Igogailua matxuratu da

Hamabost urte baino gutxiagoan, ekonomiaren atzeraldiari eta mundu osoko pandemiari aurre egitea egokitu zaie gazteei. Ondorioz, ez da harritzekoa gero eta beranduago emantzipatzea.

Okerrera; horrela aldatu da Estatuko gazteen egoera. 15 urte baino gutxiagoan, atzeraldi ekonomiko bati eta mundu mailako pandemia bati egin behar izan diote aurre. Egia da koronabirusaren krisiak eta haren ondorio ekonomikoek herritar guztiei eragin dietela, baina galerna handia izan da 20-35 urte dituztenentzat, horietako asko jada aurreko krisiak jota zeudelarik.

Atzeraldi Handiak erdi nokeatuta utzi zuen duela 10 urte gazte belaunaldi oso bat, eta pandemiarekin erabat nokeatuta geratuko direla dirudi. Krisi Bikoitzaren belaunaldia da.

Seguru asko, gazte horietako asko gurasoak baino okerrago biziko dira, igogailu soziala hondatu egin baita. 

Igogailua matxuratu da

ELGAren kalkuluen arabera, Espainian zenbait hamarkada behar dira behe-klasetik erdiko klasera igarotzeko, eta dagoeneko ez da nahikoa belaunaldi bakarra, laurogeiko hamarkadan bezala. Okerrena da gero eta denbora gehiago behar dela goragoko klasera igotzeko.

Langabezia-tasa altua, 2001. urtetik eman den emantzipazio-tasarik txikiena eta pobrezia eta gizarte-bazterkeria jasateko arriskua gero eta handiagoak dira belaunaldi horrentzat.

Hamar gaztetik lau langabeak dira Espainian, Eurostaten datuen arabera (Europan, berriz, % 16). Gainera, hainbat kasutan, azpienpleguak nagusitzen dira; lanaldi partzialeko lanak. Azken hamarkadan, soldatak gehiago jaitsi dira gazteenen artean. Horren guztiaren ondorioz, bere gurasoekin bizi diren eta emantzipatu ezin diren 20 eta 29 urte bitarteko gazteen kopurua etengabe hazi da azken hamarkadan eta ia % 80ra iritsi da. Eurostaten arabera, kroatak, italiarrak, eslovakiarrak eta grekoak baino ez daude okerrago Europar Batasun osoan. Suedian, emantzipatzeko batez besteko adina 17,8 urtekoa da, 10 urte baino gehiagoko aldea. 

Euskadin, emantzipatzeko batez besteko adina oso altua da. Gazteen Euskal Behatokiak argitaratu berri duen “Gazteak, emantzipazioa eta etxebizitza-premia Euskadin, 2019” txostenaren arabera, 2019an emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 urtekoa zen. Ostera, aipatu txostenean jasotzen denez, euskal gazteen ustez, emantzipatzeko adinik egokiena, batez beste, 23,9 urte lirateke. Horrek esan nahi du Euskadiko gazteak nahi baino sei urte geroago emantzipatzen direla, batez beste.

Emantzipatzeko adinak gora egin du

Gazte askorentzat ikasi, lan egin, bikotekidea izan, etxebizitza erosi, seme-alabak izan eta erretiroa hartzea ohiko ekuazioa utopia bihurtu da. 

Bizitza-proiektu autonomo bat garatzea eragozten duen oztopoa izateaz gain, gizarte osoarentzat kezkagarria da eta izan beharko luke. Emantzipazio berantiarrak atzerapena eragiten du familia berrien eraketan eta, ondorioz, seme-alaben kopurua ere murrizten da. Horrek eragin zuzena du biztanleriaren zahartzean eta hori, jada, gehituz, Euskal Herriak duen arazo nagusietako bat da.  

Espainiako Gazteriaren Kontseiluak (CJE) aurkeztutako Gazteen Emantzipaziorako Azken Behatokiak erakusten duenez, pandemiak eragin duen kolpea are mingarriagoa izan da 2008ko kolpetik leheneratzen ari zirenentzat eta, bereziki, gazteentzat, haien batez besteko emantzipazio-adina handitu egin baita urteen poderioz, gaur egungo 29,5era iritsi arte.

Gazteen Emantzipazio Behatokiak 2020ko lehen seihilekoko datuak aztertzen ditu, eta Covid-19aren pandemiak gazteei nola eragin dien erakusten duen lehenengoa da.

Txostenaren arabera, 2020ko lehen sei hilabeteetan, 2001. urtetik hona emantzipazio-mailarik okerrenak jaso dira, Espainiako gazteen % 17 bakarrik bizi baita emantzipatuta.

