Neskak feministagoak, mutilak matxistagoak

FADeko Centro Reina Sofía sobre Adolescencia y Juventudek egin duen  Gazteria eta Generoa Barometroa 2021 txostenaren arabera, Estatuko 15 eta 29 urte bitarteko bost mutiletik batek indarkeria matxista ukatzen du eta “asmakizun ideologiko” bat dela deritzo. Duela bi urte eskas jasotako datuekin alderatuta, iritzi hori zuten gazteen kopurua % 12koa besterik ez zen. Zorionez, feminismoak gero eta indar handiagoa du emakume gazteen artean eta, horrela, emakume gazteen % 67,1ek bere burua feministatzat jotzen du; 2019. urtean baino % 20 gehiago.

Txostenaren egileek azaldu dutenez, azken lau urteetan aurrerapen handiak egin dira genero-ikuspegi tradizionalei eta Espainiako gazteen arteko berdintasunaren aldeko borrokari dagokienez, baina aldaketa horiek ez dira berdin gertatu nesken eta mutilen artean.

Joera ezberdinak

Alde horietako bat, adibidez, genero-indarkeriaren inguruko pertzepzioa da. Izan ere, txostenaren arabera, gero eta gehiago dira gaitz hori arazo sozial oso larria dela uste duten emakume gazteak (% 72,4 2017. urtean eta
% 74,2 aurten). Mutilen kasuan, berriz, oso arazo larriaren aurrean gaudela uste dutenen kopurua % 50eraino jaisten da, hots, duela lau urte baino 4,2 puntu gutxiago.

Fundación de Ayuda contra la Drogadicciónen ikerketak 2017. urteaz geroztik aztertu ditu nerabeek eta gazteek genero desparekotasunaren edo indarkeria matxistaren inguruan dituzten iritziak. Jarraipen horri esker, genero-indarkeria ukatzen duten gizonen kopurua bikoiztu egin dela ikusi ahal izan da. Indarkeria saihetsezina dela uste duten gizon gazteen iritziak ere gora egin du. 2017. urtean iritzi horretakoak ziren gazteen % 21 eta aurten, berriz, % 24,4. FADek berak joera hori ‘bereziki kezkagarria’ dela adierazi du. Era berean, gora egin du bai nesken bai mutilen artean, bikotearen barruan indarkeria ohikoa dela eta hori intentsitate baxukoa bada ez dela harremanerako arazo handia uste duten horien kopuruak.

Gizon gazteen artean ikuspegi tradizional matxisten gorakadan eragin ahal izan duten faktoreak anitzak dira. Hala ere, genero-indarkeriaren inguruko eztabaida politikoak, konfinamenduak eta sare sozialetan biderkatzen diren zenbait edukik eragin handia izan dutela esan daiteke. 

Feminismoak gora egin du emakume gazteen artean

Feminismoak gero eta jarraitzaile gehiago ditu emakume nerabe eta gazteen artean, baina ez da gauza bera gertatzen gizon gazteen kasuan. Gaur egun, eta txostenean jasotako datuen arabera, bere burua feministatzat jotzen duten emakume gazteen kopurua % 46,1etik % 67,1era pasatu da. Baina gizon gazteen kasuan, kopuru hori askoz txikiagoa da: azken lau urteetan % 23,6tik % 32,8ra pasatu da, baina azken bi urteetan bost puntu galdu ditu. 

Emakume gazteen gehiengo baten ustez (% 63), feminismoak emakumeek berdintasuna lortzeko izan ohi dituzten oztopo tradizionalak gainditzea du helburu, baina mutil gazteen % 40 bakarrik da iritzi berekoa.

Emakume gazteen gehiengo baten ustez (% 63), feminismoak emakumeek berdintasuna lortzeko izan ohi dituzten oztopo tradizionalak gainditzea du helburu, baina mutil gazteen % 40 bakarrik da iritzi berekoa. Gizonen artean, % 28k nabarmentzen du feminismoa ez dela emakumeen benetako arazoez arduratzen.

