
Irakurketa denbora: 6 Minutu
Federación Estatal LGTBIQ+ek berriki ezagutzera eman duen “Estado del Odio: Estado LGTBIQ+ 2025” txostenaren arabera, azken urtean LGTBIQ+ pertsonen aurkako eraso fisikoak zein ahozkoak nabarmen hazi dira. Zeintzuk lirateke hain epe motzean horrelako igoera handi bat gertatzeko aldagai nagusiak?
Txostenak agerian uzten du LGTBIQfobia diskurtsoekin batera gorrotoa ere areagotu egin dela. Ondorioz, indarkeria kasuek ere, ahozkoek zein fisikoek, gora egin dute. Gure ustez, horrelako adierazpen oldarkor guztiei aurre egin behar zaie. Erasotzaileei publikoki aurre egitea garrantzitsua da, bestela indartu egiten direlako.
Horrekin batera, ikusten dugu horrelako datu negatiboek LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen kontzientzia ere, norbanakoa zein taldekakoa, pizten ari dela. Izan ere, horrelako erasoak ez dira gauza berria, baina orain, lehen ez bezala, ez dira isilean edo ezkutuan geratzen. Azken finean, LGTBIQ+ pertsonek jasaten dituzten erasoek agerian uzten dute arazo sozial bat dagoela.
Ildo berean, posible da adierazi berri dudanaren kontrako efektua ere ematea. Izan ere, kolektiboaren aurkako erasoak ikusita, baliteke batzuek nahiago izatea anonimatuan jarraitzea, eta esan ohi den bezala, armairutik ez ateratzea.
Azken finean, egia da azken urteetan diskurtso faxisten gorakada bat ikusi dela eta horrek, nolabait, kolokan jar ditzakeela orain arte lortu diren hainbat aurrerapauso. Gainera, oldarkorrak ez diren arren, gero eta ohikoagoak dira diskurtso pasiboak, hots arazo honen aurrean ezer egiten ez duten horiek. Gure ustez funtsezkoa da Giza Eskubideen eta LGTBIQ+ kolektiboa babesten duten neurrien aldeko posizionamendu argi bat izatea.
Aipatu duzunaren arabera, horrelako erasoen ondorioz, baliteke jende asko ‘armairutik atera’ nahi ez izatea. Ba al da, adibidez, EAE mailan LGTBIQ+ kolektiboko kide kopuruaren inguruko daturik? Beti hitz egin izan ohi da biztanleria orokorraren % 10 inguru izan daitekeela…
Guk ez dugu horrelako datuen berri, agian Eraberean sarean bada horrelako datu kuantitatibo zehatzik. Printzipioz, % 10eko estimazio hori abiapuntu zuzena izan daiteke, ez dut uste Euskal Herria mailan, beste herrialde edo eskualde batzuekin alderatuta, datuak oso ezberdinak izango direnik.
Bere Garaian, Aldartek diagnostiko bat burutu zuen Gasteizen. Bertan, datu kuantitatiboak baino gehiago egoerak aztertzen ziren eta, adibidez, ikusi genuen LGTBIQ+ pertsonek udalerri txikietatik alde egiteko eta udalerri handietara joateko joera zutela, nagusiki, udalerri txikietan presio handiagoa zutelako. Adibidez, babesgune nagusietako bat izan beharko lukeen etxean onarpenik ez bada zaila da bizitza eramangarri bat izatea.
Datuek azaltzen dutenez, 25 eta 34 urte bitarteko gazteak dira, bereziki zaurgarriak. Zergatik uste duzu, bereziki, arazo hori gazteen artean ematen dela?
LGTBIQfobia, modu ezberdinetan bada ere, adin-talde guztietan azaltzen da. Gazteen kasuan, bada agian besteetan hain nabarmena ez den aldagai bat: sare sozialak. Ikusi ahal izan denez, sare horien erabilera ez da, hainbat kasutan, guztiz zuzena. Kontuan izan behar dugu kanal horretatik gazteek informazio asko jasotzen dutela eta, sarriegi, jasotzen dituzten mezuak gorrotik oso gertu daude, zuzenean gorroto-mezuak ez badira. Nire ustez, ezinbestekoa da, etxeetan, bereziki, balio zehatz batzuen inguruko lanketa bat egitea, hala nola errespetua, desberdinak izateko askatasuna… Ez nuke ardura guztia gurasoengan jarri nahi, baina ez dakit zein puntutaraino egokia den gazteei nahi duten guztia ikusteko askatasuna ematea. Ikusten dituzten eduki horien inguruko lanketa bat ere behar da: zer ikusten duten, zer mezu jasotzen dituzten, zer nolako balioak dauden mezu horien atzean…
Galderaren harira, zalantzak ditut benetan gazteek jokabide horiek neurri handiagoan edo txikiagoan errepikatzen dituzten ala ez. Ikusi ahal izan dugunez, gazteek dituzten diskurtsoen edo ematen duten irudiaren eta, ondoren, benetan egiten duten horren artean alde handiak izan ohi dira.
LGTBIQ+ gazteei dagokienez, gure ustez, gero eta erraztasun gehiago dituzte bere bizitzak eramangarriago egiteko, askatasunez adierazteko, agerikotasun handiagoa izateko… Egia da erasoen gorakada bat izan dela, baina duela zenbait urte genuen egoerarekin alderatuta hainbat urrats eman direla azpimarratu behar da. Hori, adibidez, argi ikusten da atzerritik etorritako kideekin hitz egiten duzunean. Errusiatik edo Afrikatik datozen lagunekin hitz egiten duzunean, haientzat hemen bizi dugun egoera oso ona da. Kontuan hartu behar da horrelako herrialdeetan mehatxu-maila askoz handiagoa dela.