Gainera, emantzipazio-tasaren beherakada 1988az geroztik izan den sakonena da.

2020ko lehen sei hilabeteetan, koronabirusaren osasun- eta ekonomia-krisiak markatutako garaian, Espainiako gazteen emantzipazio-tasa 1,4 portzentaje-puntu jaitsi da, %18,7tik %17,3ra, hain zuzen ere.

Emantzipazioaren murrizketa bortitz horrek, batez ere, 16 eta 29 urte bitarteko pertsonei eragin die. 30 eta 34 urte bitartekoen artean, ostera, oso egonkor mantendu da. 2020ko bigarren hiruhilekoan, Espainian 30 eta 34 urte bitarteko hamar pertsonatik zazpi baino gutxiago (% 68,9) emantzipatuta bizi ziren. 2009. urtearen amaieran, azken urteetako unerik gorenean, % 75etik gorakoa izan zen.

CJEren ustez emantzipazioaren eta ikasketen arteko lotura “oso estua da, izan ere, gazteek, oro har, beren etxea osatzeko joera izaten dute ikasketa-aldia amaitu ondoren”.

Oro har, gazteen artean, emakumeek gizonek baino emantzipazio-tasa handiagoa izan ohi dute. Hala ere, emantzipazio-tasaren urtetik urterako aldakuntzak behera egin du, sei hilabete horietan, emakumeen artean gizonen artean baino bi aldiz gehiago, 1,6 puntu portzentual gutxiago emakumeentzat eta 0,8 gutxiago emakumeentzat.

Deigarria da, aldi berean, familia-etxetik irtetearen eta prestakuntza-aldiaren amaieraren arteko erlazioa. CJEren ustez emantzipazioaren eta ikasketen arteko lotura “oso estua da. Izan ere, gazteek, oro har, beren etxea osatzeko joera izaten dute ikasketa-aldia amaitu ondoren”. Hala, 2020ko bigarren hiruhilekoan, ikasten ari ez ziren gazteen emantzipazio-tasa % 30,3koa zen, eta ikasten jarraitzen zutenen kasuan, berriz, % 6,5ekoa.

Higiezinen merkatu iritsiezina

Espainiako Gazteriaren Kontseiluak azaldu duenez, atzerakadaren arrazoietako bat da gazteek gero eta eskuragarritasun gutxiago dutela etxebizitzen merkatuan, batez ere erosteko ahalmena galdu dutelako; izan ere, etxebizitzaren sektorea, oro har, nahiko egonkor mantendu da pandemiaren hilabeteetan.Eta hipotekaren prezioa jaitsi den arren, gazte gehienek ezin dituzte horiek eskuratu, askok ez baitakite bi hilabete barru lanean arituko diren ala ez. Salerosketaren kasuan, zailtasunak ez ziren izan, ez finantziazio-baldintza espezifikoetan, ez hipoteka-mailegu bat lortzeko eskatzen ziren baldintzetan; hau da, “aldez aurreko aurrezki-bolumenean eta epe ertain eta luzerako kaudimen ekonomikoan laburbil daitezke”.

Gazte gehienek ez dute betetzen mailegu baten eskaera onartzean esku hartzen duten beste irizpide erabakigarrietako bat. Horren arabera, “ez litzateke eskura dagoen errenta garbiaren % 30 baino gehiago erabili behar hipoteka-kuotaren lehen hilabetea ordaintzeko”. 2020ko bigarren hiruhilekoan, Estatuko soldatapeko gazte batek bere soldata garbiaren % 56,4 gorde beharko luke hipotekaren zenbatekoari aurre egiteko.

Gaur egungo krisi ekonomikoak eragin negatibo handia izan du Euskal Herriko gazteek lan merkatuan sartzeko dituzten aukeratan, eta horrek eragin zuzena du emantzipatzeko duten gaitasunean.

Alokairua izan liteke alternatiba nagusia, baina CJEk gogorarazten duenez, alokatzea “ez da bide merkeagoa, kontrakoa baizik”. Izan ere, Estatuan, 2020ko bigarren hiruhilekoan, batez beste, eskaintzen zen etxebizitza libre baten truke eskatzen ziren hileko 904 euroei aurre egiteko pertsona gazte batek bere soldata garbiaren
% 92,9 bideratu beharko luke.

Eragin handia Euskal Herrian

CJEk adierazi du egungo krisi ekonomikoak eragin negatibo handia izan duela Euskadiko eta Nafarroako gazteak lan-merkatuan sartzeko orduan, eta horrek eragin zuzena izan duela independizatzeko gaitasunean.

