Argazki iluna

UNICEFek 8.000 milioi euro baino gehiagoko larrialdi finantzaketarako deia egin du 2022.urterako, bere historian egin duen diru-sarrera deialdirik handiena, iazkoa baino % 31 handiagoa. Eskakizun horrek atzean daukan errealitatea argia da: ume eta familien beharrizan humanitarioek gora egiten jarraitzen dute. Izan ere, mundu osoan 327 milioi pertsona baino gehiagorengana iristeko diru-sarrerak behar ditu UNICEFek aurten, 177 milioi haur barne, krisi humanitarioak eta COVID-19aren pandemiaren ondorioz kaltetuta dauden familientzat.

COVID-19aren pandemia hasi zenetik bi urte betetzera doazenean, haurren egoera okerrera egiten ari da, kolokan dauden ekonomiengatik, pobreziaren hazkundeagatik eta desberdintasunen gorakadagatik. Beti bezala, krisian dauden haurrak eta euren familiak dira kaltetuenak eta premiazko laguntza gehien behar dutenak.

Egoera larria hainbat herrialdetan

Afganistanen, 13 milioi haurrek premiazko laguntza humanitarioa behar dute, horien artean milioi bat haurrek desnutrizio larriari aurre egin behar diote, osasun-sistema kolapsoaren zorian dagoen une honetan. Etiopian, 15,6 milioi haurrek laguntza humanitarioa behar dute eta borroka bortitzek iparraldean ehunka mila haur mugiarazi zituzten iaz. Egiaztatutako bahiketak izan ziren Somalian, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Txad lakuaren arroko herrialdeetan (Txad, Nigeria, Kamerun eta Niger). Sexu-indarkeriaren kasu egiaztatuak izan ziren Kongoko Errepublika Demokratikoan, Somalian eta Afrika Erdiko Errepublikan. 2021ean Nazio Batuen Erakundeak bortxaketak egiaztatu zituen Burkina Fason, Kamerunen, Kolonbian, Libian, Mozanbiken eta Filipinetan. Sirian 11 urte daramatzate gerran eta iaz bertako haurren aurkako bortxaketa larrien % 70 herrialdeko ipar-mendebaldean gertatu ziren. 

Munduko argazkiko zati bat baino ez da herrialde horietan haurrak jasaten ari direna. 

Gatazken gorakadak milioika haur eta komunitate amildegiaren ertzera eraman ditu. Gatazkan dauden herrialdeetan bizi diren haurren aurkako erasoak, haurren biziraupenerako funtsezkoak diren azpiegitura zibilen aurkakoak barne, oraindik ere erritmo kezkagarrian gertatzen dira. Iaz haurren eskubideen 24.000 urraketa larri baieztatu ziren, hau da, 72 umeren aurkako urraketa egunean, batazbeste. Erasoez gain, klima-aldaketa larrialdien eskala eta intentsitatea areagotzen ari da, gatazka armatu luzeetan zein gatazka berrietan. 

Hamarkada askotan gatazkan dauden alderdiekin eta horietan eragina dutenekin hitz egin arren, eta eskubideen urraketa larrien jarraipena, salaketa eta erantzuna egiteko mekanismoak izan arren, haurrak dira oraindik ere gerren eragin gehienak eta larrienak jasaten dituztenak. Arma leherkorrak erabiltzea, bereziki populazio nahiko dagoen eremuetan, mehatxu iraunkorra eta gero eta handiagoa da haurrentzat eta haien familientzat. 2020an, arma leherkorrak eta gerrako hondakin lehergarriak izan ziren biktima guztien ia % 50aren erantzule, eta, ondorioz, 3.900 haur baino gehiago hil eta mutilatu ziren. Arma leherkorrek ondorio hilgarriak eta iraunkorrak izan ditzakete haurtzaroan, bizirauteko funtsezkoak diren zerbitzuak etetea barne.

Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa eta Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena errespetatu behar dela gogorarazten du UNICEFek, ume bakar bat ere atzean utzi gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.