezian geratzeko aukera izango dute. Une honetan, 40 000 errefuxiatu inguru izan daitezkeela kalkulatzen da. Hitzarmenaren baitan, Turkiara bueltatzen den errefuxiatu bakoitzeko Europar Batasunak Turkian finkatuta dagoen beste bat hartu beharko du bere gain. Lehen fase batean, Europak 72 000 errefuxiatu hartu beharko ditu hitzartutakoaren arabera baina, kontuan izan behar da pasa den urteko udan 22 000 errefuxiatu hartzeko hartutako konpromisoa oraindik ere bete gabe dagoela (18 000 falta dira). Modu horretan, Europar Batasunak asilo programa berri bat diseinatu beharko du baina, kasu horretan, zuzenean Turkiatik kudeatuko da, Europako ekialdeko herrialdeetako mugetan zen presioa txikituz. Aurreko urtean bezala, kupo sistema berri bat adostu beharko da baina, momentuz, Hungariako lehen ministro Victor Orbánek azaldu duenez, ez du inolako inposiziorik onartuko.Errefuxiatuei Europara ez etortzeko eskatu zaie; Turkian geratzen direnak Europara iristeko aukera gehiago izango omen dituzte. Greziara iritsi eta Turkiara bueltatuak direnak, aldiz, asilo eskaeren zerrendetako azken postuetan jarriko dira. Sistema hau soilik siriar errefuxiatuentzat erabiliko da. Beste herrialdeetako errefuxiatuek (Irak, Afganistan, Eritrea…) ez dute aukera hori izango. Zergatik siriarrak bai eta gerran bizi diren beste herrialde horietako errefuxiatuak ez? Batek daki. Erakunde desberdinek egindako kalkuluen arabera, greziar uharteetara iritsi diren errefuxiatuen %40 inguru afganiarra edo irakiarra zen.

Behin behineko akordioa ezagutzera eman zen une beretik, horren legaltasunaren inguruko zalantza handiak sortu dira. Bere kezka azaldu duten erakundeen artean, adibidez, Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia (ACNUR) aurkitzen da. Genevako Konbentzioaren arabera, asilo eskaera egin duten errefuxiatuak hirugarren herrialde batera bidaltzea ez da onargarria. Kasu honetan, gainera, kontuan hartu behar da Turkiak ez duela aipatu Konbentzioa sinatu. Turkia errefuxiatuentzat toki segurua dena uste duen herrialde bakarra Bulgaria da; beste estatu-kide guztiek ez dute horrelakorik esan. Amnesty International erakundeak, berriz, akordioa ‘guztiz lotsagarria’ dela azaldu du.

Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak ere Europa barruan kanporatze kolektiboak debekatzen ditu. ACNUR-eko europar arduradun Vicente Cochelet-ek azaldu duenez, “horrelako kanporatze kolektiboak europar zein nazioarteko legediaren kontrakoak dira”. Greziak berak bere legedia aldatu beharko du errefuxiatuak kanporatu ahal izateko.

Hitzarmen horren beste protagonista nagusia Turkia bera da. Adituen ustetan, Turkiak etekin handiak lortu behar izan ditu errefuxiatu guztiak bere gain hartzeko ardura onartzeko. Kontuan izan behar da, estimazio desberdinen arabera, Turkian jada 2,7 milioi errefuxiatu inguru bizi direla. Iturri desberdinen arabera, Europar Batasunak 3000 milioi euro inguru gehiago emango dizkio Turkiari errefuxiatuen ardura kudea dezan (antza denez, Ankarak 6000 milioi euro gehiago eskatu zituen). Gainera, ekainetik aurrera, turkiar herritarrek ez dute bisa behar izango Schengen Eremuan sartu ahal izateko. Modu horretan, 75 milioi turkiar libre izango dira Europatik zehar mugitzeko. Erabaki hori ez da, adibidez, Britania Handiko alderdi eskuindarren gustukoa, horietako asko Ingalaterrara joango direla uste baitute. Europar Batasunak Turkia Batasunaren barruan onartzeko izapideak ere azkartuko dituela iragarri du.

Eta zer irabazten du Europak? Epe motzean, bi gauza: ekialdeko estatu-kideen mugen gaineko presioa txikitu, batez ere Greziaren kasuan eta, Schengen Eremua berean utzi. Izan ere, errefuxiatuen krisiak Europan zehar askatasun osoz mugitzeko askatasunaren gaineko zalantzak sorrarazi ditu hainbat estatu kidetan (Austria, Danimarka, Hungaria edota Suedia, besteak beste).

Esan bezala, akordioak desadostasun handia sortu du europar hiritarren artean, nolabait ere, Europar Batasunaren filosofiaren kontra egiten duelako. Gainera, ez dago garbi akordioak Mediterraneoan bizi izan diren ezbeharrekin amaituko duenik. Izan ere, printzipioz, soilik Greziatik Turkiara bueltatuak izan diren errefuxiatuek izango dute Europan sartzeko aukera. Ondorioz, horietako askok Grezian sartzen saiatuko dira, bueltatuak izan ondoren zerrendetan azken postuetan izan arren, bere aukera bakarra izan daitekeelako. Gainera, irakiar eta afganiar errefuxiatuak akordio horretatik at geratu dira eta, seguruenik, Europan sartzeko bestelako bideak bilatzen saiatuko dira.

EB eta Turkiaren arteko harreman konplexuak
1987ko apirilaren 14an Turkiak Europar Batasuneko (garai horretan Europako Ekonomia Erkidegoa) kide izateko eskaera egin zuen. Hamabi urte pasako dira Turkiaren hautagaitza ofizialki onartu ahal izateko (1999ko abendua) eta beste bost negoziaketak hasteko agindua emateko (2004). Garbi dago Europa eta Turkiaren arteko harremanak ez direla errazak. Sinatu berri duten akordioak prozesua azkartuko duela dirudien arren, Turkiarentzat ez da ibilbide erraza izango. Ekonomikoki oso kide interesgarria izan daitekeen arren, (77 milioi biztanle eta munduko 18. ekonomiarik indartsuena), Greziak eta, batez ere, Ziprek, bere onarpena behin eta berriro oztopatu dute. Izan ere, Turkiak ez du Zipre ofizialki onartzen eta 1974. urtetik ez geroztik, uhartearen iparraldea militarki okupatuta du. Hori dela eta, Ziprek Turkiaren onarpenari betoa jartzeko eskubidea du.

Baina Turkiaren arazoak ez dira hor amaitzen. Estatu laikoa izan arren, islama da bertako erlijiorik nagusiena. Europako zenbait herrialdek (Frantziak nagusiki), ez du begi onez herrialde musulman baten onarpena ikusten, arazoak sor ditzakeelakoan. Albaniaren onarpena, adibidez, arrazoi horregatik dago geldirik.

Azkenik, Turkiaren biztanle kopurua ere arazo bat da. Europar Batasunaren barruan botere banaketa biztanleriaren arabera banatzen da, hau da, biztanle gehien dituzten estatuek boto gehiago dituzte. Ia 78 milioi biztanlerekin, Turkiak 86 boto inguru izango lituzke. Bere aurretik bakarrik Alemania aurkituko litzateke (82 milioi biztanle) eta Frantzia (78) edota Erresuma Batua (78) bezalako herrialdeek baino boto gehiago izango lituzkete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.