Nafarroan, adibidez, lanean ari ziren gazteen proportzioa % 45,4 zen 2019an, eta % 33,7 2020ko bigarren hiruhilekoan. Horrek eragin negatiboa izan du helduarorako trantsizio-prozesuetan, eta emantzipazioa geldiarazi du. Horrela, Nafarroan, emantzipazio-tasa 5,5 puntu jaitsi zen 2019ko bigarren hiruhilekoaren eta 2020ko bigarren hiruhilekoaren artean,  %15,9an kokatuz.

EAEn, berriz, 2019ko bigarren hiruhilekoan gazteen % 43,3k lanpostu bat zuen, eta, aldiz, urtebete geroago % 32,9 baino ez zen lanean; azpimarratzekoa da, EAEren kasuan, proportzio hori estatuko batez bestekoaren azpitik dagoela. 

Hala ere, CJEk azaltzen duenez, Euskadiko gazteen erosteko ahalmena gainerako autonomia erkidegoetako gazteena baino handiagoa da, pertsona bakoitzeko soldata garbi handiagoa jasotzen dutelako (12.917,85 euro garbi urtean), eta etxe gazte bakoitzeko diru-sarrera garbiak ere handiagoak direlako (28.760,55 euro garbi urtean). Zoritxarrez, Euskadin ere aurkitzen dira 16 eta 34 urte bitarteko soldatapeko pertsona batentzat etxebizitza libre bat erosteko kostu handienak. Ildo berean, Gazteen Euskal Behatokiaren txostenaren arabera, 2019. urtearen amaieran, Euskadin etxebizitza behar duten 18 eta 34 urte bitarteko lau gaztetik batek baino ez zuen diru-sarrera aski eta egonkorrak etxebizitza eskuratzeko.

Horrela, Euskadin, etxebizitza behar dutenek eta diru-sarrera propioak dituztenek diotenez, batez beste, 483 euro bideratzeko aukera izango lukete alokairu-errenta edo hipoteka-kuota ordaintzeko, erosiz gero. Egoera horretan diren gazteen % 2,5ek bakarrik adierazi du hilean 900 euro baino gehiago bidera dezaketela gastu horietara. Gehiengoak 300 eta 600 euro bitartean bidera dezaketela adierazi du.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak argitaratu duen Nafarroako Foru Erkidegoko 2019. urteko biztanleria gaztearen emantzipazioaren inguruko inkestan jasotzen denez, Nafarroan, batez beste, alokairuaren errentaren hileko kostua 496,30 eurokoa da.

Horregatik guztiagatik, etxebizitzen emantzipazioak beheranzko joerari eusten dio: 2020ko bigarren hiruhilekoan, Nafarroako gazteen % 16,1 bakarrik bizi zen etxebizitza batean bere kontura.

Soldataren % 30 baino gehiago

Esan bezala, bai Euskadin bai Nafarroan, gazteek soldata garbiaren % 30 baino gehiago bideratu beharko lukete, bai alokairu bati aurre egiteko, bai etxebizitza bat erosteko. Euskadin, 16 eta 29 urte bitarteko gazte batek, batez beste, soldata garbiaren % 75 baino gehiago bideratu beharko luke etxebizitza bat erosteko, eta Nafarroan, berriz, % 50 inguru. Etxebizitza bat alokatzeko, berriz, EAEko 29 urtetik beherako gazte batek, batez beste, soldata garbiaren ia % 90 bideratu beharko luke, eta gazte nafar batek, berriz, % 60 baino gehiago.

30 eta 34 urte bitarteko gazteei dagokienez, etxebizitza erosteko, Euskadin soldata garbiaren ia % 60 bideratu beharko lukete, eta Nafarroan, % 35 inguru. Alokairuari dagokionez, Euskadin % 60 baino gehiago bideratu beharko litzateke eta Nafarroan % 50.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019ko laugarren hiruhilekoan erabilitako etxebizitza librearen (etxebizitza berria baino eskuragarriagoa da ekonomikoki) batez besteko prezioa 232.100 eurokoa zen, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 2019ko laugarren hiruhilekoan egindako higiezin-eskaintzari buruzko inkestaren emaitzen txostenaren arabera.

Kopuru hori etxebizitza beharra eta diru-sarrera propioak dituzten emantzipatu gabeko gazteek, batez beste, ordaindu ahalko luketen kopurua (162.000 euro) baino 70.000 euro handiagoa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.