Hilekoak eragiten dituen gastuak ordaintzeko zailtasunak

Emakunderen txosten baten arabera, EAEko 105.000 emakumek arazoak dituzte menstruaziorako produktuen gastuari aurre egiteko

Emakumeek, batez beste, beren bizitzan zehar 3.000 egun inguru ematen dute hilekoarekin, hots, zortzi urte inguru. Agian oso agerikoa ez bada ere, hilekoak gastu batzuk eskatzen ditu: tanpoiak, konpresak… Bizitza osoan zehar emakume batek 2.000 eta 5.000 euro inguru gastatu behar izaten du menstruaziorako produktuak erosteko. Eta batzuetan, ez dago horretarako dirurik.

Emakundek, EDE Fundazioaren laguntzarekin egin duen ‘Pobrezia eta higiene menstrualari buruzko azterlana EAEn’ txostenaren arabera, EAEn bizi diren 105.000 emakume inguruk zailtasun ekonomikoak ditu produktu horiek eragiten dituzten gastuei aurre egiteko.

Pobrezia menstruala ez dago soilik pertsona baten gaitasun ekonomikoari lotuta. Hainbat kasutan, dirua izan arren ez dago produktu horiek eskuratzeko aukerarik edo horiek erabiltzeko gune aproposik (komun garbiak, produktu horiek botatzeko edukiontzi egokiak…) Hilekoaren zikloari eta hura kudeatzeko dauden baliabideei buruzko hezkuntza eskasarekin ere badu zerikusia.

Pobrezia menstruala

Txostenak agerian uzten duenez, pobrezia menstruala emakume guztiei eragiten dien kontua da, azken finean, emakume guztiek aurre egin behar baitiete gastu horiei ugalkor diren bitartean. Baina, noski, modu latzagoan eragiten die pobrezia arriskuan diren emakumeei eta, EAEn, emakumeen % 8,6 inguru dira.

Multoz horren barruan aurkituko lirateke, besteak beste, etxerik ez duten emakumeak, migratzaileak, prostituzioan aritzen direnak, indarkeria matxistaren biktimak, preso diren emakumeak, ezkutuko ekonomian aritzen direnak, gurasobakarrak, desgaitasunen bat dutenak, osasun mental arazoak dituztenak edo krisi humanitario batean sartuta daudenak.

Genero-identitate desberdinak dituzten pertsonei ere eragiten die, hala nola gizon transgeneroei eta nortasun ez-bitarreko pertsonei.

Iaz Jordi Gol i Gurina Oinarrizko Osasun Laguntzako Unibertsitate Institutuak egin zuen ‘Ekitatea eta osasun menstruala’ txostenean jasotako datuetatik abiatuta, Emakunderen txostenak dio Euskadin 105.000 emakume inguru direla euren bizitzan zehar menstruaziorako produktuen gastuari aurre egiteko nolabaiteko zailtasunak izan dituztenak.

Hala, 188.000 emakumek baino gehiagok zailtasun ekonomikoengatik horrelako produktu merkeagoak erosteko beharrean izan omen dira, eta, aldi berean, inkestatutako emakumeen % 51,3k aitortu du hilekoaren produktuak erosteari utzi diola elikadurarekin edo etxebizitzarekin lotutako beste gastu batzuei aurre egin ahal izateko.

Bestalde, emankor diren 349.108 emakumek, noizbait, hilekoaren produktua gomendatutakoa baino denbora luzeagoan mantendu omen dute, berritzeko leku egoki eta egokirik aurkitu ez dutelako. Horrek infekzioak edo bestelako gaixotasunak izateko aukera areagotzen du; esaterako, shock toxikoaren sindromea (SST), tanpoiak luzaroan erabiltzeari lotua.

Txostenean jasotzen denez, 37.270 emakume inguruk normaltasunez onartzen dute hilekoa min biziekin batera doala, eta 18.900 bat emakumek ez lukete beharrezkotzat joko hileroko min handia dutenean profesional bati kontsultatzea.

Beste datu kezkagarri bat: 272.700 emakume inguruk ez omen dute hileroko hezkuntzarik jaso edo heziketa partziala jaso zuten, familiara mugatuta, lehen hilekoa baino lehen.

Batez besteko gastua

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) egin dituen estimazioen arabera, hilekorako higiene produktuen batez besteko gastua urtean 50 euro ingurukoa izan daiteke. Kontuan hartzen bada emakume bat ugalkorra dela, batez beste, 40 urtez, bizitza osoan 2.000 euro inguruko gastua izango luke.

Rezero Fundazioak, berriz, erabili eta botatzeko hileroko produktuetan egiten den urteko gastua 21 eta 125 euro bitartekoa dela estimatu du.

FACUA-Consumidores en Acción erakundeak egin duen azterlan baten arabera, ezaugarri bereko konpresa-pakete baten prezioak % 400ko aldakuntza izan dezake markaren edo merkaturatzen den establezimenduaren arabera. Tanpoien kasuan, aldakuntza hori % 185,3ra irits daiteke.

Emakunde eta EDE Fundazioaren txostenean azaltzen diren ondorioak lortzeko ikertzaileek hainbat dokumentu kontsultatu eta datu estatistiko berrikusi dituzte, erreferentzia-esparru bat finkatu ahal izateko. Aldi berean elkarrizketa sakonak egin dira adituekin eta talde feministekin, bai eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeekin ere. Gainera, EAEko 128 emakumeri inkesta bat egin zaie eta Cáritas Otxarkoagaren Familia Hezkuntzako Programan (PEF) parte hartzen duten emakumeekin taldeko hausnarketa-saio bat ere egin da.

Txostenean pobrezia menstrualaren eragina gutxitzeko zenbait gomendio jasotzen dira, hala nola, produktu horiei aplikatzen zeien BEZa kendu edo murriztu, produktu horiek zenbait puntu estrategikotan doan banatu, eta komun publikoak 24 orduz zabalik izatea.