Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak martxan jarri duten ekimenari esker

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat baliagarriak izan daitezkeen 1.000 artikulu baino gehiago sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Proiektuan, aipatu erakundeez gain, unibertsitateak, kultura-eragileak eta Lanbide Heziketako zein Batxilergoko ikasleek hartuko dute parte. Egitasmoa hiru urtez luzatuko da eta, guztira, 600.000 euroko aurrekontua izango du (Eusko Jaurlaritzak urtero 200.000 euro bideratuko ditu).

Ekimena ‘Wikipedia guztiek eduki beharreko 1.000 artikuluen zerrenda’ ekimenean du jatorria, baina aipatu adin tartera egokitu da. Horretarako, aurreko ikasturteetan ikasleek euskarazko Wikipedian sortu den trafikoa aztertu da eta, horren arabera, jorratu beharreko gaiak aukeratu dira. Zenbait kasutan, egun jada diren artikuluak hobetu egingo dira eta beste batzuetan, berriz, guztiz berriak izango dira. Eduki horiek guztiak 15 gai nagusitan banatu dira: Matematika, Geografia eta Historia; Hizkuntzak; Ekonomia Ekintzailea; Plastika eta Ikus-entzunezkoak; Biologia eta Geologia; Kultura Zientifikoa; Emakumea eta Generoa; Kultura Klasikoa; Musika, Dantza eta Antzerkia; Fisika eta Kimika; Informazio eta Komunikazio Teknologiak; Literatura; Filosofia; eta, Gorputz-hezkuntza.

Proiektua zabalik dago bertan parte hartu nahi duen edonorentzat. Argibide gehiago http://wikimedia.eus estekan aurki daiteke.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.