Ikerketak bi sexuek mugimendu feminista nola ulertzen duten adierazten duten beste datu esanguratsu batzuk ere eskaintzen ditu. Adibidez, txostenaren arabera, gizon gazteen % 28k nabarmentzen du feminismoa ez dela emakumeen benetako arazoez arduratzen (emakume gazteen % 17 iritzi berekoa da), % 26,4k dio ez dela beharrezkoa (% 13 emakumeen kasuan) eta % 24k gizonak kaltetzen dituela deritzo (% 14 emakumeen kasuan). 

Desparekotasunak

Emakumeak askoz gehiago jabetzen dira Estatuan dauden genero-desberdintasunez. Emakume gazteen % 72,9k uste du genero-desberdintasunak handiak edo oso handiak direla; gizon gazteen artean, berriz, kopuru hori % 42,6raino murrizten da. Bada bereziki kezkagarria den datu bat: hamar gaztetik batek uste du ez dagoela genero-desberdintasunik. 2017. urtetik 2021. urtera bitartean desparekotasunaren pertzepzioak gora egin du emakumeen artean (6-7 puntutan), baina behera egin du gizonen artean (2-4 puntu).


Emakumeenganako desparekotasuna bereziki begibistakoa da lan esparruan. Emakumeen erdiak baino gehiagok uste dute gizonak baino egoera askoz okerragoan daudela erantzukizuneko lanpostuak edo soldatak eskuratzeko garaian, eta % 43,6k familia eta lana uztartzerakoan. Gizon gazte gehienek ere desparekotasun hori antzematen dute, baina emakumeek baino 20 puntu gutxiago.

Genero desparekotasun handia dagoenaren pertzepzioa handiago da  20 eta 29 urte bitarteko gazteen artean (% 60tik gora), unibertsitate mailako ikasketak dituztenen artean (% 65,1) eta, bereziki, ideologikoki bere burua ezkertiartzat jotzen duten horien artean (% 78,8).

Genero desparekotasunak garrantzitsuak direla uste duten gazteen kopuruak gora egin du 2017. urtetik 2021. urtera bitartean emakumeen kasuan (6-7 puntutan), baina behera egin du gizon gazteen artean (2-4 puntu).

Genero-indarkeria bikotean

FADeren txostenean azaltzen denez, emakumeen artean bikote-harremanei buruzko pertzepzio berdintasunezkoagoa lortzeko joera garatzen ari den bitartean, gizonen kasuan genero-ikuspegi tradizionalek bere horretan jarraitzen dute. Zehazki, azpimarratzekoa da gizonen artean kontrolerako den joera handiagoa: gizonen % 18,1ek dio normala dela bikotekidearen telefonoa kirikatzea (emakumeen % 12,7k ere normaltzat hartzen du) eta % 28k jeloskortasuna maitasunaren froga normalizatutzat jotzen du (% 15 emakumeen kasuan). Beste aldaketa esanguratsu bat kalean jasotzen diren piropoak emakumeen diskriminazio onartezin gisa baloratzea da: % 24,8 duela lau urte eta % 42,6 aurten.

Indarkeria presentziatuaren modu ohikoenak, hala neskengan nola mutilengan, honako hauek dira: telefonoa kirikatzea (% 59,7 emakumeek eta % 38,7 gizonek), bikotekideak egiten duen guztia kontrolatzea (% 54,5 emakumeek, % 28,4 gizonek), norekin hitz egin edo irten daitekeen esatea (% 51,6 emakumeek, % 23,5 gizonek), bikotekidea iraintzea eta umiliatzea (% 49,8 emakumeek, % 23,5 gizonek), eta lagunengandik urruntzen saiatzea (% 46 emakumeek, % 22,5 gizonek). Hala ere, gizon gazteen % 50,4k soilik uste du genero-indarkeria arazo larria dela; kopuru hori % 74,2raino hazten da emakume gazteen kasuan.


Bikotekidearen barruan emakumeek pairatzen duten indarkeriari dagokionez, honako hauek dira gehien aipatzen direnak: telefonoa kirikatzea (% 21,8); nahi ez den sexu-harremana izatera behartu (% 20,5); eta, jarduerak kontrolatu (% 18,2). Gizonen kasuan: telefonoa kirikatzea (% 15,4); jarduerak kontrolatzea (% 11,5) eta lagunak ez ikusten saiatzea (% 10,5).

