Endika Palacio: “Lanpostu baterako hautagaien arteko benetako aldea trebetasun bigunetan datza”

Zer esan nahi dugu trebetasun bigunez edo ‘soft skill’-ez ari garenean?

Ezagutzekin eta gaitasun tekniko eta kognitiboekin zerikusia duten hard skill-ak ez bezala, trebetasun bigunek edo soft skill-ek gauzak nola egiten ditugun edo erronka pertsonal edo profesionalei nola aurre egiten diegun definitzen duten ezaugarri edo gaitasun pertsonalekin dute harremana. Zeharkako trebetasunak dira, eta zerikusi handia dute gizarte-harremanekin, komunikazioarekin, adimen emozionalarekin, egokitzeko eta ikasteko gaitasunarekin, besteak beste.  

Zer ekarpen egiten die ikasle edo gazteei ‘soft skills’ horien berri izateak eta eskuratzeak?

Gaur egun, gure telefono mugikorraren pantailara begiratze hutsarekin ezagutza eta informazioa eskuratzeko aukera dugu. Trebetasun mota horiek garatzea funtsezko aldagaia bilakatu da edozein erronka pertsonal eta profesional gauzatzeko orduan; izan ere, dakigunari ez ezik, ezagutza horiek lankidetza-inguruneetan baliatzeko dugun moduari ere balioa ematen diote. 

Bestalde, uste dut gazteak erabat jabetzen direla trebetasun bigunak garatzearen eta lantzearen garrantziaz. Azken urteotan, mundu akademikoak bilakaera handia izan du, eta trebetasun mota horien garapena, zeharka, programa akademikoen eta prestakuntza-programen erdigunean kokatu da. Atzean geratu dira memorian oinarritutako metodologiak, hein handi batean, ikasitakoa azterketa batean erreplikatzeko gai izatea eskatzen zutenak.

Gaur egun, ohikoak dira talde-lanak edo talde-aurkezpenak bezalako dinamikak, eta horrelako trebetasunak garatzeko modu bat dira.

Gaitasun bigunak profesional bikain bat profesional on batetik bereizteko ezinbestekoak dira. Horiek izango baitira esango digutenak hautagai horiek zein nolako gaitasuna izango duten beren talentu eta potentzial guztia erakundean garatzeko.

Horregatik, lan-munduan sartzen diren belaunaldi berriek ondo baino hobeto ezagutzen dute trebetasun horien garrantzia, eta modu aktiboan garatzen saiatzen dira, beren curriculumetan oso osagarri garrantzitsuak direla jakin badakitelako.

Zergatik dira hain garrantzitsuak trebetasun horiek gaur egun?

Mundu oso aldakor eta konplexu batean bizi gara, non dena azkar garatzen eta aldatzen den, eta moldagarritasuna eta pertsonen arteko harremanak funtsezkoak dira lan gehienak egiteko orduan.  

Ezer gutxirako balio du ezagutza tekniko onak izateak, baldin eta gero ez bagara gai talde eta ingurune profesional desberdinetara egokitzeko eta ahalik eta etekin handiena ateratzeko. 

Zer trebetasun bigun mota baloratzen dira gehien zure enpresan?

Laboral Kutxan oso garrantzitsua da ez bakarrik zer egiten dugun, baizik eta baita nola egiten dugun eta zertarako egiten dugun ere. Gauzak nola egiten ditugun horretan, pertsonak funtsezkoak dira, eta horregatik, guretzat garrantzitsuak diren trebetasun bigunetako batzuk talde-lana, komunikazioa, egokitzeko gaitasuna, konpromisoa eta lidergoa dira.

Jar gaitezen lan merkatuan sartzear den gazte baten lekuan. Lanpostu bat lortzeko orduan, horrelako trebetasunak erabakigarriak dira ala espediente akademikoa oraindik ere gehiago baloratzen da?

Erabat bai. Gazteek gero eta curriculum osoagoak dituzte, eta titulazioetan, hizkuntzetan eta gaitasun digitaletan lortutako ezagutza teknikoak izendatzaile komunak dira horietako askotan. 

Ezagutzei dagokienez, oso ondo prestatuta dauden gazteak ditugu lan-merkatuan. Curriculuma edo ikasketa-espedientea oso garrantzitsuak dira; izan ere, ezagutza teknikoez gain, hautagaiei buruzko gauza asko esaten dizkigute, hala nola, lanerako gaitasuna, gaitasun kognitiboa, erantzukizuna eta abar.

