Abian da Beldur Barik 2020 lehiaketa

Abian da indarkeria sexista saihestea helburu duen Beldur Barik lehiaketaren XI. edizioa. Emakundek eta EUDELek antolatutako lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta gazteen artean errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentziorako jarrerak sustatu gura du. Horretarako, lehiaketak errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa bezalako baloreak sustatzen dituzten adierazpen artistikoak saritzen ditu.

Antolatzaileek azaldu duenez, egun bizi dugun osasun-egoera dela eta, aurtengo edizioa berezia izango da eta, nagusiki, sare sozialen eta webgunearen bidez egikarituko da.

Aurtengo edizioan, eta aurreko urteko edizioarekin alderatuta, ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira. Lanak aurkezteko epea azaroaren 5ean amaituko da eta irabazleen zerrenda azaroaren 30ean ezagutzera emango da. Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Bestalde, ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaio.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.