© Shutterstock.com

Filadelfiako Temple Unibertsitateko Lawrence Steinberg psikologoa aditua da nerabeen adimenaren azterketan. Psikologo estatubatuarra oso ondorio bitxira iritsi da: batez beste, nerabeek pertsona helduagoek baino modu ergelagoan jokatzeko joera dute. Gainera, joera hori, nabarmendu egiten omen da aurrean beste nerabe batzuk baldin badaude.

Steinbergek teoria hori frogatzeko joko antzeko bat egin du: adin desberdinetako hainbat pertsona aukeratu zituen gidatzeko simulazio jolas batean aritzeko. Pertsona heldu guztiek antzeko moduan gidatzen zuten bitartean, hots, trafiko arauak eta abar errespetatzen, nerabeek arrisku gehiago hartzen zituzten lagunak begira zituztenean. Steinbergen ustez, joko horretan ikusitakoa aintzat hartuta, nerabeak oso sentiberak dira haien parekoen eraginarekiko. Izan ere, nerabeek oso modu azkarrean ikasten dute zein gizarte-nitxotan ahokatzen diren hoberen eta hor direnean beren bizitza baldintzatuko duen izena garatzen saiatzen dira.

Mende honen hasieran Cornell Unibertsitatean egin zen azterlan batek jada antzeko ideia defendatu zuen. Azterlan horren arabera, nerabeek pertsona helduek baino ergelkeria gehiago egiten dituzte. Are gehiago, normalean, nerabeek badakite zer arrisku izan ditzaketen ergelkeria horiek, baina, hala ere, horiekin aurrera egitea erabakitzen dute, haientzat kideen onarpena eta berehalako eskersaria garrantzitsuagoak direlako. Ikerketa horretan jasotzen zenez, nerabetasunean drogak hartzea, babesik gabeko sexu-harremanak izatea edo mozkortu arte edatea dira lagunen artean onarpen-maila oso altua duten ekintzak. Horrela, ikerketaren arabera, nerabeek egiten dituzten ekintzen arriskuak helduek baino gehiago neurtzen dituzten arren,170 milisegundo gehiago, gutxi gorabehera, sarritan arriskua hartzea erabakitzen dute lagunen artean gizarte-estatusa lortzeko.

Izan ere, helduek arriskuak aurreikusiz ekiteko joera duten bitartean, nerabeek arriskuak eta etekinak baloratzeko joera izaten dute.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.