 Baina, gaur egun, hori ia gutxieneko baldintza bihurtu da hautaketa-prozesuetan parte hartu ahal izateko. Lanpostu baterako hautagaien arteko benetako aldea trebetasun bigunetan datza; horiek izango baitira esango digutenak hautagai horiek zein nolako gaitasuna izango duten beren talentu eta potentzial guztia erakundean garatzeko. Zentzu horretan, profesional bikain bat profesional on batetik bereizteko ezinbestekoak dira.

Normalean, horrelako trebetasunak ez dira hezkuntza formalean jasotzen. Zure ustez, Lanbide Heziketako, Batxilergoko edo Unibertsitateko ikasketetan sustatu beharko lirateke trebetasun horiek, edo hezkuntza ez-formaleko beste esparru batzuetan eskuratu beharko lirateke, hala nola kirolean, asoziazionismoan, boluntariotzan eta abarretan?

Nire ustez hezkuntza formalean sustatu beharko lirateke eta, jada azaldu dudan bezala, horrela egiten dela uste dut. 

Horrelako trebetasunak bizitzaren edozein esparrutan garatzen dira. Zati garrantzitsu bat esparru akademikoan garatzen da, baina baita hortik kanpo ere. Izan ere, beste pertsona batzuekin harremanak izan behar ditugun edozein eremutan gara daitezke horrelako trebetasunak. Eta kirol-esparrua, elkarteak edo boluntariotza-jarduerak horren adibide garbiak dira.

Trebetasun bigun horietako batzuk, hala nola, enpatia, erresilientzia, lidergoa, sormena edo komunikatzeko gaitasuna, norberaren gaitasunak edo ezaugarriak dira. Posible al da horiek eskuratzea?

Bada horrelako trebetasunak sortzetikoak direla eta nekez gara daitezkeelaren ustea, baina ez nator bat iritzi horrekin. Nire ustez, bada sortzetiko alde bat, baina aldi berean, eskuratu eta garatu daitezkeen trebetasunak dira. Horren adibide garbia gazteengan ikus dezakegu eta beren etapa akademikoan zeharka gaitasun horiek nola landu dituzten. Komunikazioa, talde-lana edo sormena bezalako alderdiak oso presente daude belaunaldi berrietan  eta hori, nire ustez, landu eta garatu diren gaiak direlako da.

Lan asko, gaur egun garatzen diren moduan, desagertu egingo dira eta beste batzuk sortuko dira. Horietan, robotikatik edo Adimen Artifizialetik bereizten gaituzten gaitasunak izango dira bereizgarriak, hala nola, ‘soft skill’-ak.  

Aditu batzuek diote trebetasun bigunetan jarri behar dela arreta; izan ere, gaur egun ikasleek ikastetxean edo unibertsitatean ikasten dutena zaharkituta geratuko da graduatzen direnean. Zure ustez, horrelako trebetasunak gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira automatizazio-prozesua gero eta handiagoa delako?

Egia da ezagutzak gero eta azkarrago zaharkitzen direla. Gaur egun, ikasitakoa azkar desikastea berriz ere ikasteko gaitasuna bihurtu da berez. Hain aldakorra den mundu honetan, etengabeko ikaskuntza eta moldagarritasuna funtsezko alderdiak dira. 

Automatizazioari dagokionez, prozesu tekniko asko pertsonak baino gaitasun handiagoa duten ordenagailuen esku geratuko dira. Hala ere, ordenagailu batek nekez ordezkatuko ditu produktu bat diseinatzeko sormena, prozesu jakin bat erakunde baten kulturan sartuko den erabakitzeko talde baten lana edo bezero batekin egindako elkarrizketa batean transmititzen dugun konfiantza.

Horregatik uste dut lan asko, gaur egun garatzen diren moduan, desagertu egingo direla eta beste batzuk sortuko direla. Horietan, robotikatik edo Adimen Artifizialetik bereizten gaituzten gaitasunak izango dira bereizgarriak, hala nola soft skill-ak. 

Horrelako trebetasunak sustatzen dituzue zuen langileen artean? Nola?

Pertsonen garapena eta etengabeko hobekuntza funtsezkoak dira Laboral Kutxan. Trebetasun horietako asko etengabe praktikan jartzen ditugu gure eguneroko lanean eta, horri esker, etengabe garatzen ditugu. Baina gure prestakuntza- eta gaikuntza-programetan ere bultzatzen ditugu. Horietan, ezagutza teknikoez gain, garrantzi handia ematen diogu lidergoa, elkarlana edo aldaketara egokitzea bezalako alderdiak garatzeari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.