Munduko familia txiroenetako 10 eta 19 urte bitarteko 3 neskatotik 1 ez da inoiz eskolara joan. Berau da UNICEFek ezagutzera eman duen hezkuntzaren inguruko azken txosteneko esaldi latz eta krudelenetariko bat. Mundu mailan bizi den hezkuntza krisiari aurre egiteko, hezkuntza mailan egiten den gastu publikoaren banaketari erreparatu behar diogu. Izan ere, zergatik ez dute haur txiroenek kalitatezko hezkuntzarako sarbiderik eta zeintzuk dira berau gertatzea ekiditen duten oztopoak? Pobrezia, sexuaren ondoriozko diskriminazioa, desgaitasunak, jatorria, hizkuntzak, eskola eta etxebizitzen arteko distantzia edo azpiegitura gabeziak ume askok bizi duten pobrezia egoera betikotzen du eta hezkuntzarako sarbidea mugatzen die betirako. Herrialde askotan hezkuntzara bideratutako finantziazio falta dagoelako eta beste herrialde askotan hezkuntza arlora bideratutako diru-funtsak oso modu ezberdinean inbertitzen direlako sortzen da ekitate falta hezkuntzari buruz berbetan ari garenean. Desberdintasun horrek guztiak gela asko umez gainezka egotea, hezkuntza edo formakuntza egokirik jaso ez duten irakasleak egotea, hezkuntza material falta egotea edo hezkuntza azpiegiturak eskasak izatea eragiten du.

Zergatik ez dute haur txiroenek kalitatezko hezkuntzarako sarbiderik eta zeintzuk dira berau gertatzea ekiditen duten oztopoak?

Hezkuntzan egiten den gastu publikoa etxebizitza edo familia dirudunen aldekoa den bitartean, zelan egingo dute umeek alde pobrezia egoeratik aukera hobeen bila? Inoiz eskolara joan ez den haur batek edo haur hezkuntza amaitzean irakurtzen edo istorio sinple bat ulertzeko ahalmenik ez duen bitartean, haur pobreenei porrot egiten ariko da hezkuntzako gastu sistema. Nazioarteko datuetan oinarrituta 42 herrialderen hezkuntzan egindako inbertsioa aztertu ondoren, UNICEFek egiaztatu du munduko familia dirudunen % 20an bizi diren haurrek hezkuntzarako ia diru-funtsen bikoitza jasotzen dutela, familia txiroetako % 20an bizi diren umeekin alderatuz gero. Eta desberdintasun nabarmenenak Afrikan gertatzen dira: Ginea, Afrika Erdiko Errepublika, Senegal, Kamerun, Niger, Benin, Ruanda, Ghana, Togo edo Tunisian. Txanponaren bestaldean daude Danimarka, Barbados, Suedia edo Norvegia moduko herrialdeak, zeinetan UNICEFen txostenaren arabera hezkuntza gastua berdin banatzen den, familien pobrezia mailari erreparatu gabe.

Mundu mailako hezkuntza argazki hau kontutan izanik, UNICEFek gobernuentzako gomendio batzuk luzatu ditu ezberdintasunak murriztu eta hezkuntza krisi global honeri aurre egiteko:

  • Hezkuntzara bideratutako diru-funts publikoen banaketa egitean, etxebizitza txiroenetako %20an bizi diren haurrek finantziazio osoaren gutxienez %20 jasotzea.
  • Finantziazio publikoa lehenestea hezkuntza maila baxuenen alde.
  • Eskolaurreko urte bete gutxienez eskaintzea: hobeto ikasten dute, eskolan irauteko aukera gehiago dute… hezkuntzarako sarbide unibertsala lortzeko xedeaz.

Honek guztiak bat egiten du 2030 Agendan aipatzen den eta Garapen Iraunkorrerako 4. Helburuan (GIH) aipatzen den erronkarekin: kalitatezko hezkuntza inklusibo eta bidezkoa lortu beharra daukagu mundu mailan, etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatuz. Hezkuntza doakoa, bidezkoa eta kalitatezkoa izatea, berdintasunezko sarbidea bermatuz eta hezkuntza inguru seguruak, indarkeria gabeak eta eraginkorrak izanik. Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmeneko 28.artikuluak ere argi dio munduko haur guztiek dutela hezkuntzarako sarbidea, eta horretarako, gobernuek erabakiak hartu behar dituzte hezkuntzan egiten den finantziazio publikoa txiroenen alde lehenesteko. Hezkuntza da epe labur, erdi eta luzera, etorkizun hoberako giltza.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.