Lan baldintza okerragoak emakume gazteentzat

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak Euskadiko emakume gazteen lan baldintzak agerian uzten dituen txostena aurkeztu du. Emakume gazteek oro har lan merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzte eta hori lortzen dutenean baldintzak gizonenak baino okerragoak izaten dira.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ‘Ibilbide moreak: emakume gazteen egoera lan munduan’ izeneko txostena aurkeztu berri du. Aipatu txosten horretan, Euskal Autonomia Erkidegoan bertan emakume gazteek lan merkatuan sartzeko dituzten zailtasunak ez ezik, behin lanean daudenean pairatu behar izaten dituzten desparekotasunak ere aztertzen dira.

Izan ere, Euskadin bizi diren 16 eta 29 urte bitarteko emakume gazteen soldata, batez beste, adin bereko gizonena baino 266 euro txikiagoa da. Estatu mailan, adibidez, gizon batek eta emakume batek irabazten duten soldatan eman daitekeen aldea, batez beste, % 24koa da.

Baina nola iritsi gara egoera horretara? Europar Batasunak berak adierazten duenez, neska eta mutil guztiak aukera berberekin jaiotzen dira. Hala ere, urteak aurrera joan ahala, ikasketa eta lan itxaropenak aldentzen doaz. Txikitatik nesken etorkizuna zaintza eta besteekiko arretara bideratu ohi den bitartean, mutilena teknologia eta antzekoekin lotu izan da. EGK-ko presidente Maialen Olabek txostenaren aurkezpen ekitaldian azaldu duenez legeak berdintasuna sustatzen duen bitartean, errealitatean genero sozializazioa ematen da eta, ondorioz, segregazio horizontala ematen da. Horrela, sektore batzuk feminizatuago azaltzen dira (erizainak, ile-apaintzaileak…) Txostenean azaltzen den moduan, adibidez, 2013/14 ikasturtean goi-mailako ikasketak burutu zituzten ikasleen % 55,4 emakumeak ziren. Datu hori ikusita, pentsa daiteke goi-mailako ikasketak burutzen dituzten ikasleen artean kopuruari dagokionez behintzat, oreka handia dagoela generoen artean. Hala ere, ikasturte horretan, arkitektura amaitu zuten ikasleen artean soilik %30 ziren emakumeak.

Txostenak emakume gazteek bere lehen enplegua lortzeko izaten dituzten arazoak ere aztertzen ditu. Datuek emakume gazteen langabezia tasa (% 26,2) gizon gazteena (% 32,3) baino baxuagoa dela azaltzen badute ere, errealitatea bestelakoa da. Izan ere, emakumeek enplegu ez txertatuan amaitzeko joera handiagoa azaltzen dute, hots, ikasi duten horrekin harremana ez duten enpleguetan. Enplegu txertatua ematen diren kasuetan EGK-ren txostenak emakumeen kasuan sarritan gainkualifikazioa ematen dela salatzen du, hots, trebakuntza maila txikiagoa eskatzen duten lanak egiten dituztela.

Gazte guztien egoera berdina ez den arren, oro har, prekarietatea nagusi izaten da lehen lanpostua lortzen denean. Asko dira bere lehen lana kontraturik gabe egin behar izaten dituzten gazteak. Aditu desberdinen arabera, ezkutuko ekonomia EAEko Barne Produktu gordinaren %17 inguru izango litzateke. Praktika hori, gainera, bereziki oso feminizatuta dauden ostalaritza bezalako zerbitzu sektoreetan eman izan ohi da. Kontratuak egiten diren kasuetan ere prekarietatea nagusi izaten da. Denboraldi baterako kontratuen kopurua aztertzen bada, gazteen proportzioak (% 56,8) gizarte osoan ematen dena hirukoizten du (% 21,4). Emakume gazteen kasuan kopurua handiagoa litzateke.

Kezkarako beste datu bat: lanaldi partzialeko enplegua hedatuago dago emakume gazteen artean (% 48,9) gizon gazteen artean baino (% 22,1). Sarritan etxean egin beharreko lanak emakumeen kontua dela pentsatzen da (genero sozializazioa) eta ondorioz, lanaldi partziala kontziliaziorako lagungarri dela azaldu izan ohi da. Lanaldi partzialean aritzen diren emakume gazteak, orainaldian ez ezik, etorkizunean ere arazoak izaten dituzte, besteak beste, etorkizunean izan daitekeen langabezia-sorospenean edota erretiro errentaren gainean eragin zuzena duelako.

Hau guztia gutxi balitz, txostenak azaltzen duenez, emakume gazteek lan bera egiteagatik mutil gazteek baino gutxiago kobratzen dute. Bien arteko arraila, gainera, gero eta handiagoa da eta, horrela, azken urteetan gazteen batez besteko soldatak gora egin duen bitartean, emakumeenak behera egin du.

Puntu honetan, soldaten arteko desparekotasuna debekatzen duen araudi bat dela gogoratu behar da. Zer dela ematen da orduan aipatu soldata-arrakala? EGK-ren txostenak zazpi faktore edo arrazoi ematen ditu fenomeno hori azaltzeko: kontratuen behin-betikotasuna handiagoa da emakume gazteen artean; emakume gazteek izaten ohi dituzten kontratu motak direla eta aintzinatasuna bezalako soldata-osagarriak urriagoak dira; jardunaldi partzial eta murriztuak ohikoagoak dira emakume gazteen artean; feminizatuago diren lan sektoreek aintzatespen gutxiago izaten dute eta horrek eragin negatiboa du soldatetan; zenbait jarduera edo kategoriatan genero bereizketa azaltzen da; ibilbide profesionala garatzeko oztopoak (haurdun geratzeko asmoa, estereotipoak…); eta, jada aipatu den gainkualifikazioa.

Egoera, beraz, kezkagarria da benetan. Horren aurrean, EGK-ko presidentak Berdintasun Plan desberdinen jarraipen eta ebaluazio kontrol altuagoak eskatu dizkie erakunde publikoei. Enpresen kasuan, bai negoziazio kolektiboan, bai lan-arloko segurtasun trebakuntzan eta bai politikak diseinatzeko orduan genero ikuspegia kontuan hartzea eskatu du Olabek.

Txostenaren amaieran desparekotasun egoera horri buelta emateko zenbait proposamen luzatzen dituzte EGK-ko kideek. Lehenik eta behin, lan munduan berdintasuna sustatzen dituzten planak garatu eta horiek diren kasuetan bere ezarpena kontrolatu behar dela azpimarratzen dute. Negoziazio kolektiboa ere funtsezkotzat jotzen dute berdintasunerako bide horretan.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.