Globalizazioaren B aldea

Globalizazioa azken hamarkadetako fenomeno ekonomiko garrantzitsuena dugu. Funtsean, mundua homogeneizatu eta herrialde industrializatuenei merkatu berriak zabaltzeko aukera eman die. Abantailak asko izan diren arren, orain bestelako arazoak ere agerian geratzen ari dira.

Globalizazioa merkatuen arteko batasuna eta kultura eta gizarteen arteko hurbilketa mugitzen duen prozesua dugu. Prozesu horren ondorioz, gure planeta unitate bakarra bilakatu da eta produkzio moduak eta kapital mugimenduak mundu mailan ematen dira. Zenbait historialarirentzat globalizazioa Industria Iraultzarekin batera hasi bazen ere, irakurketa errealistago batek prozesua, bereziki, pasa den mendearen 80ko hamarkadan azkartu zela azalduko luke. Garai horietan, herrialde aberatsetako industria garrantsitsuenek merkatu berrien beharra zuten hazten jarraitu ahal izateko eta, ohiko merkatuek gehiagorako ematen ez zutenez, munduko beste herrialde batzuetara zabaldu behar izan zuten.

Azken hamarkadetan, beraz, ekonomia mailan hartu diren erabaki nagusienak globalizazio prozesu hori errazteko bideratu dira. Globalizazioak, noski, onura handiak ekarri dizkigu, batez ere mendebaldean edo herrialde garatuenetan bizi garenoi. Bertako enpresen hazkundeari esker gure gizarteak aberastu dira eta horrek, modu ez zuzenean izan bada ere, on egin digu. Era berean, asko dira globalizazioaren aurka altxatu diren ahotsak, batez ere, kapitalismo basatiaren zabalkuntza besterik ez dela salatuz.

Baina egun indarrean den modelo ekonomikoak ez du gehiagorako ematen. 2008an bizi izan genuen lurrikararen ondoren kapitalismoaren berrirakurketa egin behar zela adierazi zuten askok. Egoera baretu denean, berriz, gutxik gogoratzen dute behar hori. Hala ere, ekonomiak ez du askok espero zuten hazkunde maila lortzen eta oso garai berezia bizitzen ari gara. Horrela azaldu zuen Deusto Business School-eko Guillermo Dorronsoro-k Donostian burutzen ari diren UPV/EHUko Uda Ikastaroetan.

Dorronsorok laburtu zuenez, lau dira gaur egungo ekonomia deskribatzen duten fenomenoak: zorpetzea, interes tipo negatiboak, inbertsio maila baxuak eta gizarte aberatsen zahartzea.

Hazkunde ekonomikoa galgatu zenean, herrialde gehienek zorpetu behar izan zuten bere bizitza mailari eutsi ahal izateko. Une honetan, sorgin-gurpil antzeko batean sartuta izango ginateke non, ekonomikoki hazi ahal izateko zorpetu beharrean gauden. Epe ertain-luzera, noski, egoera sostengaezina bilakatuko da.

Bigarren ezaugarria interes tipo negatiboena izango litzateke. Une honetan teoria ekonomiko guztiak hankaz gora jartzen ari dira, aurrezten duena zigortu egiten delako. Interes negatiboetan egindako inbertsioak bere osotasunean bueltan izango dituzunaren bermea ez du inork ematen.

Ziurgabetasun testuinguru horretan, inbertsioak geldirik daude. Enpresek soilik eskaeren baitan ekoizten dute eta egoerak nabarmen onera egingo duenaren zalantza handia denez, gutxi dira inbertitzera animatzen direnak.

Azkenik, gure gizarteak gero eta zaharragoak dira. Herri aberatsetan jaiotze tasak negatiboak ere izaten dira. Epe laburrera, gutxi izango dira lan merkatuan sartzeko adinean izango direnak eta asko jubilatuko direnak. Ondorioz, langile gutxi izango dira jubilatu horien guztien beharrak mantentzeko. Gezurra badirudi ere, egoera horretan, gazteen langabezia tasak oso altuak dira herri industrializatuetan, kasu gehienetan, langabezia tasa orokorraren bikoitza izatera ere iristen delarik. Egoera hau, gainera, inoiz baino belaunaldi trebatuagoa den une batean ematen da.

Esan bezala, egun indarrean den eredu ekonomikoa agortuta dagoela dirudi. Hala ere, oraindik ekonomiaren % 98a eredu horretan oinarritzen da. Izan badira beste aukera batzuk, hala nola, ekonomia kolaboratiboa, ekonomia zirkularra, elkartasunaren ekonomia, ekonomia feminista… baina oso pisu gutxi dute. Gainera, historian zehar ikusi ahal izan dugun moduan, aldaketa sakonak ez dira egun batetik bestera ematen. Ondorioz, ez da epe motzean sekulako iraultza espero.

Egoera honen aurrean zer egin gure gizarte eredua edo ongizate eredua mantentzeko? Dorronsorok azpimarratzen duenez, gakoa lehiakorrak garen sektore ekonomikoak bilatzea da. Une honetan sektore horiek ezagutzan oinarritzen diren sektoreak lirateke. Ekoizpen gordinean oinarritzen diren sektoreetan (ikusi altzairuaren sektorean jazotakoa) oso zaila dugu garapen bidean diren herrialdeekin lehiatzea. Horrela, ezagutza jarduera ekonomikoan bilaka daitezkeen sektoreetan inbertitu beharko litzateke. Alemania da eredu hori jarraitu duen herrialdeetako bat eta, gaur egun, beste herrialdeak baino jarduera industrial handiagoa du. Modu berean, zientzia eta berrikuntzan gehien inbertitzen dituzten herrialdeek langabezia tasa baxuagoak izaten dituzte. Fenomeno hori Espainian bertan ere ikus daiteke erkidego desberdinen artean. Zentzu horretan, Euskadi eta Nafarroa Estatu mailan ondo kokatuta dauden arren, mundu mailan puntako diren herrialdeetatik urrun aurkitzen dira. Eta gure zientzialarien ametsa ikerketa zentro garrantzitsuenetan lan egitea da, ez hemen lan egitea.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.