Lanketa hori nagusiki familiaren esku geratu beharko litzateke ala hezkuntza sistemaren ardura ere izan beharko luke? Azken finean, Ikastetxeetan biltzen dira jazarpen-kasuen ehuneko esanguratsu bat…
Hezkuntza-sistemak jada nahiko erronka ditu, baina bigarren maila batean noski, lanketa hori hezkuntza-sisteman ere egin liteke. Erasoei dagokienez, kontuan hartu behar da ikastetxeetan gazte anitzen arteko interakzio asko ematen direla. Hortaz, horrelako gatazkak, ez soilik LGTBIQ+ ingurukoak, ohikoagoak izan dira eremu horretan. Horiei guztiei aurre egiteko, gure ustez, gakoa prebentzioan eta sentsibilizazioan dago. Errespetua eta aniztasuna bermatzeak asko lagunduko liguke bestelako kontuetan ere.
Eraso fisikoen heren bat baino gehiago kalean gertatzen da. Zer dio horrek espazio publikoan dagoen zigorgabetasun-sentsazioari buruz?
Kalean LGTBIQ+ kideei egin zaizkien erasoek oihartzun handiagoa izan dute, nagusiki, hedabideetan. Horrek soziala den arazo honi agerikotasun handiagoa eman dio, esan ohi den bezala, hedabideetan ateratzen ez dena gertatzen ez dela pentsatzeko joera dugulako. Guk, Aldarten, ez dugu kalean ematen diren erasoen inguruko datu zehatzik, baina egia da horiei agerikotasun handiagoa ematen zaiela. Gainera, Euskal Herrian bertan horrelako erasoen zenbait adibide pairatu ditugu: Bilbon, Zornotzan, Antsoainen, Irunen…
LGTBIQ+ kolektiboko lagunek jasaten dituzten eraso asko (erdia baino gehiago) ez dira salatzen. Zer dela eta gertatzen da hori?
Aldarten era guztietako erasoak salatzearen egokitasunaz eztabaidatu dugu. Kontuan izan behar da, eraso mota batzuetan, salaketa eginez gero, bide zehatz bat jarraitu beharra dagoela, bere arauekin, neurriekin, etab. Txostenak berak jasotzen duenez, biktima askok aitortzen dute prozesua nolakoa den jakin izan balute bi aldiz pentsatuko zuketela salaketa jartzea. Kontuan izan behar da, horrelako erasoetan zaila izaten dela frogak biltzea. Guk esan ohi dugu gorroto-delitu guztiak LGTBIQfobia adierazpenak direla, baina LGTBIQfobia adierazpen guztiak ez direla gorroto-delituak. Horregatik, horrelako erasoen kasuan, salaketa egin baino lehen orientazioa bilatzea gomendatzen dugu. Modu horretan, salatzailearen aldetik frustrazioak eta salaketa horietako asko ezerezean bukatzea saihesten dugu. Beti dago denbora salaketa jartzeko, eta erabaki hori hartzekotan, modu informatuan izan dadila.
Eta gai honekin lotuta, hor dago ere zigorraren inguruan dugun pentsakera. Ekintza guztiak zigortu behar dira? Garbi dago larrienak bai zigortu behar direla, baina beste alternatiba batzuk ere badirela uste dugu. Guk bitartekaritza eta justizia errestauratiboaren alde egiten dugu, epaitegietan amaitu beharrik gabe.
Zer neurri zehatz proposatzen dituzue desinformazioari eta LGTBIQ+ kolektiboari eragiten dioten gezurrei eta amen-omenei aurre egiteko?
Egin daitekeen lehenengo gauza da elkarlanean aritzea zure inguruneko eragile ezberdinekin, sexu- eta genero-aniztasunaren berri emateko esparru horietan ere. Sexu- eta genero-aniztasunaren borroka esparru ezberdinetatik landu daiteke: gazteria, ekologia, migrazioa… Ez diogu eztabaidari uko egin behar. Eztabaidarako prest egon behar dugu, betiere, datuekin eta edukiekin.
Amaitzeko, zure ustez, zeintzuk lirateke LGTBIQ+ kolektiboak datozen urteetarako dituen erronka nagusiak?
Sexu- eta genero-aniztasunean bizi nahi duten pertsonen artean kontzientzia indibiduala zein kolektiboa sustatzen jarraitu behar dugu, adibidez, erreferenteen bidez. Azaldu dudan moduan ereduak sortu eta beste gizataldeekin elkarlanean aritu beharko genuke. Memoria historikoaren lanketa ere garrantzitsua da, nondik gatozen ikasteko eta egun dugun hori ezerezetik sortu ez dela ulertzeko.
Ildo berean, zaurgarritasun egoeran diren horiekiko elkartasuna ere sustatu beharko litzateke, azken finean, LGTBIQ+ kolektiboa erasotua den bezala, beste kolektibo zaurgarri batzuk ere erasotuak direlako. Garbi dago hainbat gauza hobetu beharra dagoela, baina ukaezina da duela zenbait urte baino hobeto bizi garela. Lortu diren aurrerapenak sendotu behar dira, are gehiago kontuan hartzen bada diskurtso ultraeskuindar eta faxistek gora egin dutela eta horrek arriskuan jar dezakeela orain arte lortutako guztia. Horretarako funtsezkoa litzateke erakundeetan horren aldeko politikak zeharkakoak izatea. Funtsean, besteen eskubideak defendatzea gure eskubideak ere defendatzea dela pentsatu behar dugu.