Belar Sounds 21 Gasteizera itzuliko da, aire zabaleko doako sei kontzerturekin

2020ko geldialdiaren ondoren, Belar Soundsen hirugarren edizioa Falerina lorategira itzuli da. Gasteizko zentro historikoa musika eta dibertsiorako gune bilakatuko da udako asteburuetan eta musika estilo desberdinetako sei kontzertu eskainiko ditu aire zabalean 19:00etan.

Ekainaren 26an hasi eta irailaren 11ra arte luzatuko den musika-programa honek lehenbiziko aldiz Montehermoso Kultur Etxea eta Oihaneder Euskararen Etxea izango ditu laguntzaile. Kontzertuetara joan ahal izateko derrigorrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena erreserbatzea.

Hona hemen egitarau osoa:

Ekainak 26. Voodoo Charms: Lotura estua duten estilo ezberdinetatik datozen musikariek osatzen dute taldea, hala nola bluesa, rocka, jazza eta rockabillya. Publikoa rhythm and bluesaren urrezko garaira eramanez, eszenaratze bikaina aurkezten du.

Uztailak 3. The Binilo’s: Irantzu eta Oier Garamendik osatutako bikote umoristikoa. 50-60. hamarkadako zuzeneko irratsaio gisa aurkezten dute beren emanaldia, garaiko iragarkiak txertatuz, umorez beteriko gidoi batekin eta, nola ez, abestiekin.

Uztailak 24. Resaca Jackson: laukote honen musikak hegoaldeko rock doinuak rock klasikoenaren, hard rockaren eta bluesaren eraginarekin nahasten ditu. Abestien letra garratzak, kritika sozialez beteak, denboran irauteko sortu dituzte.

Abuztuak 28. Serious Business: musika munduan esperientzia handia duten Aitor Badiola, Maria Armendariz, Antxon Sarasua eta Ander Zulaika musikariek osatutako taldea. Bluesa eta rockaz gain, funka, R&Ba, popa eta jazza lantzen dituzte.

Irailak 4. Belceblues: Sormen handiko gitar riff-ez eta tronpeta harrigarri batez lagunduta, bere musikarien soinu kementsuek blues klasikoa eta garaikidea nahasten dituzte.

Irailak 11. Neona: “Neona” izenaren atzean “Natali” taldetik eratorritako proiektua dago. Gorka Mendizabal, Andres Insua, Oihana Rodriguez, Ixak Arruti eta Natali Izagirre dira partaideak. Pop, rock, funky eta beste hainbat estilo entzun daitezke beren lanetan.

Saio guztietarako gonbidapenak eskuratu beharko dira:

  • Entradium plataformaren bidez
  • Telefonoz 945 161 830 zenbakira deituta, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera (jaiegunetan izan ezik).

Lehen hiru kontzertuetarako gonbidapenak jada eskuragarri dira. Azken hiru kontzertuetarako gonbidapenak (Serious Bussines, Belceblues eta Neona), berriz, abuztuaren 3tik Aurrera eskatu ahal izango dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.