Gora egin du Elebiden jasotako intzidentzien kopuruak

Berriki, Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren azken urteko memoria ezagutzera eman da. Bertan jasotako datuen arabera, EAEn bizi diren biztanleen hizkuntza eskubideen urraketekin lotura duten gorabeheren kopuruak gora egin du 2019. urtean jasotako datuekin alderatuta. Txostenaren arabera, iaz 246 intzidentzia jaso ziren eta 2019an, berriz, 194.

Iaz erregistratutako intzidentzien artean, gehienak (% 92) kexak izan ziren. Horiez gain, 11 kontsulta, 4 iradokizun eta eskaera eta gomendio bana ere jaso ziren. Jasotako gorabehera guztiek ez dute aurrera egin, besteak beste, batzuk aurreko beste baten errepikapena zirelako. Gainera, beste 12 intzidentzia ez dira onartu, kexa izapidetzeko oinarri juridikorik ez dagoela ondorioztatu delako edo jazoera Elebideren eskumenetik kanpo geratzen delako.

Guztira, 196 kexa izapidetu dira. Horietatik, 194tan euskal hiztunak izan dira urraketa pairatu dutenak

Guztira, beraz, 196 kexa izapidetu dira. Horietatik, 194tan euskal hiztunak izan dira urraketa pairatu dutenak. Hori ere nabari da kexa jartzerakoan erabilitako hizkuntzan: 2020. urtean zehar izapidetzeko aztertu diren intzidentzien %96tan herritarrek euskara erabili dute Elebiderekin harremanetan jartzeko eta beste % 4tan gaztelania. Kexa gehienak esparru publikoan jazotako urraketei dagozkie (% 85,7). Esparru pribatuan jazotakoak % 13,3 lirateke eta beste % 1 esparru publikoan zein pribatuan batera egindako ekimenetan.

Izapidetu diren 196 kexetatik 162k (% 94,7) irtenbide egokia izan dute. Irtenbidea egokitzat jotzen da herritarra ados egon delako erreklamatutako entitateak emandako erantzunarekin. Bestalde 27k ez du irtenbiderik izan entitate erreklamatuak ez duelako erantzunik eman eta 7 kasutan herritarrak ez du onartu erreklamatutako entitateak emandako erantzuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.