Zeroa edo hutsa minus bat eta bataren artean dagoen digitua da. Zenbaki osoa ote den matematikariek ez dute argi. Dietista-nutrizionistok, aldiz, argi dugu: zenbaki arrunta da; arruntegia merkatuko apaletan. Zenbat zero dituzu sukaldean? % 0 koipeak, % 0 azukreak, % 0 edulkoratzaileak edota triple zero, hirurak batzen dituenak. Bada, horien nutrizio-balioa ere, hutsa.

Zientziak informazioa, datuak jasotzen ditu eta teoria onargarriak proposatzen ditu, behin-behinekoak direnak. Gero frogatu beharra daude, esandakoa egiaztatuz. Eta ez, ez da beti lortzen. Baina, ordurako, jada apalak aipatutako leloez beteta egongo dira. Esaterako, duela urte batzuk, abere-jatorriko koipeak kolesterol-mailen igoerarekin erlazionatu ziren. Orain gantzen kalitatea argitu behar da ordea, animalien bizi-kalitatearen arabera (giltzaperatuta bizi diren edo ez) eta jasotako elikaduraren arabera (pentsuak edo elikagai begetalak jaten dituzten). Dena den, % 0 koipeak onuragarritzat jotzen dugu oraindik; ahaztuta, grasak, bitamina A, D, E, K eta omega-3, -6, -9 ematen digutela. Elikagarriak kendu eta janariak urardotzen dira. Eta jatorri begetaleko guztiak ontzat hartzen dira, baina trans koipeak edo ase-ultraprozesatuak (koko, palmondo) ez dira.

Zeroz biderkatu! Harrez gero, ironikoki, ugaritu dira. Hots, azukrerik gabea (gehienez 0,5g/100g produktu bakoitzeko) edo azukre erantsirik gabea (berezkoak ditu baina ez zaizkio gehiago erantsi). Marmeladek, adibidez, fruituen berezko fruktosak, sakarosak eta glukosak ditu, eta azukre erantsirik gabeak izan daitezke —kontraesana dirudi arren—. Adi egon! Gatzarekin (sodioarekin) bera gertatzen da. Bestalde, laktosa edo gluten gabeko janariak ditugu, intoleranteentzako sortuta errealak izanda edo halaber, egin behar. Laktosa barik etiketak dio gehienez % 0,01 duela eta gluten barik dio gehienez 20mg/kg bakoitzeko duela. Beraz, zero balioa izatea ez da beti baliogabekoa. Alhokol edukiarekin gertatzen da ere bai. % 1,2 baino gutxiago duten edariak “SIN” etiketa jarri eta ez dute aitortu behar zenbatekoa duten. 0,0 zehaztapena, ordea, ez dago begietsita; baina % 0,04 edo gutxiago izanda, % 0ra biribiltzen da —elementu xurgatzailea ote?—.

Guztia gorabehera, kontsumo eredua eraldatuz goaz. % 0tik, gabekeriatik, km 0ra goaz. Orain bai, zero zifra bere osotasunean erabilita. Mauka-mauka Lurra jaten ari gara, elikadura-eredua ez delako jasangarria. 100 km-ren bueltan ekoiztutako produktuak lehenetsita, garraio kostuak gutxitzen dira, hondakinak murriztu, eta janariak heltze-une onenean jasotzen dira. Zero zabor eta zaporea bere osotasunean bermatuz —aurten ere, gainera, elikadura plastikorik gabe izatea aldarrikatzen da—. Bertokoak erosiz, hurbileko ekoizleak indartzen dira, gure herriko ekonomia garatuz. Batetik, gehiegizko bitartekariak ekiditen dira, eta bestetik, erosketa-prezioa estutu daitekeelako. Inguru ezkorra utzita, baikorrerantz.

Hurrengo pausua: Gosea Zero Helburu! FAO txostena dioenez, bederatzi pertsonetatik batek azpi-elikadura kronikoa pairatzen du. Estutasunean gaude, zerori ere; gure bezero ohiturek eragin handia dute: elikadura osasuntsurako, ingurumenerako, ekonomiarako eta besteenganako. Zero zenbaki osoaren ezkerretara jarrita, baliogabekoa da (zerori); eskuinetara, ordea, balioa bider 10 biderkatzen du (bezero). Hartu kontrola, aukeratu rola, egin dezagun froga!

Nerea Segura

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.