Gazteen osasunean generoak garrantzi handia du

FADek, Fundación Mutua Madrileñarekin elkarlanean, estatuko gazteriaren bizitzaren eta osasunaren inguruko txostena prestatu du. Txosten horrek ondorio bitxi bat utzi du: emakume gazteek gizon gazteek baino emaitza kaxkarragoak lortzen dituzte osasun-adierazle gehienetan. Adibidez, emakumeek gaixotasun kroniko gehiago izaten dituzte eta osasun mentalari dagokionez, depresioak izateko joera handiagoa omen dute.

Txostena “Barómetro juvenil de vida y salud” izenburuarekin aurkeztu da eta bere helburua estatuko gazteriaren osasun fisiko zein mentalaren inguruko argazki bat lortzea izan da. Horretarako 15 eta 29 urte bitarteko 1.200 gazte inkestatu dira.

Osasun mentala

Asko dira ikerketak jorratu dituen osasun–alderdiak. Horietatik guztietatik, kezka gehien sortu duena osasun mentalaren inguruko datuak izan dira. Txostenaren arabera, azken hamabi hilabeteetan estatuko gazteriaren ia heren batek osasun mentalarekin harremana duen gaitzen bat izan du. Kasu horretan, emakume gazteek (% 33) mutil gazteek (% 23) baino joera handiagoa izan dute horrelako gaitzak izateko. Gehien errepikatzen diren sintomak honako hauek lirateke: nekea eta energia falta (% 29), lo egiteko arazoak (% 26), elikadura-desorekak (% 23) eta porrot sentimendua (% 19,3). Horrelako sintomaren bat izan duten gazteen kopurua nahikoa altua bada ere, horietatik bakarrik erdiak laguntza profesionala eskatu zuen eta, hainbat kasutan, familia-medikura mugatu zen.

Txostenak kezkarako zenbait datu utzi dituen arren, orokorrean, eta bereziki oinarrizko adierazleei dagokionez, nahiko emaitza onak eman ditu. Horrela, hainbat adierazleen kasuan estatuko gazteriak Europar Batasuneko gazteriak baino emaitza hobeak lortzen ditu. Adierazle positibo horien artean, esaterako, bizi-itxaropena (EB altuenetakoa) eta hilkortasun-tasa azpimarra daitezke.

Gazteen hilkortasun-tasari dagokionez, istripuak dira heriotzarako arrazoi nagusia gazteen artean. Horrela errepideko istripuak dira gazteen artean heriotza-kausa nagusia, bereziki gizonen artean. Errepidean hiltzen den emakume gazte bakoitzeko bost gizon gazte hiltzen dira. Dena den, txostenean azaltzen den moduan, heriotza-kausa nagusia izan arren, istripuen indizea inguruko herrialdeetakoa baino baxuagoa da (3,9 hildako 100.000 biztanleko).

Elikadura eta pisua

Elikadura osasuntsuaren eta gehiegizko pisuak ekar litzakeen ondorioen inguruan asko hitz egin den sasoi honetan, FADek prestatu duen txostenak datu bitxi bat utzi du. Izan ere, estatuko 15 eta 17 urte bitarteko nerabeen ia erdia egokia den pisutik behera aurkitzen baita. Ostera, obesitate arazoak dituzten adin-tarte horretako nerabeen kopurua % 5 ingurukoa besterik ez omen da; % 4,3 mutilen kasuan eta % 4,8 nesken kasuan. Kurioski, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean obesitate arazoak dituzten gazteen kopurua nabarmen hazten da: % 15,2raino mutilen kasuan eta % 9,4raino nesken kasuan.

Esan bezala, eta erreferentzia gisa gorputz-masaren indizea erabiltzen bada, 15 eta 17 urte bitarteko nerabeen % 38,6 bere adinerako egokia litzatekeen pisuaren azpitik aurkitzen da. Kasu horretan ere alde handiak daude neska eta mutilen artean. Horrela, teorian egokia den pisutik behera aurkitzen diren mutilen kopurua % 15ekoa besterik ez den bitartean, nesken kasuan ia % 50era iristen da. Kasu honetan ere, adinarekin kopuruak dezente aldatzen dira; 18 eta 29 urte bitarteko nesken % 64 pisu egokitik behera aurkitzen da eta mutilen kasuan % 50.

Pisuaren kontuak harreman zuzena du gazteek eman nahi duten irudiarekin. Horrela, gazteen % 86k bere itxuraz kezkatzen dela onartzen du. Ia kopuru berberak azaltzen du euren gorputzaren zatiren bat edo gehiago aldatuko lukeela bere itxura hobetzeko. Itxura ona izateko, gainera, asko dira argaltze-dietaren bat jarraitzen dutenak (% 37 nesken kasuan eta % 32 mutilen kasuan). Gazte gehienek argaltasuna itxura onarekin erlazionatzen dute eta ez hainbeste osasunarekin. Dietaren bat jarraitu duten gazteen ia erdiak (% 43) pisua galtzea lortu du, baina, aldi berean, % 18k dieta uztea erabaki du bilatzen zen helburua lortu gabe.

Azkenik, txostenak jasotzen duenez, bada elikadura-ohituretan zer hobetzerik. Inkestatutako gazteen heren batek gutxitan jaten du arraina. Astero bitan baino gehiagotan fruta freskoa jaten duten gazteen kopurua ere nahiko baxua da eta, ostera, egunero gozokiak edo pastelak jaten dituztenak % 45 izango lirateke.