KEZKA ADITUEN ARTEAN. Gero eta gehiago dira euren baginari bestelako itxura emateko baginoplastia edo labioplastia izeneko ebakuntzara jotzen duten emakumeak. Emakume gazteen artean, adibidez, ezpain handien zein txikien tamaina murrizteko joera nagusitzen ari da. Erresuma Batuan, adibidez, horrelako ebakuntza egin duten emakumeen kopurua bost aldiz biderkatu da azken urteetan.

Ikerketa baten arabera ez da eredutzat har daitekeen baginarik

Ez omen dago bagina ‘normalik’. Baginak hainbat itxura eta tamainakoak izan daitezke. Hori da, behintzat, Suitzako Lucerne Cantonal ospitaleko ikertzaileek 15 eta 84 urte bitarteko 657 emakumeen baginak aztertu ondoren ondorioztatu dutena. Ikerketa zuzena bada, beraz, emakumezkoen kanpo-genitalen inguruan hitz egiten denean ‘normala’ adjektiboa erabiltzeak ez luke zentzurik. Suitzarrek ikerketaren inguruko hainbat xehetasun eman dituzte ezagutzera. Ikerketa egiteko, adibidez, besteak beste, ezpain handiak, ezpain txikiak, klitoria, irekitze-baginala eta perineoa neurtu dituzte.

Ikerketan parte hartu duen Anne Kreklauk azaldu duenez, era guztietako baginak aurkitu dituzte. Ondorioz, batez besteko tamaina bat zehaztea edo bagina eredu bat zehaztea alferrikakoa izango litzatekeela onartu du. Gainera, kontuan hartu behar da ikerketan parte hartu duten emakume guztiak kaukasoarrak direla. Beste talde etnikoetako emakumeen baginak aztertuko balira, seguruenik, bariazioa handiagoa izango litzatekeela onartu dute ikerketa burutu duten adituek.

Ikertzaileek aurkitu dituzten joera bakarrak honako hauek izango lirateke: alde batetik, zenbat eta helduago orduan eta ezpain txiki eta perineo laburragoak eta, bestetik, gorputz-masa indize handiagoa duten emakumeek ezpain handi handiagoak dituztela.

Ikerketaren emaitzek hankaz gora botatzen dute hainbat emakumeren ideia. Izan ere, azken urteetan baginoplastien kopurua biderkatu da, bereziki, nerabeen artean. Printzipioz mina ekiditeko ebakuntza den arren, gero eta gehiago dira bere baginari itxura ‘hobea’ eman nahi dioten emakumeak.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.