Genero-indarkerian eragiten duten faktoreen pertzepzioari dagokionez, hezkuntza falta da garrantzitsuena 2017. urteaz geroztik. Gainera, hezkuntza patriarkalaren gisako egitura-faktoreen pertzepzioa handitu egin da, eta indarkeria justifikatzen duten faktoreen aipamena (alkoholaren eta beste substantzia batzuen kontsumoa edo haustura sentimentalak edo beste bikote-gatazka batzuk) pixkanaka murrizten da. Hala ere, badira teoria horiek sostengatzen dituzten kopuru esanguratsuak: substantzien kontsumoa (% 23,5 gizonen artean eta %18 emakumeen artean) eta hausturak edo bikote-arazoak (% 18,3 eta % 15, hurrenez hurren). 


Lau gaztetik hiru diskriminatuta sentitu dira noizbait

Gazteria eta Generoa Barometroa 2021 txostenak gazteek diskriminatuta sentitzearen inguruan duten iritziak ere jaso ditu. Zentzu horretan, azpimarratu behar da emakume gazteen % 79,5 eta gizon gazteen % 74,1 diskriminatuta sentitu dela noizbait.

Kasu gehienetan, gazteak bere itxura fisikoarengatik sentitu dira diskriminatuta (% 42,5 emakumeen kasuan eta % 34,3 gizonen kasuan). Gazte izateagatik diskriminatuta sentitu dira emakume gazteen % 38 eta gizon gazteen % 24,7. Diskriminaziorako beste arrazoi nagusi bat iritzi politikoak dira (emakumeen % 19 eta gizonen % 16,8).

Emakumeek gizonek baino diskriminatuago sentitzeko joera dute kategoria guztietan, eta hori sexuaren edo genero-identitatearen araberako diskriminazioan ikusten da bereziki (emakumeen % 28,4k eta gizonen % 8,1ek).

Genero-arrazoiengatiko diskriminazioa

Genero-arrazoiengatiko diskriminazioari dagokionez, emakumeen % 72,4k eta gizonen % 57k aipatzen dute genero-arrazoiengatik eremuren batean diskriminatuak izan direla.

Genero-arrazoiengatiko diskriminazio-eremuak askoz ohikoagoak dira emakumeen artean gizonen artean baino. Horien artean honako hauek nabarmentzen dira: jendearekiko tratua kalean (emakumeen % 41), sare sozialetan (% 28,8), lan-eremuan (% 27,3), merkataritza-lokaletan (% 22,3) eta familiaren barruan (% 22,1). Gizonek ez dute inoiz aipatu kategoria horietan % 20 gainditzen.

Diskriminatuta izatearen sentsazioak gora egin du azken bi urteetan. Emakumeen kasuan % 3 ingurukoa izan da igoera eta gizonen kasuan, berriz, % 4 ingurukoa. Genero-arrazoiengatiko diskriminazioaren sentsazioak ere gora egin du: 6 puntutan emakumeen kasuan eta 4 puntutan gizonen kasuan.

Igoera horiek, FADen ustez, diskriminazio-egoeren hazkundearen ondorio izan daitezke, baina baita lehen hain agerikoa ez zen problematika baten inguruan izan den kontzientziazio eta sentsibilizazio handiago batena ere.

Emakume gazteek adierazi dute diskriminazio-sentsazio horrek nabarmen egin duela gora kalean jendearekiko tratuan (% 41 eta 2019an baino 6,4 puntu gehiago) eta sare sozialetan (% 28,8 eta duela bi urte baino 8,1 gehiago). Gizonen kasuan, diskriminazio-sentsazioa handitu egin da lan-eremuan (% 20,3 eta 2019. urtean baino % 7,6 gehiago), eta, neurri txikiagoan, baita sare sozialetan ere (% 13,4; duela bi urte baino % 4 gehiago).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.